Prentsa oharra 2022ko martxoaren 2a

Euskal gizarteak enplegu-, emantzipazio- eta kulturartekotasun-politikak galdatzen ditu 2030 Agendak dakarzkigun erronka demografikoei aurre egiteko

• EAJ-PNV alderdiaren “Entzunez Eraiki” entzute aktiboko prozesuaren beste topaldi bat izan da gaur Hernanin (Gipuzkoa).

Euskal gizarteak enplegu-, emantzipazio- eta kulturartekotasun-politikak galdatzen ditu 2030 Agendak dakarzkigun erronka demografikoei aurre egiteko

“Euskadiko erronka demografikoa eta gizarte-trantsizioa” gaia aztertzen duen adituen lantalde batek parte hartu du gaur Hernanin (Gipuzkoa), Orona Fundazioan, EAJ-PNV alderdiaren  Entzunez Eraiki entzute aktiboko prozesuaren topaldi batean.


Sabino Arana Fundazioak antolatu du jardunaldia, eta Xabier Barandiaran EAJ-PNV adlderdiaren Berrikuntza Politikoaren arduradunak koordinatu du. Bertan, alderdi jeltzalearen berrogei inguru barne-arduradun eta erakundeetako arduradun izan dira, bai eta euskal gizarteko hainbat esparrutako ordezkariak ere. Mintegi honen helburu nagusia erronka demografikoari lotutako 2030eko euskal estrategiaren edukiak aztertzea eta zehaztea izan da.


Amand Blanes Ikerketa Demografikoen Zentroko (CED) ikertzaileak hainbat gogoeta egin ditu “Erronka demografikoa datuen ikuspegitik” gaia hizpide hartuta.


Ildo horretan, adierazi du “azken aldiko joera demografikoek dema batzuk dakarzkigutela, labur-zurrean esanda, erronka demografikoa, eta erronka horrek alderdi ugari barruratzen dituela, hala nola biztanleriaren zahartzea, jaiotza-tasa txikia edo despopulazioa, besteak beste.


Euskal Autonomia Erkidegoko datu berrienetan oinarrituta, Blanes irakasleak erronka horietako batzuen azpian dauden populazio-joerak aztertu ditu: biztanleriaren bizitzaldi luzea eta zahartzea, ugalkortasun oso txikia eta berantiarraren arrazoiak, eta migrazio-mugimenduen eginkizuna demografiaren bilakaeran.


Bestalde, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsiziorako eta 2030 Agendarako idazkari nagusiak erronka demografikoaren 2030 euskal estrategiaren nondik norako nagusiak zehaztu ditu. Estrategia horrek 25 ekimen jasotzen ditu.


Fernandezek baieztatu duenez, “laguntza bat begiz jo da seme-alaba bakoitzeko, familiek jasotzen dituzten pizgarriak berregituratu, bateratu eta areagotzen dituena, aurrerapenari lotutako ikuspegiz, 2023tik 2030era arte”.


Halaber, gaineratu du estrategia horrek “interesik gabeko mailegu-programa bat jasotzen duela, epe luzera itzultzeko aukera ematen duena gazteentzako ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuez denaz bezainbatean”. Ildo horretan, “gazteek etxebizitza eskuratzeko, gazteen enplegua bultzatzeko, kontziliazio erantzunkidea sustatzeko edo landa-eremuaren balioa handitzeko neurriak ere proposatu direla” azaldu du.


Proposamen hori Eusko Legebiltzarrari eta EUDELi bidali zitzaien. 2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra, ekarpenak jasotzeko aldia ireki da, eta apirilean eta maiatzean ebaluazio-prozesuari ekin eta jasotako ekarpenak txertatuko dira.


Maialen Olabek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidenteak, “gazteen emantzipazio-zailtasunak erabili ditu hizpide”. Olaberen arabera, “Euskadiko gazteok pairatzen ari garen ezegonkortasun-egoera argiro erakusten dute behin-behinekotasunari, lanaldi partzialeko kontratuei eta langabeziari buruzko datuek. Dena dela azpimarratu behar da, datu horiek gorabehera, Euskadiko gazteek kualifikazio eta prestakuntza handia dutela, eta, beraz, garrantzitsua dela laneratzeko bidea errazten dituen enplegu-politiken aldeko apustua egitea”.


Emantzipazioari dagokionez, adierazi du “30 urteko emantzipazio-adina oso lotuta dagoela lan-eremuan aipatu duen ezegonkortasunarekin”.


Egungo egoera hori izanik, EGK-k beharrezkotzat jotzen du “egungo egoerari erantzuten dioten politika publiko sendoen aldeko apustua egiten jarraitzea. Enplegu- eta emantzipazio-politiken alde egitea, hain zuzen ere, gazteok lehenago eta modu duinean emantzipatzeko aukera izan dezagun. Gazteok lehenago emantzipatuz gero, gertaera horrek eragin handia izango du gizartean eta erronka demografikoan. Baliabideak dituzten gazteak behar ditugu, bizi-proiektu duina garatu ahal izateko eta, hartara gizarteari berari zein etorkizunean sortzen diren erronkei ekarria egin ahal izateko. 


Beste alde batetik, Deusto Business School-eko (Deustuko Unibertsitatea) Leire Gartzia Fernándezek lau arrazoi nagusi azaldu ditu kontziliazioa edo lan- eta familia-bizitza betetzeke dagoen erronka dela adierazteko:


1)    Berdintasun/mugimendu feministaren abiaburuekin bat datorren kontziliazio-eredua behar dugulako (eredu horretan, etxeko lanen eta zaintzaren karga ez da soilik emakumeen bizkar utzi behar, eta, beraz, politika berriak eta berrikuntza beharrezkoak dira diru-sarrera bikoitzeko familia-ereduei laguntzeko).
2)    Erronka demografikoei eta biztanleriaren piramideari erreparatuta, bizitzaren hasierako eta amaierako aldietan mendekotasunari arreta handiagoa eman behar zaiolako.
3)    Antolaketa-ereduek ekarritako aldaketetara (osasun integralean eta ongizatean, eskubideekiko errespetuan, garapen integralean eta abarretan oinarritutakoak) egokitu behar dugulako, antolaketaren garapenaren bilakaeran ardura harturik (talentua atxikitzea, azaleratzen den irudia…).
4)    COVID-19ak sorrarazitako osasun-krisia amaitutakoan, aldaketa horiek guztiak bizkortu direlako; krisiak errealitate horretaz jabetzen eta horretara ohitzen lagundu digu, baina oraindik ere ez da instituzionalizatu.


Erronka horietan oinarrituta, hainbat gomendio eta lan-dema aurkeztu ditu bi dimentsio handiren inguruan: lana eta familia, eta adierazi du “beharrezkoa dela bi dimentsio handi horietan aldaketak egitea, bai arautze- eta politikaren esparruan, bai enpresa eta familiaren ingurumarian.


Eta, azkenik, Begirune Fundazioaren (immigrazioa ikertzen duen laborategia) presidente Xabier Aierdik migrazioak aztertu ditu, eta argitu du “komeni dela bi gertakari horiek, hau da, migrazioa eta demografia, bereiztea; izan ere, nabaritasun zientifikoak erakusten digunez, immigrazioak eragin arina edo oso partziala du iritsiera-gizartearen egitura demografikoaren tarte jakin batzuetan”.


Aierdiren arabera, “immigrazioa gertakari egiturazkoa bezain erabakigarria da Euskadin, eta berezko garrantzia du”. Aierdi  “kulturartekotasunean oinarritutako etorkizuna” lantzearen alde agertu da, immigrazio/integrazio politikarik ez dagoelako.


“Immigrazioa banako gertakizun legez aztertuta, hobeto ezagutuko ditugu haren berariazko erronkak”, azpimarratu du.


Jardunaldiaren hasieran, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidente eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko idazkariak azaldu duenez, jardunaldi elkarreragile hauen bitartez, alderdi jeltzaleak “gizartearen eskariei entzun eta, gero, alderdi gisa aditzea eta, garrantzitsuena dena, ekintza bihurtzea da, Euskadik Nazio gisa aurrera egin dezan eta gizarte honek nahi eta merezi duen Herria izan dezagun”.


Topaldian, besteak beste, ondokoek parte hartu dute: EAJ-PNV alderdiaren GBBko buru Joseba Egibar; Euskaltel Fundazioko Sabino San Vicente; Hirukideko zuzendari exekutibo Natalia Díez-Caballero; Deustuko Unibertsitateko Ion Muñoa, Emakundeko Zuriñe Elordi; eta Unesco Etxeko Txema Villate.