Prentsa oharra 2014ko ekainaren 11a

Josu Erkorekak eta Iñaki Anasagastik agerira ekarri dute ia guztiek ahaztuta zuten José Luis de la Lombana, ”abertzale bat New Yorken”

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen Zentroak argitaratua, liburuak jelkide gazte baten historia kontatzen du, 1938an Europarako bakea eskatzeko AEBetara joan eta erbestetik Euskal Herriaren askatasunaren alde lan egin zuen gizon batena

Josu Erkorekak eta Iñaki Anasagastik agerira ekarri dute ia guztiek ahaztuta zuten José Luis de la Lombana, ”abertzale bat New Yorken”

Josu Erkorekak eta Iñaki Anasagastik argitara ekarri dute ahaztuta zegoen José Luis de la Lombana y Foncea jelkide (Euzko Alderdi Jeltzaleko  abertzalea eta ekintzailea) arabarra, zeinek Gerra Zibilaren eta Diktaduraren urteetan  ezin sinetsizko zeregina burutu baitzuen erbestetik, Europarako bakea eta orduan Estatu totalitario frankistaren uztarripean  zegoen Euskal Herriarentzat askatasuna galdatzeko.  

Erkorekak eta Anasagastik, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikidearen laguntzarekin “A Basque Patriot in New York. Jose Luis de la Lombana y Foncea and the Euskadi Delegation in the  United States”  (Abertzale bat New Yorken. José Luis de la Lombana  Foncea eta Euzkadiren Ordezkaritza  Estatu Batuetan) liburua argitaratu dute Estatu Batuetan.

Argitalpenak xehetasunez kontatzen du José Luis de la Lombana Foncearen ibilbidea: Madrilen jaso zuen hezkuntzatik hasi eta  1936ko Gerra Zibila ekarri zuen estatu-kolpe militarraren garaiko erresistentzia eta Gasteizen espetxeratua izan zen sasoia, bai handik ihes egin eta Frantziara joan zenekoa,  gero Bartzelonako aktibismoa —hiri horretan, erbestaldiko Euzkadiko Jaurlaritza sostengatzen zuen Euzkadi egunkari jeltzaleko editore gisa egin zuen lan— eta azkenik Lombanaren erbestaldia.

Lombana EAJ-PNVren ordezkari izan zen Bakearen aldeko Gazterien Bigarren Mundu Biltzarrean, zein New Yorken egin baitzen 1938an, Gerra Zibila bete-betean zela. Han, Estatu Batuetan ekintzaile aritu zen garaian, Lombanak  ezin konta ahala ohar egin zituen estatubatuar gizarteari zein euskal abertzaletasunari buruz, eta zubiak eraiki zituen estatubatuarren komunitatearen eta euskal estatubatuar eta euskal katolikoaren artean. Hori guztia oso garai korapilatsu eta iskanbilatsu baten esparruan, Estatu Batuetan bertan  zein Munduko gainerako lekuetan. 

Erkorekak eta Anasagastik euren kontakizunaren  zati handi bat Lombanak berak Estatu Batuetan bizi zela idatzi zuen txosten argitaragabe batean oinarritu dute. 

Liburuak, besteak beste, baita aztertzen du ere Euzkadiko Jaurlaritzaren ordezkaritzak New Yorken bizi izandako lehenengo urteen garaia, Bigarren Mundu Gerraren sasoian Agirre lehendakaria naziengandik ihesi hara iritsi baino hiru urte lehenago.  Baita kontatzen dira ere,  Euzkadiko Jaurlaritza sostengatzea helburu, Frantzian eta Estatu Batuetan egindako ahaleginak, eta propagandaren gaiaz ere hitz egiten da, hala euskal abertzaletasunaren aldekoaz nola altxatuenaz. Oro har, jelkide horren historiaren bitartez, krisi itzel baten ingurunean jende arruntak balentria aparta asko egin zituen sasoi baten grafiko bat marratzen da. Gerra Zibila amaitu zenean Lombana Kolonbiara erbesteratu zen eta han Bogotako Euskal Etxea sortzen parte hartu zuen.