Prentsa oharra 2022ko otsailaren 2a

HITZALDIA: “30 urte Chávezen estatu-kolpe usteletik: Venezuela bidegurutzean”

• Luis Ugalde josulagun euskal-venezuelarrak, 2021eko Sabino Arana Sarietako bat jaso berri duenak, Sabino Arana Fundazioan aztertuko du herrialdearen iragan hurbila eta azken eskualde- eta udal-hauteskundeen osteko etorkizuna. • Otsailaren 9an, asteazkenarekin, 19:00etatik aurrera.

HITZALDIA: “30 urte Chávezen estatu-kolpe usteletik:  Venezuela bidegurutzean”

Euskadiko egonaldia aprobetxatuz, 2021eko Sabino Arana Sarietako bat jaso ostean, Luis Ugalde josulagun euskaldunak, orain dela 65 urte Venezuelan bizi denak, hitzaldia emango du Sabino Arana Fundazioan datorren asteazkenean, otsailaren 9an, 19:00etatik aurrera.


Hitzaldian, aita Ugaldek herrialdearen iragan hurbilena aztertuko du, eta etorkizuneko balizko  agertokiez jardungo du, 2021eko azaroan egindako eskualde- eta udal-hauteskundeen eta, duela hilabete, Barinasko estatu enblematikoan izandako hauteskunde-errepikapenaren ondoren.


Hauteskundeok garatu diren politika- eta gizarte-testuinguruak, lau gobernazio eskuratu dituen oposizioa zatituta dagoela, aukera ematen digu hainbat ondorio ateratzeko eta itxaropen-izpia eskaintzen digu Venezuela aske, oparo eta zuzena izateko bidean.


Gizarte-arazoetan zeharo engaiatuta eta Venezuelako intelektualik esanguratsuenetakotzat jotzen den Luis Ugalde Caracasko Hezkuntza Gogoeta eta Plangintzako Zentroko zuzendaria da eta, 20 urtean, Venezuelako hiriburuko Andres Bello Unibertsitate Katolikoko (UCAB) errektorea izan da.


Aita Ugalde Venezuelako erregimenak egindako bidegabekeriak salatzeko altxatu diren ahotsetako bat dugu. Hitzaldian, Venezuelako oraintsuko historia jorratuko du, 1992ko otsailaren 4an, Hugo Chavezek buru izan zuen estatu-kolpearen saiakeratik hasita (Chávez espetxean amaitu zen), gaur egunera arte.


Hain zuzen ere, 1992ko matxinada militar horretan, Gaizka Etxearte Eusko Jaurlaritzak Venezuelan zuen ordezkariaren semea hil zuen bala batek. 20 urte zituen, ingeniaritza ikasten ari zen eta Venezuelako Euskal Pilota Selekzio Nazionaleko kapitaina zen. Bi urte geroago, Rafael Calderaren gobernuak Hugo Chavez indultatu zuen.