Prentsa oharra 2023ko azaroaren 6a

«EMAKUMEAK ABERRIA EGINEZ. EMAKUME ABERTZALE BATZA 100 URTE», euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen mugimendu feministari gorazarre

  • Sabino Arana Fundazioak argitaratu du liburua, Gogora Institutuaren laguntzaz; Begoña Bilbao Bilbao, Gurutze Ezkurdia Arteaga eta Karmele Perez Urraza EHUko historialarien ikerketa-lanaren emaitza da.
  • Liburuaren jatorrizko bertsioa euskaraz egin da eta gero gaztelaniara itzuli; berebat, argitaratu gabeko informazioa eta argazkiak ditu.
«EMAKUMEAK ABERRIA EGINEZ. EMAKUME ABERTZALE BATZA 100 URTE» liburuaren aurkezpena «EMAKUMEAK ABERRIA EGINEZ. EMAKUME ABERTZALE BATZA 100 URTE» liburuaren aurkezpena

Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga UPV/EHUko Garaian taldeko historialariek «Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte» lana aurkeztu dute gaur arratsaldean Gogora institutuaren egoitzan.

Sabino Arana Fundazioak argitaratu du liburua, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren laguntzarekin. 1922ko maiatzean, estatuan sortu zen emakumeen lehen erakunde politiko abertzalearen ibilbidea ikertu da eginiko lanean. Ibilbide aurrendari hartan, Emakume Abertzale Batzak euskal emakume abertzaleek parte hartzeko nahia bideratu zuen; gizarte-lan garrantzitsua egin zuen kulturaren, hezkuntzaren, elkartegintzaren edo euskararen normalizazioaren esparruetan; gainera, Euskadiren eraikuntza nazionala helburu izan zuen jarduera politiko biziari oratu zion.

Aurkezpen-ekitaldian, Begoña Bilbao, Karmele Perez eta Gurutze Ezkurdia lanaren egileek parte hartu dute, bai eta Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak ere.

Mireia Zaratek Emakume Abertzale Batzak kausa feministari egindako ekarpena azpimarratu du: «Denborak argiro esan digunez, EABk ezinbesteko lana garatu zuen emakume abertzaleak ahalduntzerakoan; hala, liburu honen egileak gogotik saiatu dira emakumeek osaturiko talde horrek merezi duen lekuan jartzen, Euskadiren alde egindako lanagatik eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borroka historikoan ondutako lorpenengatik», azpimarratu du.

Era berean, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak nabarmendu nahi izan du EABk esparru politikoan egindako ekarria, «gaur egun ezagutzen dugun Euskadiren eraikuntzan ere ezinbestekoa izan baitzen». Ildo horretan, Zaratek adierazi du «indartsuak, ausartak eta urratzaileak izan zirela, aurrerapausoak ematen jakin izan zutela eta askatasun eske zebilen herriaren eskaerak nahiz berezko lekua aurkitzeko aldarria egiten zuen gizatalde baten eskakizunak eurenganatu zituztela». «Izan zirelako gara. Gu garena zor diegu», azpimarratu du SAFen presidenteak.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Nerea Melgosa sailburuak emakumeek historian zehar egindako ekarpenak aintzatesteko eta balioesteko betebeharrari heldu dio, "kontakizun komunean ikusezin bihurtzea saihestuz eta gure memoria kolektiboaren subjektu aktibo gisa integratuz".

"Horrela bakarrik, emakumeek gure historian eta iragan komunean izan duten protagonismoa eta erreferentzialtasuna aldarrikatuz, berdintasunaren araberako etorkizuna sortu ahal izango dugu. Belaunaldi berriek emakumeen erreferenteak behar dituzte bizitzako esparru guztietan, eta emakumeen ahalduntze-prozesuak erreferente historikoak ere behar ditu ", esan du Melgosak.

Testuinguru horretan, Nerea Melgosa sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritza jarraibide metodologikoak biltzen dituen gida bat prestatzen ari dela, "emakumeak kontakizun historikoan txertatzeko bidean sakondu ahal izateko, eta, horrela, historian aktibista gisa izan duten papera ikustezin izan ez dadin”. Gida hau, sailburuaren hitzetan, orain arte akademiatik, erakundeetatik zein ikerlari desberdinen aldetik “egindako bidea indartzera dator”.

Liburu hau argitaratuta, Karmele Perezek, Begoña Bilbaok eta Gurutze Ezkurdiak aipaturiko mugimenduaren lana eta ibilbidea eman dute ezagutzera, jakinik «Gerra Zibilaren aurretik Hego Euskal Herriko lurraldeetan eragin handiena izan duen emakumeen talde edo kolektiboa izan dela».

«Emakume Abertzale Batzako kideei aitorpen irmoa eta iraunkorra eskaini nahi izan diegu, pertsona eta taldeen alde, gizartean eta politikan egindako lanagatik, une hartako helburu eta gertaera historikoek indarrean iraun dezaten», nabarmendu dute lanaren egileek.

«Emakume abertzale haiek, definizio edo titulu sinbolikoez haratago, ekimen eta eredu instituzional arrakastatsuen adierazle bilakatu ziren, eta beste hainbat antolakunde eta herri-mugimendurekin gertatu zen legez, gogotik lan egin zuten, harik eta 1936ko altxamenduak euren lana eten zuen arte», adierazi dute.

Era berean, Perezek, Bilbaok eta Ezkurdiak emakumeen kolektibo horrek zabalkunde, ongintza, hezkuntza eta gizarte-lanaren arloetan egindako lana aintzatu dute, «hizkuntza (euskara) aberriaren eraikuntzaren ardatza izango zela sinetsita».

Amaitzeko, liburuaren egileek azaldu dute EABko emakumeek berebiziko garrantzia izan zutela hauteskunde-deialdietan ere parte hartzeagatik; hala, «emakumeak subjektu politiko bihurtu zituzten» eta lan-munduan, politika-esparruan eta kultura-esparruan jarduteagatik, «etxeko eremuaren mugak gainditurik, betiere ikuspegi abertzaletik».

Besteak bestea, ondoko agintari hauek izan dira ekitaldian: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Ion Ganbra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia eta Iñigo Iturrate legebiltzarkidea.