Prentsa oharra 2023ko martxoaren 17a

Euskadiko deskarbonizazioak eta burujabetza energetikoranzko trantsizio bidezkoak jarduera inklusiboen eskutik joan behar dute

Ivan Martenek eta Fernando Tempranok ingurumenaren eraldaketa aztertu dute SAFen, «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» izeneko zikloaren esparruan.

Fernando Temprano, Ainara Zelaia e Ivan Marten. Fernando Temprano, Ainara Zelaia e Ivan Marten.

Eredu ekonomiko jasangarri eta deskarbonizaturanzko bidea abian da Euskadin. Horixe adierazi dute Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidenteak, Ivan Martenek, eta Fernando Tempranok (Talantiaren sortzaileetako bat eta, 30 urtetik gora, Repsoleko I+G eta Teknologia zuzendari izandakoa), ingurumenaren eraldaketa aztertzeko helburuz, Sabino Arana Fundazioan egindako jardunaldian, «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» zikloaren esparruan.

Ivan Martenen tesia da gizartea deskarbonizatu behar dugula, «ahalik eta azkarren, baina gizarte-kosturik txikiena eraginda». Hala, Martenek adierazi duenez, «helburu nagusia argi dago, baina trantsizioaren bidea, ostera, zehazteke dago oraindik».

Ivan Martenen arabera, Euskadi jasangarria, inklusiboa eta lehiakorra izan dadin, «trantsizio energetiko ordenatua (erritmo egokian), zentzuduna (lehiakortasunaren eta ongizatearen ikuspegitik eragin txikiena duena) eta bidezkoa (gizarte-kosturik txikiena eragiten duena) behar dugu. Nahitaez etorriko den eraldaketa horren aldiak Euskadiko teknologia- eta industria-errealitatera egokitu behar ditugu, aurrean ditugun aukerak aprobetxatu ahal izateko».

«Trantsizio hori ondo egin ezean, Europak garrantzirik ez izateko eta AEBren eta Txinaren aurrean lehiakortasuna eta pisu geopolitikoa galtzeko arriskua du», adierazi du.

Beste alde batetik, Fernando Tempranok gogorarazi du Europar Batasuneko ingurumen-politikek eta -erregulazioek zehaztu dituztela EBko herrialdeen industria- eta energia-ereduak, eta adierazi du «egiaztatu dela politika horren ondoriozko eredu energetikoa (oinarririk behinenekotzat energia-hornidura segurua eta eskuragarria bermatzea zuena) ez dela baliagarria izan». Fernando Tempranoren aburuz, «gasari dagokionez, bereziki frogaturik geratu da ez dela gauza izan hornidura segurtasunez bermatzeko.

Ingurumena zaintzeko Talantia deritzon start-up delakoaren sortzaileetakoaren ustez, «deskarbonizazioaren eta, beraz, sorkuntza berriztagarriaren eta mugikortasun elektrikoaren aldeko apustu bizkorrak gasaren arrisku bera edo handiagoa dauka horniduraren segurtasunaren ikuspegitik».

Baliabide propioak (lehengai kritikoak eta energia) aztertu eta garatu eta benetako garapen teknologiko nahiz industrialari uko egiteak energia berriztagarriak hedatzeko ezinbestekoak diren teknologia eta produktu nahiz ekipo ugari arriskuan jarri ditu.

Azkenik, Fernando Tempranok ingurumen-politiken eta -erregulazioen arloan etorkizunean izan daitezkeen joerak aztertu ditu, bai eta, industriari eta aberastasun kolektiboari dagokienez, erabakiak eta, batez ere, aldaketaren erritmoak funtsezko teknologietan baino, ideologian oinarritzeko arriskuak ere.