Prentsa oharra 2016ko ekainaren 9a

“Europa bidegurutzean. Burujabetza auzitan: Brexit ekimena eta migrazioak” mintegia

1. mahai-ingurua: Brexit • “Brexit erreferendumaren emaitza gorabehera, aurrerantzean ezer ez da berdina izango” (Shaun Riordan) • “Brexit delakoaren giltzarrietako bat dugu zer-nolako eraginak izango dituen Europako Merkatu Bakarrarekiko lankidetza-hitzarmenetan” (Graham Floater)

“Europa bidegurutzean. Burujabetza auzitan:  Brexit ekimena eta migrazioak” mintegia

Britainiako diplomazialari ohi eta nazioarteko analista (gaur egun, Geopolitical Risk Consulting erakundeko kidea) Shaun Riordanen iritziz, Erresuma Batuan Brexit delakoaren inguruan piztu den eztabaida “faltsua da”. S. Riordanen aburuz, “Europar Batasunetik irten nahi dutenak (Brexit-en jarraitzaileak) nahiz bertan jarraitu nahi dutenak (Remain-en aldekoak) “alegiazko ekonomia- eta finantza-aurreikuspenetan” oinarritzen dira eta diskurtsoa puztu egiten dute. “Batzuek zein besteek beldurra erabiltzea nahiago izan dute, arrazoi eraikitzaileak baliatu beharrean”. Guztiek ezkutatu dute eztabaidaren benetako gakoa hauxe dela: azkenean, “britainiarrek EBn jarraitu nahi duten bozkatu beharko dute, erabakiak zer-nolako ondoriorik ekarriko duen jakin barik”.

Shaun Riordanek parte hartu du gaur “Europa bidegurutzea. Burujabetza auzitan: Brexit ekimena eta migrazioak” izeneko mintegian. Sabino Arana Fundazioak eta Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) antolatu dute jardunaldia, eta Europako gaietan adituak diren berrogeita hamar lagun baino gehiago bertaratu dira fundazioaren egoitzara, besteak beste, unibertsitateko katedradunak, herri-erakundeetako ordezkariak, immigrazioaren arloan jarduten duten antolakundeetako ordezkariak eta abar.

Ekainaren 23an, hau da, erreferenduma egiten den egunean, britainiarrek EBtik irtetea erabakitzen badute, negoziatzen hasiko dira bi urtean Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko etorkizuneko harremanen inguruan. Hala eta guztiz ere, Shaun Riordanen iritziz, “arrazoiak daude tartean, bi urteko epea nahikoa izango ez dela pentsatzeko”.

Nolanahi ere, Erresuma Batuko kidego diplomatikoko kide 16 urtean izan zen Riordanen ustez, negoziazio-aldia ez da lasaia izango EBren barruan. “Britainiarrek irtetearen aldeko hautua egiten badute, Batasuneko beste herrialde batzuetako herritarrek ere erreferenduma egin nahi izango dute EBn jarraitu nahi duten erabakitzeko, esaterako, Danimarkak edo Suediak, eta litekeena da Holandak ere bai. Beste alde batetik, EBtik irten nahi ez duten herrialdeek ahaleginak egingo dituzte britainiar negoziatzaileek lortzen dituzten emaitzak eskuratzeko. Oro har, estatu askok britainiarren negoziazioak baliatu nahi izango dituzte Bruselarekiko harremanak hobetu edo aldatzeko. Alemania eta Frantzia guztiz jakitun dira “domino-efektuak” arrisku handiak sorraraz ditzakeela eta, beraz, jarrera gogorra erakutsi beharko dute britainiarrekin, gainerakoei mezua argi eta garbi adierazteko”. 

Nazioarteko analistaren aburuz, “Europako ingurumari politikoa aldatu egingo da britainiarrek EBn geratzeko hautua egin arren. Izan ere, hasteko eta bat, Britainia Handiko lehen ministro Cameronek erreferendumaren aurretik lortutako emaitzak garatu beharko dira. Gero, egoera horren aurrean, Batasuna osatzen duten beste kide batzuek emaitza berdinak eskatuko dituzte, kasurako, gero eta estuagoa den Europar Batasunetik kanporatzeko aukera. Horren guztiaren ondorioz, europarren bizimoduak ez du berdin jarraituko, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Erakundeek Batasunaren zatiketarik handiena aitortu beharko dute, Europak gaur egungo krisialdi existentzialei aurre egingo badie. Horrez gain, Estatu Batuak, presidente berria nor den gorabehera, gero eta nekatuago daude Europako segurtasuna finantzatzeaz”. Horiek guztiak kontuan hartuta, Shaun Riordanek hauxe azpimarratzen du: “aurrerantzean, ezer ez da berdina izango”. 

Graham Floater

Beste alde batetik, Tony Blair, Gordon Brown eta James Cameron lehen ministroen aholkulari ohi eta London School of Economics erakundeko programa-zuzendari Graham Floaterren iritziz, “Brexit-en inguruko gakoetako bat hauxe dugu: erabakiak zer-nolako ondorioak izango dituen Europako Merkatu Bakarrarekiko eta merkatu globalekiko harremanetan”. Ildo horretan, “Erresuma Batuak Europar Batasunetik irtetearen aldeko hautua egingo balu, herrialdeak EBrekin egun erabiltzen diren bost merkataritza-ereduetako bat aukeratu lezake: Norvegia, Suitza, Turkia, Kanada eta Australia. Horietako bakoitzak onurak eta desabantailak dauzka, eta Erresuma Batuak hautatuko lukeena hainbat alderdiren menpekoa da.

Hain zuzen ere, Erresuma Batuak bere merkataritza-ahalmena indartzeko ahalegina egin lezake, berezko eredu hibridoa erabiliz. Nolanahi ere, Erresuma Batuak garrantzi handiko erabakia hartu beharko luke. Bada, herrialdeak Europako Merkatu Bakarrarekiko sarbide askeari eutsi nahi izango balio, Norvegia edo Suitzako ereduei jarraiki, Erresuma Batuak aurrerantzean ere EBren legeriaren gehienari men egin beharko lioke, EBren aurrekontuan ekarpena egin beharko luke eta Batasunaren barruko herritarren mugimendua onartu beharko luke. Gainera, oso eragin eskasa izango luke EBren legegintza-gaietan. Beste alde batetik, Merkatu Bakarrean erabateko sarbidea izan ezean, Kanadako edo Australiako ereduei jarraiki, Erresuma Batuko esportazioek langa handiagoak izango lituzkete EBrekiko merkataritza-harremanei eusteko; gainera, lanpostu ugari galtzeko arriskua zabalduko litzateke”, azaldu du Floaterrek.

Erresuma Batuak zer eredu hautatzen duen erabakita ere, hautatutako eredua ezin izango litzateke bermatu. Floaterren iritziz “merkataritza akordioak bideratzeko, bi bazkide edo gehiago behar dira, eta trantsizio-aldia zalantza legal, ekonomiko eta politikoz beterik egongo litzateke. Europan, Erresuma Batua EBtik irteteko baldintzak 27 estatu kideen interes nazional indartsuen eta Europako Parlamentuaren pairuan egongo lirateke, zeinek bere lehentasunak dituela Brexit-en ondoko merkataritzari dagokionez. Era berean, baliteke EBz kanpoko herrialdeek ere Erresuma Batuarekiko merkataritza askeko akordioei eutsi nahi ez izatea berriro negoziatu gabe. Bien bitartean, Erresuma Batua merkatu handia izango litzateke eta negoziatzeko ahalmen esanguratsua izango luke, baina litekeena da britainiarrak gauza ez izatea EB handiago batek aurretiaz negoziatutako merkatura lehengo baldintzetan sartu ahal izateko”.