Prentsa oharra 2016ko urriaren 6a

Kolonbiako bake akordioak eta Venezuelako egoeraren larritasuna, aztergai behinenak “IX. Bilboko Elkarrizketetan”

Sabino Arana Fundazioak Europako Alderdi Demokrataren (PDE-EDP) lankidetzaz antolatutako “IX. Bilboko Elkarrizketak” urriaren 3an eta 4an egin ziren Bilbon.

Kolonbiako bake akordioak eta Venezuelako egoeraren larritasuna, aztergai behinenak “IX. Bilboko Elkarrizketetan”

Jardunaldi horien bederatzigarren edizioan, besteak beste, Kolonbiako bakegintzaren erronka, Venezuelako egoeraren larritasuna eta Latinoamerikako hauteskundeak zedarritzen ari diren aldaketak eta joerak landu ziren. Hala, urriaren 3an, Gutenberg Martínez jaunak, Miguel de Cervantes Unibertsitateko errektorea eta Txileko Alderdi Demokrata Kristauaren aholkulari nazionalak; eta Salvador Arriola jaunak , Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko ordezkariak, Latinoamerikak, oro har, gaur egun bizi dituen sasoi latzak aztertu zituten eta honakoa adierazi zuten: “herrialde bakoitzaren lana da Latinoamerikako herrialde gehienek egun pairatzen duten krisialditik ateratzeko politika publikoak ezartzea”.

Urriaren 4an, Enrique Santiago jaunak, Kolonbiako bake-prozesuaren inguruko lege-aholkulariak, eta Guillermo León Escobar jaunak, Egoitza Santuaren aurreko Kolonbiako enbaxadoreak, Gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioei buruzko erreferendumean atera den ezetzaren osteko egoera ebaluatu zuten. Diplomazialariak ondokoa esan zuen: “kolonbiar guztiak bat gatoz bakea behar-beharrezkoa dela, baina ez gara iritzi berekoak hori lortzeko moduaren inguruan”. Escobarrek, hala ere, zinez uste du “atzera egitea ezinezkoa dela” eta, ildo horretan, “bide berriak urratu behar direlakoan” dago. Ate bat itxi da, “baina beste hiru zabaldu direla” adierazi zuen enbaxadoreak.

Beste alde batetik, Enrique Santiagok gaineratu zuen ez duela uste, hemendik aurrera, dagoeneko sinatuta dagoen akordioak aldaketa esanguratsuak izango dituenik, eta FARCek hitzartutakoaren alde egingo dutela. “Uste osoa daukat FARCek ahaleginak eta bi egingo dituztela bake-prozesuak aurrera egin dezan. Nire iritziz, inor ez da horren arduragabea izango 50 urtetik gora iraun duen gatazka bati amaiera emateko orain daukagun aukera historikoa alferrik galtzen uzteko”, adierazi zuen.

“IX. Bilboko Elkarrizketak. Eraldaketa politiko eta sozialak Latinoamerikan” izeneko jardunaldi horien baitan egindako hirugarren mahai-inguruan, Luis Ugalde josulagunak, Caracasko (Venezuela) Hezkuntza Gogoeta eta Plangintzaren Erakundeko zuzendariak, eta Carmen Beatriz Fernández andreak, DataStrategia Consultores enpresako presidenteak parte hartu zuten. Biek ala biek Venezuelako egungo egoeraren ikuspegia azaldu zuten eta, Chavismoaren hondakinetatik abiatuta, Venezuela berria eraikitzen ahalegintzeko giltzarrietako batzuk proposatu zituzten.