Prentsa oharra 2023ko urriaren 4a

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Alex Txikon protagonista nagusi daukan Anwar (‘Argiz betea’) filma emango du

  • Filma urriaren 4an, asteazkenarekin, emango da, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan (Moraza plaza, s/g. Bilbao). Sarrera librea.
  • Goi-mendizaletasunaz, elkartasunaz eta energia berriztagarriez diharduen istorioa da, Rosa García Loirek zuzendu eta 601ek ekoitzitakoa, EKI Fundazioaren laguntzaz.
  • Emanaldiaren ostean, Alex Txikon protagonistak eta Nuria López de Guereñu EKI Fundazioaren zuzendatiak hitz egingo dute.
  • Etortzekoa bazara, jakinarazi, mesedez: 94.405.64.50  idazkaritza@sabinoarana.eus

ANWAR (Argiz betea), goi-mendizaletasunaz, elkartasunaz eta energia berriztagarriez diharduen istorioa da. ANWAR (Argiz betea), goi-mendizaletasunaz, elkartasunaz eta energia berriztagarriez diharduen istorioa da.
  • 2023ko urriaren 4a, asteazkena
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Alex Txikon bizkaitar mendigoizale ospetsua protagonista duen ANWAR (Argiz betea) film dokumentala datorren urriaren 4an, asteazkenarekin, ikusi ahalko dugu, 19:00etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioaren Agirre Lehendakaria aretoan, Bilbon (Moraza plaza z/g). Sarrera librea izango da, baina antolaketa-arrazoiak direla eta, bertaratzea baieztatu behar da aurretiaz (94.405.64.50 – idazkaritza@sabinoarana.eus).

Nepalen, Sierra Leonan eta Pakistanen grabatu den ANWAR filmak erakusten digu Txikonek  Manaslu mendira (Nepal) egindako neguko espedizioa. Filma goimendizaletasun, elkartasun eta energia berriztagarriei buruzko istorioa da. Kutsadurarik sortu gabeko lehen igoera izan zen, eguzki-panelek elikatutakoa. Parisko Hitzarmenarekin bat eginda, energiaren aztarna   izugarri murrizten duen sistema jasangarri horri esker, hasiera eman zitzaion lan solidario bati, EKI Fundazioaren eskutik.

Alex Sierra Leonara joan zen Fundazioak egiten duen lana ezagutzera. Bertan, eguzki-energia baliatzen duen sistema bat erabiltzen dute eskolek eta ospitaleek burujabetasun energetikoa izan dezaten. Hori ikusita, Txikonek proposatu zuen ideia hori Pakistango Diamer haraneko eskola berezi batean, Günter Mountain School delakoan, erabiltzea, horren desberdinak diren –eta aldi berean, horren berdinak− diren bi kultura elkartzeko.

Protagonistaren esanetan, «proiektu hau ondo egindako lan batetik sortu da, eta nabarmendu nahi dut pandemia betean filmatzea oso-oso zaila izan zen arren, gizakien aldeko balioen garrantzia azpimarratu nahi dut, zinez uste baitut ikusleak filmean erakusten denarekin enpatizatu eta aukera-desberdintasunei buruz gogoeta egingo duela».

Beste alde batetik, zuzendariak honela definitu du filma: «istorioak bidaia batera garamatza, pentsarazi egingo digu, hunkituko gaitu. Batzen diren bideetatik egindako bidaia da, non eskolak senidetzen diren, lagunak bide horri atxikitzen zaizkion, kultura-trukea gailentzen den, non pertsona batzuek etxea uzten duten zerbait alda daitekeela eta bestelako mundua izan daitekeela pentsatzen dutelako».

Rosa García Loirek (El Drogas filmaren ekoizle eragilea) idatzi eta zuzendu du, eta 601 Producciones Audiovisuales, S.L.k ekoitzi (Bull Runners of Pamplona, La Navaja de Ockham, Ainarak). Anwar filmak 80 minutuko iraupena du, Ignacio Maquirriain eta Raúl de la Fuente aritu dira argazkilari (Goya saridunak, film labur dokumental onena dela eta, Minerita lanari esker, 2014an, eta animazioko film onena dela eta, Un día más con vida lanari esker, 2019an). Miguel Hualde soinu-lanetan ibili da. Musikaz eta diseinu grafikoz Audio Network eta WellDone konpainiak arduratu dira, hurrenez hurren. Natxo Leuzak egin du editatze-lana (El Drogas filmaren zuzendaria eta ekoizlea). Ignacio Galíndez ekoizpen-zuzendaritzaz arduratu da eta Juan San Martín ekoizpen exekutiboz. Filmak EKI Fundazioaren babesa du.

 ALEX TXIKON

Alex Txikon, 1981eko neguan Lemoan jaiotako alpinista bizkaitarra, 30 espediziotan baino gehiagotan aritu da eta, 14 zortzimilakoetan, 11ren gailurrera heldu da; Shishapangma birritan eskalatu du. Gehienbat, Himalaiako neguko espedizioei ekin die. Izan ere, 2011ko negutik hona, halako proiektuetan etengabe aritu den munduko alpinista bakarra da. Bereziki garrantzitsua da 2016ko neguan lortutako balentria: urte hartan, Nanga Parbateko gailurrera (8.126 m) iritsi zen negu betean Ali Sadpara pakistandar eta Simone Moro italiarrarekin batera. Ordutik hona, negu-saiakerak egin ditu Everesten, 2017, 2018 eta 2020 urteetan, eta K2 mendian, 2019an.

Goi-mendiko kameralaria izan da RTVEko Al filo de lo imposible programan. Bere espedizioak kontatu ditu zinemaldietan ibilbide luzea izan duten dokumentalen bidez. Hedabideekin ohituta dagoela, Alexek aurkezpenak egiten ditu eta hitzaldiak ematen Espainiako bazter guztietan.

ROSA GARCÍA LOIRE

Rosa García Loire, ANWAR filmaren zuzendaria da eta, aldi berean, 601 Producciones Audiovisuales S.L.ko ekoizpen-zuzendaria. Rosaren lan-ibilbidea ikus-entzunezkoen ekoizpen arloan garatu da, hainbat ekoiztetxeren eskutik, estatuko nahiz nazioarteko proiektuetan lan eginda. Kultura- eta enpresa-ekitaldiak ekoitzi ditu, eta Nafarroako, estatuko eta nazioarteko ekoizleekin lan egin du hainbat formatutan. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentzia atera zuen UNEDen eta aditua da enpresa-kudeaketan nahiz irabazi-asmorik gabeko entitateen kudeaketan. Lankidetzaren esparruan, proiektu batzuk landu ditu UNRWA (Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia) erakundearentzat eta erakunde horren Nafarroako ordezkaria izan da. Nazioarteko erakunde batzuentzat ere lan egin du, hala nola FIYE Poland, SCI Bulgaria edo World For You Russia. El Drogas dokumentalaren ekoizle eragilea izan da, Ainarak dokumentalaren ekoizle eragilea eta zuzendari laguntzailea, eta ekoizle eragilea Natxo Leuzaren El que no ve film labur dokumentalean (ekoizpen-fasean).

EKOIZTETXEA: 601 PRODUCCIONES AUDIOVISUALES, S.L

601 Producciones Audiovisuales, S. L. ikus-entzunezko proiektuak sortzen dituen enpresa iruindarra da. Juan San Martín, hots, film honen ekoizle eragilea eta ikus-entzunezko ekoizpenaren alorrean 25 urtetik gorako eskarmentua duen 601 enpresaren bazkide sortzailea, enpresa-komunikazioa, zabalkundea eta telebista- nahiz zinema-ekoizpenak lantzen dituen proiektuaren burua da. RTVErentzat ekoitzitako La Navaja de Ockham telesailaren ekoizle eragilea izan da, Ultreia, Camino a Santiago telesailarena ere bai, eta 2022. urtean estreinatu zen Ainarak film dokumental luzearen zuzendaria.

EKI FUNDAZIOA

EKI Fundazioa 2017an eratu zen, Eguzkiaren energia garbia eta agortezina elektrizitatea sortzen aprobetxatzeko. Tokian irmo finkatuta dauden gobernuen zein gobernuz kanpoko erakundeen hezkuntza- edo osasun-proiektuak finantzatzen dituzte, epe luzeko proiektuen jarraipena bermatzeko asmoz. Proiektu bakoitzaren energia-beharretatik abiatuta, elektrizitatea sortzeko instalazio autonomo edo beregainak diseinatzen dituzte, eta behar diren elementuak bertatik bertara hornitzen dituzte. Fundazioko teknikariek gainbegiratzen dute aurrez aurre ekipoak instalatu eta abian jartzen direla. Geroago, urrunetik, Getxotik (Bizkaia), kontrolatzen dute instalazioen funtzionamendua euren bizitza baliagarrian zehar.

EKI Fundazioak gogotik parte hartzen du proiektu honetan, beharrezko ekipoa hornituta eta Alexi Sierra Leonan egindako lana ezagutarazita. Bertan, Eguzki-energiaz elikatutako sistema bat eskaintzen dute eskoletan eta ospitaleetan, erabateko burujabetza energetikoa bermatuta eta, gainera, mantentze-lana egiteko langileei prestakuntza emanda.