Prentsa oharra 2022ko martxoaren 3a

Selma Huxley historialari eta ikerlari britainiarra Bilbora iritsi zeneko 50. Urteurrena

HITZALDIA: Selma Huxley: euskal marinelak Ternuan utzitako aztarnak aurkitzen. • Selmaren seme Michael Barkham-ek, Cambridge Unibertsitateko Geografiako doktoreak, hitzaldia emango du Sabino Arana Fundazioan, martxoaren 10ean, ostegunarekin, 19:00etan, emakume aparta horren bizitzari buruz: jatorria, euskal marinelen inguruko interesa, ikerketa aurrendariak…

Selma Huxley historialari eta ikerlari britainiarra  Bilbora iritsi zeneko 50. Urteurrena

XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan, Selma Huxleyk historialari moduan lan egiten zuen Kanadako Lekune Historiko Nazionalentzat Louisbourg berreraikitzen, hots, XVIII. mendean, gotorleku eta frantsesen portua izandakoan herrialdeko kostalde atlantikoan. Leku horretako dokumentazio historikoan, Euskal Herriko arrantzaleei buruzko aipamenak aurkitu zituen. Selmak eta zendutako senarrak handia zuten Euskal herriarekin eta kostalde horretan dokumentaturiko euskal jardueren gaineko interesa agertu zuten.


Idatzizko lekukotasun horien ondorioz, historialariak ikerketa-proiektu propioa sortu zuen eta Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako agiritegietan garatu zuen, Kanadan XVI. eta XVII. mendeetan izan ziren bakailao eta baleen arrantza ezezagunak dokumentatzeko. Horretarako, gaztelania ikasi behar izan zuen, eta, 1969an, Mexikora joan zen bizitzera lau seme-alabekin, eta 1972an –orain dela 50 urte–, zamaontzi batean sartu zen, Bilboko porturako bidean.


Hitzaldian, Selma Huxleyren semeak, Michael Barkhamek, Cambridgeko Unibertsitateko Geografiako doktore eta ikertzaileak, bere ama eta ikertzaile bikainaren biografia azalduko du: jatorria, euskal itsasgizonekiko interesa eta ikerketa aitzindariak, agiritegietan, aztarna historiko eta arkeologiko garrantzitsuak aurkitzeko aukera eman ziotenak.


Selma Huxleyk orrialde argitaragabea idatzi zuen munduko itsas historian, hain zuzen ere, euskaldunek XVI. mendean Labradorren eta Quebecen ezarritako eskala handiko lehen balea-industriarena: bertako portuak, baseen aztarna arkeologikoak eta portu haietan hondoratutako euskal galeoiak, horien artean San Juan ontzia (1565). Ternuako euskal lekune horietako bat UNESCOk izendatutako Gizateriaren Ondarea da.
Huxleyk, azkenean, arrantza-leku haiek guztiak berrosatu zituen –Kanadako eta Euskal Herriko historiaren kapitulu berria–, eta, 1981ean, Kanadako Gobernuak “nazio horren historiari azken urteetan egindako ekarpenik bikainenetakotzat” jo zuen Huxleyren lana.


Sabino Arana Fundazioak saria eman zion 1998ko edizioan, “euskaldunek Ternuan izandako jarduera ezagutzera emateko egin zuen lan zorrotzaren eta egindako ekarpenaren esker onez”.


Michael Barkham (Ottawa, Kanada, 1959)


Geografiako lizentzia atera zuen Ternuako Memorial University of Newfoundland deiturikoan (espediente akademiko onenaren domina eskuratuta), eta Cambridgeko Unibertsitatean atera zuen doktoretza, Euskal Herriko XVI. eta XVII. mendeetako itsas historiari buruzko tesia landu zuela. Euskal Herriko eta Kanadako XVI. eta XVII. mendeetako itsas historian aditua da, euskaldunek Ternuan emandako garaia ere aintzat hartuta.


Euskaldunek XVI. mendean erabilitako balea-baseak identifikatzeko helburuz, Labradorrera egindako lehen espedizioko kide izan zen, Huxley buru zela (1977). Baleazaleen portu horietako bat, egungo Red Bay deritzona, hau da, San Juan ontzia hondoratu zeneko lekua, Kanadako Lekune Historiko Nazionala da 1979tik, eta Gizateriaren Ondarea 2013tik, Barkhamek Kanadako gobernuarentzat prestatutako txostenei esker.


Era berean, aholkulari historiko jardun du Donostiako Untzi Museoan, Ingalaterrako Itsas Museo Nazionalean, Kanadako Ondare Nazionaleko Ministerioan, Ternua eta Labrador probintzian eta Red Bayko Lekune Historiko Nazionalean. 2016an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide oso izendatu zuten.


Bitxikeria gisa, aipatzekoa da Michael Barkhamek Gipuzkoako Probintziako Agiritegi Historikoan, Oñatin, aurkitu zuela Kanadan idatzitako dokumenturik zaharrena. Domingo de Luza marinel hondarribiarrak 1563ko maiatzaren 15ean, Ternuan, egindako testamentua da.
 

Antolakuntza dela eta, etortzekoa
bazara, jakinarazi, mesedez.
T: 94 405 64 50
difusioa@sabinoarana.eus