Prentsa oharra 2021ko abenduaren 14a

Euskal margolariak: gure kultura-oroimenaren euskarriak

Artearen arloko adituek euskal margolari eta sortzaileek utzitako ondarea eta etorkizuneko erronkak aztertu dituzte Sabino Arana Fundazioan.

Euskal margolariak: gure kultura-oroimenaren euskarriak

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen barruan agertu ziren euskal kultura adierazpenen memoria aldarrikatzeko asmoz, Sabino Arana Fundazioak urtero-urtero antolatzen dituen jardunaldiei gagozkiela, aurten, Bilboko Udalarekin lankidetzan, euskal pinturaren memoria aztertu da.


Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Ainara Zelaia Sabino Arana Fundazioaren presidenteordeak jardun dute hasiera-ekitaldian. Geroago, euskal pinturaren eta artearen munduko adituek parte hartu dute Miren Josune Ariztondok koordinatutako mintegi honetan.


José Luis Villacortak, Historia Moderno eta Garaikideko doktore eta Arteko adituak, oraina aztertu du, «Gaur egungo euskal pintura ispiluaren aurrean: balizko irakurketa bat» izenburua izan duen hitzaldian.


Villacortaren aburuz, artelana ez da horren amaiera materialaz batera bukatzen; ezpada, ikuslearen eskutik jarraitzen du, eta ikuslea “sortzailekide” bilakatu behar da, iritzia emateko kritikariaren edo lanaren egilearen iritzia entzun arte itxaron behar ez duena: “Arte-kritikariaren edo lanaren egilearen iritziaren zain egotea, batak eta/edo besteak egindako iruzkinak hitzez hitz kopiatzeko, jokamolde penagarria da, margolanaren aurrean jartzen dena errepikatzaile soil bihurtzen baitu. Ikuslearen segurtasunik ezak kulturaren bizi-prozesua izoztu du”, adierazi du adituak.


Arteari buruzko adituaren arabera, euskal margolaritza euskal errealitatean errotuta dauden margolariek egindakoa da, eta euren arrakasta eta hutsegiteen berri ematen du. “Horrela, bada, ‘euskal izaera’ ez da subliminatutako muina, baizik eta herrialdeko kideek proposatzen dituzten erantzunen multzoa, kultura sortzailearen oinarri emankorretatik bideratuta”, nabarmendu du.


Bestalde, Michel Mejutok, Bartzelonako Unibertsitateko Arteko kizentziaduna eta, Bilbon, bere izena daroan galeria baten jabe eta zuzendari denak, Euskadiko galeria-jardueraren jatorriari eta garapenari buruzko ibilbidea azaldu du, XIX. mendearen azken hamarkadetan egin zituen lehen urratsetatik gaur egungo galerien egoerara arteko aldia jorratuta, mundu mailan Subprime direlakoek eragindako krisi handiaren eta COVID izurritearen ondorioen aurrean.

 

Ildo horretan, Euskadiko arte-aretoen hiru garai zedarriztatu dituzten hiru alditan banakatu du hitzaldia: 1860. urtetik –Eduardo Zamacois bilbotarra Parisen finkatu zenetik–, 1936. urtera arte –Gerra Zibila eta erbestea–; 1948. urtetik –Studio aretoa ireki zuten Bilbon– 2008. urtera arte –munduko finantza-krisia–; eta, azkenik, egungo egoera eta balizko bilakaera etorkizunean.

 

Michel Mejutoren iritziz, trantsizio-une batean gaude, Europan, COVID izurritearen eta ekonomiaren bilakaerari buruzko datuak noiz hobetuko diren zain.

 


Sorkuntza eta dekonstrukzioa

 

Mikel Onandia EHUko Arte Ederretako irakaslearen ustez, “euskal artearen ideia sortu zen modernitateak arte plastikoak blaitu zituenean, batik bat, pinturaren eskutik, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran”.

 

Onandiak, hain zuzen ere, XX. mendearen hasieran hasi du solasaldia, “aldi ekonomikorik onenetakoa duen Bilbo hirian, arte elkarteez, bildumazaletasun publiko eta pribatuz eta Juan de la Encinaren eskutik lehen aldiz euskal arte modernoaren ezaugarriak zehazten dituen arte kritikaz osatutako sistema artistikoa sortzeaz batera” Hala eta guztiz ere, euskal pinturaren pizkundea errotik birrindu zuen 1936ko Gerra Zibilak. Gerraostean, Jorge Oteiza Ameriketatik itzuli zela (1948), euskal artearen proiektu modernoa berreskuratzeko lehen bultzada jazo zen. Arantzazuko santutegi berria plastika berriaren hazia izan zen, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, lengoaia plastiko abstraktua garatzeko modua eman zuen, eskultura nagusi izan zelarik. Hala, eskulturak, kutsu herrikoia eta abangoardia uztartuz, Euskal Eskolaren proiektuan (1965-1968) islatu zen nortasun nazional modernoa gorpuztu zuen plastikaren ikuspegitik.

 

“1970eko hamarkadan sortzaileen talde berria agertu zen, eta aurreko belaunaldietako postulatu metafisikoei erantzun zieten, pop moldetik gertu zeuden hizkuntza figuratibo berriak erabiliz. Postmodernitateari atea zabalduta, trantsizio politikoan bete-betean, erakunde autonomiko berriak eratu ziren, eta horiek ahalbidetu zuten hurrengo hamarkadetako artisten prestakuntza. Une horretan sortu zen Euskal Eskultura Berria izendapena zerabilen artista taldea, aurreko lengoaien dekonstrukzioan oinarritutako estetika berria landu zuena, Jorge Oteiza bera eta postminimalismoa abiapuntutzat hartuta. Mende berria eta Guggenheim Bilbao etortzeaz batera, gero eta mundu elkarri lotuago eta globalizatuagoan, euskal artista garaikideak merkatuaren logikek eta mugimendu artistikoen aniztasun gero eta handiagoak erabakitako sistema batean moldatu behar dira. Euskal arteak erakundeetatik bultzatutao politika jakin batzuei areago erantzuten dien arren, gaur egungo tokiko arteak erakusten dituen ezaugarri batzuk nabarmendu behar dira – tradizio modernoaren berrirakurketa kritiko, formala eta kontzeptuala–, aurreko hamarkadetan definitutako bilbearen jarraipen bihurtuta”, azaldu du.

 

Azkenik, Luis de Guezalak, Historia Garaikideko doktoreak, Anselmo de Guinea eta Antonio de Guezala euskal artisten ondorengoak, bere aurretikoen obra adierazgarrienetako biren arteko aldiaren testuingurua azaldu du, hots, Ginearen “Jaun Zuria” (1882) lanetik Guezalaren “Euskal Errepublika” (1931) lanera doan sasoia.

 

Guezalak bi belaunalditako kide izan ziren euskal margolarien alderdi politikoari buruzko azterketa aletu du, bata XIX. mende amaierakoa eta bestea XX. mende hasierakoa zela, bi lan enblematikotan funtsatuta. Lehenengoa, ‘Jaun Zuria, Bizkaiaren independentzia defendatuko zuela zin egiten’, lan saritua izan zen, 1882ko Bizkaiko Erakusketan erakusgai jarri zena, garai hartako bizkaitarrentzat erreferentea zen eta Bizkaiko lehen jauntzat zeukatenaren zina irudikatuta. Jaun Zuria benetako ikurra izan baitzen Bizkaiko herritarrentzat, bai eta foru-erakundeak manu militari indargabetzea ekarri zuen azken karlistaldian pairatutako  porrotaren ondotik ere. 20 urte geroago, Gineak beste lan enblematiko bat egin zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiko beiratea (1900), hain zuzen ere, eta horren esangura sinbolikoa ere azaldu du.


Antonio de Guezala Ginearekin ahaidetuta zegoen, azkenaren alaba Eloisa Ginearekin ezkondu zelako, eta  XX. mendearen hasierako abangoardia artistikoen ondoko belaunaldiko kide izan zen. Jardunaldi honetan, haren bilobak obra aztertu du Euskal Errepublika margolana, alderdi askotatik begiratuta, aurrekoaren jarraipentzat hartu den proiektu berri baten adierazpen politiko gisa, San Migel faxismoa garaitzen izenburuko lan galduaren “epilogoa” dela.