Prentsa oharra 2016ko azaroaren 15a

“Hobekuntza esanguratsua gertatu beharko da politiken arteko koherentzian, gizarte eta ekonomia iraunkorragoak bilaka daitezen”

Sabino Arana Fundazioak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatutako mintegia

“Hobekuntza esanguratsua gertatu beharko da politiken arteko koherentzian, gizarte eta ekonomia iraunkorragoak bilaka daitezen”

“Tokiko eta nazioz azpiko gobernuek –herritarrengandik hurbileneko gobernu-erak diren aldetik– funtsezko eginkizuna dute Garapen Iraunkorraren Helburuak (GIH) lortzeko beharrezkoak diren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-aldaketak eragiten. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) osatzen duten nazioz azpiko gobernuek arlo erabakigarri batzuetan —esate baterako, garraio, hezkuntza, etxebizitza, ura eta saneamenduan— eta garapen iraunkorra lortu eta GIHak betetzeko funtsezkoak diren beste zerbitzu batzuetan egiten den inbertsioa bideratzen dute”.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA), Garapen Iraunkorrerako Politiken Koherentzia Unitateko politiken analista senior Ernesto Soriak goiko adierazpenak egin ditu “Euskadi Garapen Iraunkorreko Helburuen eta 2030eko Agendaren aurrean: euskal erakundeen politiken koherentziaren erronka” izeneko mintegian. Sabino Arana Fundazioak antolatu du mintegia, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean. Mintegian, garapenerako nazioarteko lankidetzan eskarmentua duten 50etik gora adituk, lankidetza antolakunde eta agentzietako arduradunek, katedradunek eta abarrek parte hartu dute. Era berean, Koldo Unceta, EHUko Ekonomia Aplikatuko katedraduna eta EHUko Hegoa institutuaren Garapen eta Lankidetza Politikak Aztertu eta Ebaluatzeko ikertzaile nagusia, mintegian izan da.

17 GIH direlakoek eta 169 helmugek izaera unibertsala, integratua eta zatiezina dute; hau da, herrialde guztietan aplikatuko dira. Horregatik, ELGAko analistaren iritziz, “Garapen Iraunkorraren Helburuak betetzeko, gobernuek modu eraginkorrean lan egin behar dute sektoreen arteko esparruan beste eragile publiko eta pribatuekin, gobernantzaren eremu guztietan: tokikoa, eskualdekoa, estatukoa eta erkidegokoa. Zalantza barik, beste eskualde eta herrialde batzuetako garapen iraunkorraren eta etorkizuneko belaunaldien ongizatearen gaineko eragin kaltegarriak sistemak begiratzen dituzten politikak diseinatu, gauzatu eta monitorizatzeko era berriak beharko dira”.

Azken batean, azpimarratu du “hobekuntza esanguratsua gertatu beharko dela politiken arteko koherentzian, gizarte eta ekonomia iraunkorragoak arrakastaz bilakatzeko”.

Beste alde batetik, Koldo Uncetaren hitzaldiaren muina izan da Euskadiko Garapen Iraunkorraren Helburuei heltzeko beharrizana aitortzea, Garapenerako Politiken Koherentzian oinarritzen den berariazko estrategia baliatuta, estrategia horren oinarrizko zutabea den aldetik. 

GIHen 17 helburuak lortzeko, Koldo Uncetaren ustez beharrezko dira “erakunde eta politika babesa, askoren arteko bultzada batez gain” eta Agenda 2030 osoarengan eragina duten gune birekiko konpromisoa, “hezkuntza politika eta kontratazio eta erosketa publikorako politika”.