Prentsa oharra 2022ko urriaren 21a

Kontaeraren eraikuntza partekatzea eta oinarri etikoa finkatzea, erabat lehentasunezkoak bizikidetza barneratzailea erdiesteko

Juan Mª Atutxak eta Paul Ríosek euskal gizarteak izan duen elkarbizitzaren aldaketa aztertu dute ETA erakundeak indarkeriaren amaiera iragarri eta hamaika urtera

Ainara Zelaia, Paul Ríos, Juan Mª Atutxa, Bingen Zupiria  eta Mireia Zarate. Ainara Zelaia, Paul Ríos, Juan Mª Atutxa, Bingen Zupiria eta Mireia Zarate.

Juan Mari Atutxa, Herrizaingo sailburua (1991-1998), Eusko Legebiltzarreko burua (1998-2005) eta Sabino Arana Fundazioaren lehendakaria 2005 eta 2020 urteen artean; eta Paul Rios, abokatua, Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko ekintzailea eta Lokarriko koordinatzaile ohia, Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» deritzon zikloaren bigarren topaldian izan dira gaur. Atutxak eta Riosek «Eraldaketa elkarbizitzan» gaia aztertu dute, besteak beste, ETAren jarduera armatuak 50 urtean baldintzatu zuen elkarbizitzak izandakoa.

Jardunaldiaren aurkezpenean, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak bere buruari galdetu dio belaunaldi berriek ETA erakundeaz ba ote dakiten eta ETAren 50 urteko jarduera luzeak Euskadiri ekarritako ondorioez ba ote dakiten.

«Argi eta garbi dago gaur egungo gazte askok ez dakitela gizarteak zer-nolakoak pairatu behar izan zituen hainbat hamarkadatan, baina ETAren terrorismoa jasan zuten belaunaldietako kideek, berriz, oso gogoan dute duela 11 urte jazo zen urrats historikoa. Horregatik, kontaeraren eraikuntza partekatua eta oinarri etikoa finkatzea nahitaezkoak dira», adierazi du Zaratek.

"ETAren kontrako nire borrokaren kronika" deituriko hitzaldian, Juan Mª Atutxak irmoki adierazi du ETA ez zela erakunde iraultzailea izan, haren teknika kriminalak, helburuak eta jite totalitarioa diktadura guztietako patologiak bezain zaharrak izan zirelako. Eta diktadura guztiek bezala, aparatu militarra eta zabalkunderako aparatua ere izan zituen. Lehena herritarrak erailtzen, indarrez bortxatzen, lapurtzen, mehatxatzen eta izutzen saiatu zen. Bigarrena, berriz, totalitarismoa eta errealitatetik gero eta urrunago zegoen egitura ez-eraginkorrari eusteko sortu zuten aparatua askapen nazionalerako borroka gisa saltzen ahalegindu zen.

1991tik 1998ra –hots, ETAren jarduera armatuaren urte zinez gogorretan− Herrizaingo sailburu izan zenak nabarmendu du «ETAri amaiera emateko, gezurrak eta manipulazioak sortzeko makineria horren aurka egiteko gauzatutako lana ekintza-azpiegituren aurka gauzatutakoa bezain garrantzitsua izan zela».

Beste alde batetik, Paul Riosek adierazi du «ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik igaro diren 11 urte hauetan, aurrerapenak izan direla Euskadin bakea eraikitzeko prozesuan, baina oraindik ere egiteko lan handia dagoela biktimek nozitutako sufrimendua arintzeko eta bizikidetza barneratzailea erdiesteko».

«Oinarriak finkatzea da gure erronka, etorkizunean berriro gerta ez dakizkigun iraganean pairatu ditugun indarkeriazko egoerak eta giza eskubideen urraketak», adierazi du.

Ildo horretan, Ríosek «adostasun etikoak, gertatutakoaren kontaera eta memoria» nabarmendu ditu, «gatazkak modu demokratiko eta eraikitzailean konpontzeko helburuz, elkarbizitza baketsua bermatzen duten oinarrizko elementu gisa».