Prentsa oharra 2015ko azaroaren 9a

Hermes aldizkariaren 50. zenbakia Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenari eta EAJ-PNV alderdiaren sorreraren 120. urteurrenari eskainita

Andoni Ortuzar: “120 urte igaro ostean, EAJ bigarren gaztaroan dago gaur egun.

Hermes aldizkariaren 50. zenbakia Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenari eta EAJ-PNV alderdiaren sorreraren 120. urteurrenari eskainita

Sabino Arana Goiri 1865eko urtarrilaren 26an jaio zen, Abandoko errepublikaren erdi-erdian. Hogeita hamar urte geroago, 1895eko uztailaren 31n, hain zuzen ere, Sabino Aranak berak Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuen. Hortaz, 2015. urtean, jeltzaleentzat berezi-bereziak diren bi gertaera gogoangarri ospatu ditugu: Sabino Arana Goiriren jaiotzaren 150. urteurrena eta EAJ-PNV alderdiaren sorreraren 120. urteurrena.

Urtemuga horiek direla eta, Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen HERMES pentsamendu eta historia aldizkariaren 50. zenbakian beste zenbaki biribil bat, agerian dagoenez, euskal hizkuntzan eta kulturan adituak diren hogei bat lagunek euskal abertzaletasunaren aitak euskarari egindako ekarpena aztertu dute; beste alde batetik, EAJ-PNV alderdiaren EBBko lehendakariak, Andoni Ortuzarrek, erakunde politikoaren 120 urteko ibilbidea eta Euskal Nazioarekiko konpromisoa jorratu ditu.

Ildo horretan, Gipuzkoako aurreko ahaldun nagusi Martin Garitano kazetariak egindako elkarrizketan, Ortuzarrek dio “bere iritziz, alderdia gaztetasun betean dagoela gaur egun”, 120 urteko aldi horren barruan, kasik heren batean, EAJ alderdi debekatua izan delako. “Ia-ia isilpeko edo ezkutuko mugimendua izan da. Batik bat, frankismoaren sasoian, baina Errepublikaren sasoian ere bai, eta horregatik, hainbat EAJ egon direla eta alderdia hainbatetan birsortu dela” baieztatu du.

Elkarrizketaren beste une batean, EAJ-PNV alderdiaren EBBko lehendakariak hauxe gogorarazi du: “garai bakoitzean, bultzada bat izan du alderdiak. Hasteko, Sabino Aranak sentimenduak eta lurrarekiko atxikimendua aberriaren sentimendu bilaka zitezen eta foruen egoeraren modernizazioa bultzatu zituen. Gero, Agirre lehendakariaren belaunaldia etorri zen, ilusioz beterikoa hasieran eta etsipenez halakatua azkenean, dena gure esku zegoela pentsatu bai, baina aliatuek Franco kanporatzen ez zutela ikusi genuenekoa. Geroago, 77ko belaunaldia daukagu, pizkunde edo birsortze berriarena. Orain, segurutik, bigarren gaztaroan bizi gara”.

EAJ-PNV alderdia “aberatsen alderditzat” jotzen ote den galdetuta, Andoni Ortuzarrek hauxe erantzun du: “Aberatsen alderdia izango bagina, ez genuke gaur egun daukagun gizarte-hedadura. Gure alderdiaren bertute handienetakoa dugu gizarte-maila guztientzako alderdia izatea. Hala, enpresaburuak eta langileak ere sartzen dira batzokietara. EAJ enpresaburuen interesen alde egiten duen alderdi hutsa balitz, Euskadik ez luke egun daukan gizarte-garapena. Euskadi Europa barruko lurralderik sozialdemokratena da”.

Aurkezpenean, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak bi gertaerak ekarri ditu gogora eta adierazi du “Sabino Aranak ereindako haziak fruitu mamitsuak ematen segitzen duela 120 urte igaro ostean”. 

“Euskadi aberria dela aldarrikatu zuen Sabino Aranak. Euskadi aberria dela aldarrikatzen dute gaur egun euskal herritar gehienek. Ideia eta errealitatea, aberria, baina egun ere, 2015eko azaroaren 9an, batasun eta berdintasun faltsuen izenean, batzuk-batzuk errealitatea ukatzen tematuta daude, euren interesen mesedetan. Alabaina, egia ukatzea, sentimenduei muzin egitea, gehiengoaren asmo eta nahiak galaraztea ez da bidea, sekula ezin da bidea izan. Euskadi nazioa da. Katalunia nazioa da”.

Beste alde batetik, José Antonio Rodríguez Ranzek, Hermes aldizkariaren zuzendariak, nabarmendu du “bostehun pertsonak baino gehiagok parte hartu dutela aldizkariak orain arte eman dituen 15 urteetan. Hermes egitasmo partekatua da adierazi du”. Aldizkariaren ideariumari dagokionez, Ranzek honako leloaren bidez laburbildu du: “nazioa, aniztasunean, mundu zabalean (euskal abertzaletasunaren berrespena, Euskadi anitzaren baitan eta mundu globalizatuaren barruan)”; gainera, azpimarratu du Hermes aldizkariak konpromisoa duela “bakean bizi den Euskadi askeago eta zuzenagoarekin… Eta konpromiso hori gauzatzen dela egunero badarabiltzagun gai eta kezken inguruko gogoeta kritiko, ireki, eraikitzaile eta proposatzailean oinarrituta, euskal herritarrak, europar herritarrak eta izpiritu eta bokazio unibertsalak eduki dauzkagun gizon-emakumeak garelako”.

Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, alderdiaren sortzaileari eskainitako  50. zenbakiari gagozkiola, Rodríguez Ranzek bi gauza nabarmendu ditu: “Sabino Aranaren gaineko ikuspegi anitzen ekarpena, hogei bat kolaboratzaile esanguratsuren aldetik… eta Sabino Aranak berak 1901. urtean euskararen normalizazioaren inguruan egindako hausnarketa aurrendari eta ameslaria hausnarketa hori aldizkariaren zenbaki honetako hari eta hizpide da, mende bat geroago indar osoa eta gaurkotasun betea baitauka”. Hala, Hermes aldizkariaren 50. aldizkariak “Sabino Arana guztiz modernoa erakusten digula” esan du Ranzek.

Elkarrizketaz gain, Hermes aldizkariaren 50. zenbakiak ondokoen ekarpenak dakartza: Andrés Urrutia, Mikel Zalbide, Joseba Agirreazkuenaga, Igone Etxebarria, Xabier Kintana, Josune Ariztondo, Miren Azkarate, Patxi Baztarrika, Lorea Bilbao, Aizpea Goenaga, Xabier Irujo, Odile Kruzeta, Rosa Miren Pagola, Txomin Peillen, Pello Salaburu, Blanca Urgell eta Erramun Osa.

Azkenik, Ibon Goiri López de Arkaute irudigilearen parte-hartzeak ere Sabino Arana izan du oinarri.