Prentsa oharra 2014ko irailaren 5a

Elgoibarko Kultur Etxeak “GOAZEN GUDARI DANOK…, “ erakusketa inauguratu du

Elgoibarko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dutelarik, irailaren 21era arte begietsi ahalko da

Elgoibarko Kultur Etxeak “GOAZEN GUDARI DANOK…, “ erakusketa inauguratu du

"Goazen gudari danok… Askatasun bidean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar, 1936 En defensa de la libertad” erakusketaren helburua, 1936ko gerran  Zirardamendi Elgoibar frontean zehar  agitu ziren gertaerak gogoratzea da. “Hasiera batean  gatazka hartan jazo ziren gudu ugarietako bat  besterik ez lirudikeenak azken buruan  esangura garrantzitsua izan zuen  Euskadirentzat.  Gatazka hartan mugarri bat izan zen, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituena, eta neurri handi batean baita gure Herriaren historian eragin handia izan zuena ere”, adierazi du erakusketaren arduradun Iñaki Goiogana  historialariak. Sabino Arana Fundazioak  Elgoibarko Udalarekin elkarlanean  antolatutako erakusketa horren asmoetako beste bat da, 1936ko  irail-urrien arteko  hamabost egunean  gerra-fronte hartan  zehar zer gertatu zen  erakustea eta Zirardamendin borrokatu ziren gudari haiek, berorietako batzuk heroikoki bizia ere galduz, lortu zutenari merezi duen balio ematea.

“Egun haietan frontean gertatu zenari erreparatzen badiogu,  esan liteke ze  han jadetsi zena garaipen handi batetik ezer gutxi zuela. Azken batez, Errepublikari leial ziren guda-taldeek  galdu egin zituzten ingurua menderatzen zuten gailurrak eta, urrian  borrokak bukatu zirenean,   euren posizioetatik ehunka metro batzuk atzera eginda zeuden. Baina, hori egia izanda ere,  bai esan daiteke garaipen bat, bai,  lortu zutela frankisten kontra. Urriaren 7an, frontearen mutur batean, Asterrikan (Berriatua), Ondarroa eta Lekeitio bitartean, eta beste muturrean, Elgetan, azken tiroak entzuten zirela,  Jose Antonio Agirrek bere kargua zin egin zuen Gernikan. Egun horretan herria egiteko makineria administratibo bat abiarazi zen”, nabarmendu du Goioganak. Euzkadiko Jaurlaritzak armada bat eregi zuen, eregi zituen, baita ere, milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituen laguntza-sare bat,  unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Hori guztia 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean.

Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, bestalde, “euren ideialak defenditu zituzten guztiak eta itzuli ez zirenen familiak eta, batez ere,  oraindik gaur egun euren senideek izandako atarramentua ez dakitenak,  gogoratu eta ohoratu” nahi izan ditu. 

“Bizia Zirardamendin galdu zuten gazte haien asmoa ez zen ezer gainezartzea. Haien asmo bakarra zen,  euren herriaren eskubide legitimoak defenditzea, berezko eskubide zibilak eta politikoak, norbanakoarenak zein gizaldearenak. Horren jakitun izan barik, ezta gogoan ere, euren izenak hizki maiuskulaz irarri zituzten gure historian”, nabarmendu du.

 Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan María Atutxak  zera esan du: “Hemen gaude, gomutan ditugula eta gogoratzeko. Gogoratuk esan nahi du “berriro itzultzea gogora, bihotzera”, eta horixe da egin gura duguna. Euren lurra armekin defenditzera  beharturik egon ziren euskaldun haien belaunaldiaren  ekintza eta eskaintza  gomutatik bihotzera ekartzea eta bihotzetik, hausnartuz, hau da, ahora, hizkuntzara, ekarriz, gero, hausnartutakoan, gogoeta egindakoan, egun haietan jazotakoak kontatzea. Gomuta edo oroimena, bihotza, gogoeta eta hizkuntza, hori guztia gorazarre egiteko Zirardamendin eroritako 14 hildako haiei (Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio, Felix Arbulu),  denak Arana Goiri batailoikoak, gerran galdu zirenen edo gerra eta diktaduraren negu luzea sufritu zituzten guztien lagin bat direnez gero”.

Eta jarraitu du:  “Gure ikurrina, gure herriaren antzera, koloretsua da, eta Zirardamendin eta gainerako guda-leku guztietan, eskuz esku eta orpoz orpo, bandera gorritik gurutze zurirainokoak batu ziren, denak elkar hartuta, askatasunezko hariz ehundutako ikurrinaren atzean”.

Azkenik, Diputatuen Kongresuan  EAJ-PNVren bozeramailea den Aitor Estebanek hitz egin du; Zirardamendin hildako gudarietako baten, Sabin Atutxaren, senide  eta San Migelgo guduan aditu delarik, han 1936an gertatu zena azaldu du  eta inguru horietan hustu diren  hobi komunen kasua gogoratu du, baita Sabin Atutxa Olabarri getxoztarraren eta Eusebio Gaubeka leioaztarraren  DNA proben bidez egin diren identifikazioak ere.

Erakusketa ibiltaria

Erakusketarako sarbidea gerra-lubaki batean zehar egiten da.  Leku horretatik aurrera, gainerako erakusketa-gunean ikusi ahal dira:  panelak azalpen-testuekin eta argazkiekin, eta beira-arasak  gudarien gauzakiekin eta tresnekin (kaskoak, armak, eskuko bonbak, kantinplorak, mahai-tresnak, platerak, zenbait jantzi), horietako batzuk  Zirardamendiko hobi komunean aurkitutakoak, bai halaber Agirre lehendakariak Gernikako zinaren egunean  jantzi zuen trajea.

Erakusketaren osagarri, kontatzen diren gertaerak dramatizatuta Baleuko ekoiztetxeak egindako  dokumental baten emanaldia eskaintzen da.

Azpimarratu behar da “GOAZEN GUDARI DANOK… Askatasun-bidean Zirardamendi, Aiastia (San Migel), Elgoibar 1936 En defensa de la libertad” erakusketa  irailaren 5etik 21era ikusi ahalko dela Elgoibarren, astelehenetik ostiralera 18:00 eta 21:00 bitartean, eta larunbat eta igandeetan, 12:00 eta 14:00 bitartean eta 18:00 eta 21:00 bitartean. Ondoren ibilbide bati ekingo dio zenbait herritatik,  Erandio, Leioa, Mungia, Santurtzi eta beste batzuetatik, eta azkenik Bilbon  izango da erakusketaren itxiera.