Prentsa oharra 2023ko azaroaren 7a

Agiritegi edo artxibo pribatuak, ezinbesteko giltzak gure oraintsuko historia berreraikitzeko

  • Euskadiko Artxibo Historikoak eta Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak lan eta gogoeta egiteko jardunaldia antolatu dute funts pribatuen garrantzia eta aberastasuna ezagutzera emateko.
Eduardo Jauregi, Miquel Pérez, Mireia Zarate, Borja Aguinagalde, Iñaki Goiogana, Miren Barandiaran, Mikel Aizpuru eta Luis de Guezala. Eduardo Jauregi, Miquel Pérez, Mireia Zarate, Borja Aguinagalde, Iñaki Goiogana, Miren Barandiaran, Mikel Aizpuru eta Luis de Guezala.

Dokumentu-ondarea memoria kolektiboaren atal esanguratsua eta zehatza dela balioesteko helburuz, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak antolatutako jardunaldien esparruan, gaur goizean, Euskadiko Artxibo Historikoarekin batera, agiritegi historikoetan gordeta dauden dokumentu-funts (xix. eta xx. mendekoak)  pribatu eta pertsonalei buruzko mintegia egin da.

«Erakunde publikoen jabetzako funtsak ez diren arren, artxibo horiek guztiak ezinbestekoak dira eta balio ukaezinekoak, gure historia berrienaren buruhausgarri edo puzzle korapilatsua ezagutzeko guztiz beharrezkoak, askotan, idatzizko lekukotasun ugari galdu edo/eta suntsitu baitira», nabarmendu du Mireia Zaratek, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia kudeatzen duen Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.

Zaratek gogorarazi duenez, agiritegia edo fundazioa bera sortu aurretik ere, Euzko Alderdi Jeltzaleak deia egin zien alderdikideei eta/edo jarraitzaileei gure historiari lotutako zeinahi dokumentu (pribatuak, pertsonalak, familiakoak...) bildu eta zaintzeko, etorkizuneko agiritegi baten ernamuina izango zen euskarri batean gordetzeko xedez. «Ordutik gaurdaino, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak ehunka dohaintza eta milaka dokumentu jaso ditu», adierazi du.

Hori dela eta, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eskerrak eman dizkie artxiboen edo agiritegien talde-lanean konfiantza jarri duten familia guztiei, «euren ondare berezia laga dutelako, etorkizunean iraun dezan eta, hartara, gure esku dauden bitarteko guztiak erabiliz antolatu, deskribatu eta zabal dadin». Era berean, Mireia Zaratek azpimarratu duenez, «artxiboetan egindako lanari esker, sendiaren nahiz norbanakoen oroipen eta bizipen horiek guztiak, handiak nahiz txikiak, jatorrizko eremutik haratago doaz eta mundura zabaltzen dira, gizarte osoaren eskura jarrita».

Beste alde batetik, Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak artxibo pertsonalen garrantzia azpimarratu du; izan ere, «artxibo horietan gordetako funtsen zati handia administrazio-artxiboetatik at dauden eguneroko bizitzako edo politikako alderdiei buruzkoa da, eta, gainera, administrazio-arlokoak azaltzen laguntzen dute». Era berean, artxibo pertsonaletan, bi mota bereizi ditu: alde batetik, «familia handien artxiboak», familia noble edo burgesenak (horietako asko hainbat bidetatik iritsi zaizkigu). Eta bestetik, jende arruntaren artxiboak. «Azkenek, oro har, ez dakarte informazio askorik, eta gordetako dokumentuak ere ez dira oso zaharrak, baina horiek gabe nekez azal genezake azken aldiko historiaren zati handi bat», adierazi du.

Borja Aguinagalde Euskadiko Artxibo Historikoaren (EAH) zuzendariak «Publikoak ez diren artxibo-funtsak biltzeko EAHren politika» azaldu du, eta Miquel Pérez Kataluniako Arxiu Nazionaleko Hedapen arduradunak Arxiu-aren jardunbidea aurkeztu du. Hala, Arxiuk, lau hamarkadatan, izaera pertsonala duten 600 funts baino gehiago txertatu ditu dagoeneko, guztira, 3,5 kilometro linealeko dokumentazio-bolumena.

Emandako azalpenean, Pérezek era horretako funtsen funtsezko ezaugarriak aletu ditu (kontzeptua, babes juridikoa, ekoizleak nolakoak diren eta haien ondare-balioa), bai eta funts horiek artxiboan zelan gorde behar diren ere (artxiboa arautzen duten politikak, lagatzaileekiko harremanak, modalitate juridikoak, prozedura eta funtsak erabiltzeko nahiz kopiatzeko baldintzak). Azkenik, artxibo-tratamendua ere jorratu du (harrera, sailkapena, deskribapena, digitalizazioa eta hedapena).

Miquel Pérezek artxiboen orainaren eta geroaren berebiziko eginkizuna azpimarratu du, «teknologiak, adimen artifizialak eta 'big data' delakoak esparru guztiak hartzen dituzten heinean, historian, beste pertsona batzuek izandako bizipenak berreskuratzeko, ezagutzeko eta berpizteko premia handiagoa izango dugulako», ziurtatu du.

Hitzaldiari amaiera emateko, Kataluniako Arxiu Nazionaleko Hedapen arduradunak esan duenez, «azaletik aztertuta ere, funts pertsonalek ibilbide paregabe, bizipen ikaragarri, gertakari intimo eta egiaz betetakoen berri ematen digute. Funts arimadunak dira».

Miren Barandiaran Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren dokumentazio-zentroko arduradunak eta Iñaki Goiogana Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiko artxibozainak fundazioek (ekimen pribatuak diren aldetik) alor honetan duten esperientzia azaldu dute.

Barandiaranek Lazkaoko Beneditarren Fundazioari eta bertan gordetako funtsei buruzko ikuspegi orokorra eskaini du. Fundazioaren jatorriaz eta horren fundatzaile Juan Jose Agirre beneditarraz hitz egiten hasi da, baita bere historiaz eta 2011n fundazio bihurtu izanaz ere.

Ondoren, funtsen ezaugarriez aritu da: «funtsak askotarikoak dira, batez ere, xix-xx. mendeetakoak, batez ere, politikaren eta gizarte-mugimenduen esparrukoak». Era berean, liburutegiari eta hemerotekari, kartelei eta eranskailuei, dokumentu-bildumei eta artxiboei buruzko eduki orokor batzuk azaldu ditu, eta azken funts horietan sakondu du, LBFk gaur egun gordetzen dituen bilduma eta artxibo batzuen zerrenda eskaini duela.

Funtsak jasotzeko moduaz eta historian materiala biltzeko izan duten laguntzaileen sare zabalaz ere hitz egin du; ildo horretan, sarea «zentroaren nortasun-ezaugarri nagusietako bat» dela esan du.

Amaitzeko, Barandiaranek azpimarratu nahi izan du Lazkaoko Beneditarren Fundazioa jatorri pribatuko zentroa dela, «baina bokazio publiko argikoa», eta antzeko beste euskal zentro batzuekin osatzen dela, hala nola Euskadiko Artxibo Historikoarekin eta Abertzaletasunaren Agiritegiarekin.

Azkenik, Iñaki Goioganak azpimarratu du Euzko Alderdi Jeltzaleak Abertzaletasunaren Agiritegia sortzeko izan zuen ebatzi sendoa, alderdiko buruzagi eta militante historikoek eginiko lana zerbitzu publiko gisa ulertzeko bideari jarraituz, militantziari eta gizarteari, oro har, zor zioten konpromisoaren froga eta eginkizunaren erakusgarri sortu zuten dokumentuetan oinarrituta. Manuel Irujok, Joseba Rezolak eta beste militante historiko batzuek sortutako dokumentazioa gorde zuten, egindako lan eskergaren berri emateko. Helburu horren ildoan, memoria historiko abertzalea gal ez zedin, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia sortu zen, eta helburu horri atxikita segitzen du egun ere gure lanak. Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak ehunka funts pribatu, txiki eta handi, gordeta dauzka, beste hainbeste euskal abertzalek sortu eta jagondakoak, eta, antolatu ostean, gizarte osoaren zerbitzuko jartzen ditu, funtsok ezagutzea eta aztertzea izan dadin.

Eduardo Jauregi eta Luis de Gezala historialariek moderatu dute jardunaldia.