Prentsa oharra 2015ko apirilaren 24a

Marc Guerrero i Tarragó: “Europak erantzun egokia eman behar dio nazioen itzarkundeari”

Kataluniar europarlamentariak uste du beharrezkoa dela “geure burua berrasma dezagun” eta “benetako iraultza egin dezagun, egokiro aurrera egitea eragozten diguten joera negatiboak alderantzikatzeko”

Marc Guerrero i Tarragó: “Europak erantzun egokia eman behar dio nazioen itzarkundeari”

Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak  (IED) “Nazioak, erregioak eta kultur gutxiengoak itzartzen ari direla Europa pluralagoan, Europar Batasuna irtenbide”  izenburupean antolatutako mintegian gaur goizean parte hartu duten berrogei bat pertsonek (Europar Zuzenbideko katedradun nahiz  letratu, magistratu, analista politiko zein europarlamentari eta beste) Europako integrazio-prozesuan beraren barruan dauden errealitate nazionalek bizi duten egoera aztertzea izan dute helburu.

“Europa bere historiako funtsezko une bat bizitzen ari da.  Bizi gaituzten garai global hauek dakarzkiguten aldaketak ez zitzaizkigun burutik ere pasatzen orain dela egun gutxi” esan du, jardunaldiaren inaugurazio-hitzaldian, Marc Guerrero i Tarragó kataluniar europarlamentariak, zein aldi berean  Europaren aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantza alderdiko  (ALDE party) presidenteordea  ere bai baita. 

“Ingurune horrexetan dugu jokoan gure etorkizuna” adierazi ostean,  Marc Guerrerok azpimarratu du ezen guztion artean lagundu dugula gaur egun Europak esan nahi duena sortzen eta “denok batuta bakarrik gainditu ahalko dugula globalizazioak dakarren erronka   gaitza”. Horretarako,  adierazi du ALDEko presidenteordeak, “beharrezkoa  da  geure burua berrasma dezagun”.

Ildo horretan, europarlamentari konbergentziakideak (CDC)  erantsi du ere “bizi garela  iraganeko balioek eta instituzioek eta  abiadura bizian datorren etorkizun bateko ziurgabetasunek urratutako gizarte batean”. Behar da  benetako iraultza bat, oraingo joera negatiboak alderantzikatzeko. Halako agertoki batean, bada,  europar nazioen itzartze bat gertatzen ari da. Europak erantzun egokia  eman behar dio  une berri honi.  Jarrera ausarta eta mentalitate irekia beharko ditugu”.

Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, bere aldetik nabarmendu du, Europarena “eraikitzen ari den proiektu bat dela”,  proiektu bat gaur egun aurrean desafio ugari dituena. “Bizi gara krisian dagoen, bere  kohesio- eta ongizate-eredua 

zalantzan ipini duen, Europa batean, halako Europa batean non, sustraitzen ari baitira diskurtso xenofoboak  eta Europarekiko sinesgogorrak,  halako Europa batean non,  jadanik ez den agindutako lurraldea, amets-hilerri bat baino”, adierazi du

Juan Mª Atutxaren iritziz, Europak erakusten duen  estatu-elkarte gisako eredu hori ez da izan daitekeen eredu bakarra,  gaur egun eredu sendoa iruditzen bazaigu ere.  “Kukua oker jotzen ari da Estatu nazio klasikoentzat eta  aldeko haizeak dabiltza   subiranotasun partekatuentzat eta eraentza mailanitzentzat, biodibertsitate politiko eta kulturalarentzat eta  nazio- eta erregio-errealitateentzat,  europar herritar asko eta askorentzat horiexek baitira erreferente lehena eta nagusia. Europa da, eta  badirudi hala  izaten segituko duela, Estatuen Europa, baina baita, gero eta gehiago,  aukera-gune bat; aukera-gune bat sormen eta berrikuntza politikorako;  aukera-gune bat, antolaera- eta artikulazio-era berriak arakatzeko, saiatzeko eta errealitate bilakarazteko, hango herritarren  eta nazioen eta erregioen interesei hobeto erantzutea helburu, betiere”,

Elkarraldira ia berrogei aditu bildu dira, Europar Zuzenbide katedradun, abokatu, magistratu, politikari eta beste; besteak beste, Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren EBBko lehendakaria eta Europar Demokraten Alderdiko (EDA-EDP) presidenteordea; Flaminia Baffigo, IEDeko koordinatzailea; Izaskun Bilbao Barandica, europarlamentaria; Jaume Renyer, Zuzenbidean doktorea eta Universitat Rovira i Virgiliko irakaslea; Xabier Ezeizabarrena Zuzenbidean doktorea eta UPV/EHUko Ingurumen  eta Administrazio Zuzenbideko irakaslea eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Publikokoa; Johan Häggman, zeinek  14 urtetik gorako esperientzia baitu metatua gutxiengoen hizkuntzak sustatzen eta hizkuntza-politikako  kontuetan Europar Batasuna aholkatzen; Vicent Climent-Ferrando, Hizkuntza Politiken Europar Sarearen aholkulari politikoa eta Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea; eta Mikel Antón, IEDren Zuzendaritza Kontseiluko kidea.