Prentsa oharra 2016ko apirilaren 8a

“Gazteen enplegua: esperientziak eta etorkizuna” mintegia

Lehen mahai-ingurua: “Balioak, hezkuntza eta enplegua”

“Gazteen enplegua: esperientziak eta etorkizuna” mintegia

Santiago García Echevarriak, Alcalako Unibertsitateko Ekonomiako katedradunak, adierazi du “gaur egun gazteen enpleguak konpainia edo sozietateen ikuspegia daukala, ez instrumentala, hau da, enplegua ez da ekonomia- eta gizarte-prozesuen jarraipena, ezpada, gizartea bera osatzen duen atala eta, beraz, ekonomiaren konpainien ikusmoldea dauka”.

García irakasleak parte hartu du gaur Sabino Arana Fundazioak, Europako Parlamentuak, Europar Demokraten Institutuak (IED) eta Novia Salcedo Fundazioak antolatutako “Gazteen enplegua: esperientziak eta etorkizuna” izeneko mintegian. Gai horretako berrogeita hamarretik gora adituk parte hartu dute jardunaldian, besteak beste, unibertsitateko katedradunak, erakundeetako ordezkariak, enpresako ordezkariak eta gazteen elkarteetakoak. 

Santiago Garcíaren esanetan, “ez dago konpainien orekarik, ez dago horien iraunkortasunik, eta ez da hazkunde ekonomiko zuzenik zein sozietateen ongizaterik norbanakoaren garapen integralean funtsatzen ez bada. Politikaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegi integralaren oinarrizko ardatza ezin da modu askean jorratu. Hiru alderdi horiek gizarte jakin baten osagarriak dira, eta horren balioei, kulturari eta egoera ekonomiko eta sozialari lotzen zaizkio eta, hortaz, ezin dira eztabaida instrumentalista huts batean aztertu.

García irakaslearen iritziz, “gazteen enplegua” ez da, beraz, “Ekonomia Politikaren, ez Gizarte Politikaren, eranskina”; aitzitik, gizartea bera eta haren etorkizuna osatzen ditu, “norbanakoaren garapen integrala” osatzen du.

Santiago Garcíarekin batera, Novia Salcedo Fundazioko zuzendariak, Begoña Etxebarriak, parte hartu du lehen mahai-inguru honetan. Etxebarriak adierazi du “erakundeak, sozietateak eta gizartearen balioak aldatzen ari direla”.

Etxebarrik azaldu duenez, “gure pentsamoldea, sentitzeko eta jarduteko modua aldatu behar ditugu, gizartearen balioetan aldaketa eragiteko moduan, benetan balio duenaren gaineko jakintza sustatzeko helburuz”. Ildo horretan, proposatu du “gizarte berrikuntza aldaketaren buruan jartzea eta eraldaketa bideratzeko gaitasuna ematea; horrela, berrikuntza teknologikoa gizarte aurrerapena ahalbidetzeko baliatuko litzateke eta pertsonak ez lirateke bide-bazterrean geratuko egun sortzen diren gizarte-arrailduren edo pertsonen arteko alde izugarrien eraginez (jakintzaren arraildura, teknologiaren arraildura...)”. 

Novia Salcedo Fundazioko zuzendariaren aburuz, “pertsonek eta taldeek abiarazten dute aldaketa oro konpainien barruan. Eta aldaketari ekiteko, lankidetza-harremanak areagotu behar dira, menperatze-harremanen kaltetan. Lankidetza norbanakoen, konpainien eta gizartearen garaipena da. Norberekoitasuna, gaur egun ulertzen dugun moduan, garaitu behar dugu, eta emantzipazioa lortu. Esandako alderdi horiek guztiak uztartzeko eta elkarri lotzeko moduak ekarriko du, halabeharrez, taldearen arrakastaren maila, konpainietan nahiz gure lurralde-eremuetan. Badakigu zutabeak zein diren: eraiki dezagun etorkizuna gazteak txertatuz mundua eraldatzeko zeregin handian”.

Begoña Etxebarriak, hitzaldiaren amaieran, Mahatma Gandhiren gogoeta bat gogorarazi digu: “aldaketa ez da berez gertatzen: ekintzaileek sorrarazi behar dute. Munduan ikusi nahi dugun aldaketa izan behar gara gu”.