Prentsa oharra 2016ko otsailaren 19a

Itzultzaileak, garrantzi handiko eragileak euskara sustatu eta zabaltzeko XX. mendearen lehen herenean

Aldundien menpeko profesional horiek egindako lanari esker, lurraldeetako biztanleak berezko hizkuntzarekin ohitu ziren.

Itzultzaileak, garrantzi handiko eragileak euskara sustatu eta zabaltzeko XX. mendearen lehen herenean

Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, Unai Rementeriak eta Markel Olanok, hurrenez hurren, gaurko saioan gogora ekarri dute bi lurralde horietako aldundiek euskara sustatzen eta bultzatzen gauzatutako lana XX. mendearen hasieran, hain zuzen ere, Primo de Riveraren eta Francisco Francoren diktadurek aldundiak debekatu eta jazarri baino lehen.

Sabino Arana Fundazioak, Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak elkarlanean antolatutako Euskara Foru Aldundien ibilbidean izeneko jardunaldiaren baitan, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako presidenteorde eta Euskaltzainburuak, Andrés Urrutiak, ondoko liburua aurkeztu dute: Euskara Foru Aldundien zirkularretan: Bizkaia (1917-1919) Gipuzkoa (1918-1923).

Unai Rementeriak adierazi duenez, “euskara zuzenbide- eta administrazio-hizkuntza gisa erabiltzeari gagozkiola, Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoaren lehen bultzada Ramón de la Sotaren eskutik etorri zen, hau da, lehen ahaldun nagusi abertzalearen eskutik, 1917. urtean. Katalunian, sasoi horretan eratutako Mankomunitatearen bidez gertatu bezala, euskara arin bai arin landu zen beren-beregi harreman-hizkuntza izan zedin Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko udalerrien artean, ele bietan idatzitako gutunak erabiliz. Gutun-jakinarazpen horiek osatu zuten, zinez, Lurralde Batzordeak udalerriei askotariko zuzenbide- eta administrazio-gaiei buruz bidaltzen zizkien testuen corpusa”.

“Beraz, liburu honetan jasotakoek Bizkaiko Lurralde Historikoan euskara zuzenbide- eta administrazio-arloko harreman-hizkuntza bihurtzeko lehen ahalegina islatzen dute. Ahalegin hori Bizkaiko Batzar Nagusiek XIX. mendean hasitako ekimenari jarraitu zitzaion eta, hortaz, argiro erakusten dute euskararen hizkuntza ofizial gisa erabilita eta Euskal Herriko lurralde historikoetako foru-araubide pribatiboaren arteko lotura”, gaineratu du.

Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, garai horretako aitzindarien eta herri-ordezkarien egitekoa azpimarratu du, “euskaltzaletasunetik abiatuta, administraziotik ere euskara bultzatzeak zuen garrantziaz jabetu baitziren”. “Bidegileak izan ziren hizkuntza politikak formulatzen eta, ordutik hona ia mende bat igaro eta aurrerapauso asko eman arren, gaur egun ere badugu zereginik hizkuntza berdintasunaren bidean. Foru aldundiok, herritarrekiko harreman-bideetan eta bultzatzen ditugun politiketan, euskararen presentzia modu eraginkorrean bultzatzeko ardura dugu. Eta konpromiso hori etengabe berritzen jarraituko dugu”, adierazi du.

Zuzenbidearen Euskal Akademiako presidenteordeak eta Euskaltzainburuak, Andrés Urrutiak, azpimarratu duenez, “Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berebiziko ahalegina egin zuten orduko beharrizanei erantzuteko moduko zuzenbide- eta administrazio-hizkeraren eredua finkatzen eta euskara harreman-hizkuntza gisa arruntean erabiltzen bi aldundi horien ohiko administrazio-zereginetan.  Ahalegin horretan, Sotaren programa giltzarria izan zen Bizkaian. Sotak Kataluniako esperientziak batu zituen eta Bizkaian erabili; geroago, esperientziok Gipuzkoara hedatu ziren. Ingurumari horretan, Biziola eta Arruza, Bizkaian, eta Mujika, Gipuzkoan, garrantzi handikoak izan ziren, terminologia- eta itzulpen-lan izugarria burutu baitzuten, hizkuntza ikuspegi modernoz jantzita, azken batean, Lehen Euskal Gobernuaren (1936-1937) zuzenbide- eta administrazio-jardun elebidunaren aurrebideak hartu zituen euskararen moldea diskurtso-baliabide apainez hornituta”.

Gaur aurkeztu den liburua Zuzenbidearen Euskal Akademiaren Abeurrea bilduman egokitu da eta Andrés Urrutiak argitara eman du. Lan horrek, besteak beste, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien ekimenez, 1917 eta 1923 urteen artean euskarak izandako bultzada eta biziberritzea jasotzen ditu. Hala ere, bultzada hori bertan behera geratu zen Gerra Zibilak iraun bitartean, hots, 1936-1939 aldian, eta osteko frankismoaren sasoian. Argitalpena lantzeko, Andrés Urrutiak Cesar Gallastegi Aranzabal eta Arantza Etxebarria Iturrateren laguntza izan du.

Izan ere, XX. mendearen lehen herenean eta, hain zuzen ere, 1917. urtetik aurrera, euskarak aurrerapen bizia izan zuen Euskadin herri-ekimenak bultzatu eta herri-erakundeek batik bat, aldundiek eurenganatutako ekintza ugariri esker. Egiatan, Hizkuntza Politika landu zen sasoi horretan eta ekinbide horren helburuetako bat izan zen euskara irakaskuntzan eta gizartean hedatzea.

Testuinguru horretan kokatu behar dugu egun aurkeztu den liburuaren edukia. Bertan, udalekiko eta herritarrekiko harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz bideratzeko helburuz, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek egindako ahaleginak jorratzen dira.

Bide neke horretan, ordea, itzultzaileen lana ezinbestekoa izan zen. XIX. mendean, Bizkaiko Batzar Nagusietan Aita Uriartek hasitako bidea Bizkai-Gipuzkoetako aldundietara hedatu zen XX. mendearen bigarren hamarkadan. Hala ere, ordurako,  euskararen pizkundearen eustarriak jarrita zituzten Resurrección María de Azkuek, Sabino Aranak, Arturo Kanpionek, Julio Urkixok eta abarrek. 

Era berean, esparru horren baitan ulertu behar ditugu, lehenengoz, Bizkaiko Foru Aldundiak (1917an), eta geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiak (1918an) hartutako erabakiak zeinek bere lurraldearen barruko udal eta herritarrentzat idazten zituzten agiri eta jakinarazpenak euskaraz ere zabaltzeko.

Beste alde batetik, argitalpenak itzultzaile batzuen lana jasotzen du, hala nola, Juan Luis Biziola eta Mikel Arruzarena, Bizkaian; edo Gregorio Mujikarena, Gipuzkoan. Lan hori sobera ezaguna ez izan arren, ez da ate atzean botatako kontua; izan ere, euskararekiko atxikimendu eraginkorrak bide eman zuen euskara zuzenbide- eta administrazio-hizkeran nahiz kaleko hizkeran erabil zedin, eta gainera, sasoia zenean egindako lan aurrendari horri esker, sendo bai sendo dabil gaur egun itzulpen-arloa.

Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusi Olano eta Rementeriaz gain, eta Andrés Urrutiaz gain, euskal erakundeek historian zehar euskara sustatzen egindako beharra aztertu da jardunaldian. Hori azaltzeko, ondokoek parte hartu dute: Juan Madariaga, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea; Joseba K. Pérez de Heredia, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia.
                                                              
                                                                 Bideoa ikusi