Prentsa oharra 2016ko urtarrilaren 15a

Uxue Barkosek Itun Ekonomikoa aldeztu du nafarren ongizatea eta oparotasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrenetakoa delakoan

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak finantzabide-modu horrek etengabe pairatzen dituen erasoak salatu ditu eta itun ekonomikoa “Estatuarekiko harreman-estatusaren bizkarrezurtzat” jo du.

Uxue Barkosek Itun Ekonomikoa aldeztu du nafarren ongizatea eta oparotasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrenetakoa delakoan

“Finantzen eta ekonomiaren krisialdia baliatu dute gure autogobernu-ahalmenaren aurkako erasorik zital eta garratzena burutzeko, Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma espresuaren eta aldaketa horretatik eratortzen den aurrekontuen egonkortasun zein finantza orekari buruzko legeriaren bidez. Horren ondorioz, murrizketak ezarri dizkigute Nafarroako administrazioaren berezko eskumenetan, Nafarroako Parlamentuak onartutako legeen aurkako errekurtsoak jarri ditu sarritan Estatuak, eta Estatuaren eskariz, gure komunitateko berezko zuzeneko zergak erregulatzeko ahalmena zalantzan jartzen duten zenbait epai eman ditu Konstituzio Auzitegiak” esan du Uxue Barkosek, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak, Sabino Arana Fundazioaren gogoeta eta eztabaida mintzagunearen baitan emandako hitzaldian, “Merezi dugun Nafarroa” izenburuarekin.

Hitzaldian, Barkosek laburbildu du Nafarroako gobernuak azken sei hilabeteetan egindakoak, UPN alderdiak agintaritzan hogei urte eman ondoren eta, bestetik, gobernu-taldeak datozen lau urteotan izango dituen erronketako batzuk aletu ditu.  

Askotan, demagogian oinarritutako erasoak, guztiz zehaztasun gabekoak, pairatzen ditu gure Itunak, eta “nafarrak solidarioak ez garela edo pribilegiatu hutsak garela leporatzen digute; horrek argiro erakusten du ez dakitela deus gure autogobernuari buruz”, gaineratu du. 

Ildo horretan, Uxue Barkosek adierazi du Itun Ekonomikoa “ez dela pribilegioa, are gutxiago ez-solidarioa. Itun ekonomikoa etengabe eraiki beharreko elkartasun eta erantzukizunez beteriko lanabesa da, nafar guztien ongizatea eta oparotauna bermatzeko tresnarik eraginkorrenetako bat. Hau da, Estatuarekiko harreman-estatusaren bizkarrezurra da”. 

Horretarako, Barkosek baietsi du “Itun Ekonomikoan hobetu ahal diren alderdi guztiak berrikusi eta Estatuari proposatuko dizkiogula, hala nola, diru-bilketa doitzeko bideak, ekarpena kalkulatzeko metodologia edo zerga jakin batzuen arteko loturak”.

Barkosek gogorarazi du Nafarroan orain dela sei bat hilabete gertatu zen gobernu-aldaketa “lau indar politikoren arteko elkarrizketa eta elkar ulertzearen emaitza dela: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra. Alderdi horiek guztiak gauza izan ziren programa politiko bateratua negoziatu eta adosteko eta, horri esker, gizarte-ildoa eta integrazioa lehenesten duten politikak garatzen hasi gara, azken batean, bizi-kalitate handiagoa eskaintzeko nafar guztiei”. Beste alde batetik, Barkosek azaldu du Nafarroako Parlamentuak zerga-erreforma onartu zuela joan den abenduan parlamentuko kideen arteko akordio horri esker. Barkosen esanetan, zerga-erreformak “gehikortasuna edo progresibitatea eta ekitatea hobetzea ahalbidetuko digu, eta neurrizko zerga-presioa, gero eta handiagoa, ezarriko die errenta handiagoei. Bidenabar, moduak egokituko dira enpresen fiskalitatea emaitza ekonomikoekin bat etor dadin eta, azkenik, kenkari berriei esker, susperraldi ekonomikoa eta kalitatezko enplegu egonkorra erraztuko dira”.

 Zerga-erreformarekin bat, Uxue Barkosek nabarmendu du Nafarroak aurrekontuak izango dituela 2016an, azken hiru urteotan kontu publikorik gabe egon ondoren: “oraingo gobernu-taldeak diseinatu duen aurrekontu-politikaren ardatzak ondokoak dira: gizatalde behartsuenen gizarte-eskubideak bermatzea; enplegua sortzea, batez ere, krisialdiak gogorren jotako aldeetan; eta osasun nahiz hezkuntzako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea”.

Alabaina, Barkosek adierazi duenez, gobernu-taldearen erronka nagusia hauxe da: “aurreko arduradunek gaizki kudeatutako krisi ekonomikoari aurre egitea. Kudeaketa txar horren adibide ditugu krisialdian hartutako neurriak eta, okerragoa dena, lehentasunak ezartzeko sentiberatasun falta”.

“Behar-beharrezkoa da pertsonak gure politiken erdigunean kokatzea eta Nafarroa, berriz, gure ingurukoekiko harreman estu eta emankorrenen testuinguruan. Dagoeneko, Nafarroa “Akitania/Euskadi” euroeskualdean berriro txertatzeko izapideak bideratzen hasi gara, aipatutako hiru lurralde horien garapena ahalbidetu eta kohesio ekonomiko, sozial eta kulturala indartzen duten proiektuak abian jartzeko asmoz. Horrela, lankidetza-eremu zabala eraikiko genuke, Europa barruan zeregin esanguratsua izango lukeena” azpimarratu du Barkosek.

Halaber, nabarmendu du “elkarrizketaren bideari ekin diogula Euskal Autonomia Erkidegoarekin, bide hori bizia eta arina izateko esperantzarekin”.

Barkosen gobernuak Europan garatu nahi duen beste alderdi bat industria-bilbea da, “zenbait bosturtekotan plangintza zehatzik izan duelako eta krisialdiaren okerrenari hanka egin badio ere, orain indartu behar dugu”.

Horren haritik, lehen seihileko honetan, Barkosek esan du “ibilbide-orri argia prestatzeko gai izan direla, eta plangintza horrek Foru Komunitatearen garapen ekonomikoa egituratuko duela, besteak beste, industrian, nazioarteko hedapenean, Teknologia berrietan eta ikerkuntzan, 8 hilean onartuko diren 10 plan estrategikoren bitartez”. 

Hezkuntza eta Osasuna arloek erabateko lehentasuna dute Barkosek zuzentzen duen gobernuarentzat, enplegua eta gizarte-kohesioa bazter utzi gabe. “Horregatik, premiazkoa da behin-behinekotasunari eta oinarrizko errenta eskasen arazoari lehenbailehen oratzea, parte-hartze zabaletik eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko ahaleginetik abiatuta”. 

Amaitzeko, Uxue Barkosek esan du “gauzak horrela, haien proposamena argia dela, hitzarmenean, elkarrizketan eta arlo guztietako negoziazio politikoan oinarritzen dela, bai eta bizikidetzaren konpromisoari heltzeko orduan, horixe baita egungo gizarteak duen erronka handienetako bat”. 

Bideoa ikusi