Prentsa oharra 2023ko ekainaren 16a

“Euskadiren etorkizuna munduko ingurumarian jokatuko da”

  • Marian Elorza eta Izaskun Bilbao Euskadiren nazioarteko hedapenaz aritu dira «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» deritzon zikloaren azken jardunaldian.
Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak: Euskadi munduan. Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak: Euskadi munduan.

Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» zikloaren azken jardunaldian, Euskadik munduan daukan zeregina aztertu da.

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia eta Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko kidea Euskadi nazioartean posizionatzeko bidean ditugun erronka eta mehatxu nagusiez mintzatu dira, hau da, «Euskadi nazioen itunean lekutzeko, berezko tokia izanda erakunde, kultura, gizarte eta ekonomia esparruetan, hain zuzen ere», Marian Elorzak adierazi duenez.

Elorzaren esanetan, «Euskadiren etorkizuna agertoki edo ingurumari globalean jokatuko da». Eta «aldaketa geopolitiko sakonak eta eredu sozioekonomikoaren trantsizio hirukoitza nahiz egundoko eraldaketa gertatzear daudela, Euskadiren nazioarteko hedapenean sakontzea erronka eta herri-apustu bilakatu zaigu», esan du.

Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiaren iritziz, Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiak «hainbat arlotako eragileek eta euskal erakundeek auzolanean jarduteko iradokitzen du, eta ikuspegi partekatua gauzatzeko bidea erakusten du: «Euskadi eragile garrantzitsu gisa dago aitortuta nazioartean, erantzukizun konpartitua du europar proiektuan, eta konprometituta dago agenda globalarekin eta giza garapen jasangarriarekin: Euskadi herrialde berezi, abegikor, erresiliente eta berritzaile bat da, auzolanean lan egiten duena, hau da, euskal ko­munitate global gisa elkarlanean aritzen dena».

Elorzaren arabera, «Euskadi Basque Country-ren kanpo-posizionamendua hobetzea, ehun sozioekonomikoaren nazioartekotzea bultzatzea, Europako proiektua eraikitzen parte hartzea eta partaide izatea eta erronka globalak konpontzen laguntzea ditugu euskal kanpo-agenda eta ehuntzen ari garen nazioarteko aliantzak egituratzen dituzten ardatzak».

Beste alde batetik, Izaskun Bilbao europarlamentariak nabarmendu du «Europar Batasunak erantzun indartsu eta eraginkorra eman duela azken urteotan bizi izan ditugun krisi global handiei, hala nola pandemiari, Ukrainaren legez kanpoko inbasioak sortutako krisialdiari edo klima-aldaketaren ondorio eztabaidaezinari, eta ekinbide horrek berriro ere modan jarri duela bakea eta aurrerapena lantzeko tresnatzat sortu zen proiektua».

Era berean, iraganeko akatsen autokritika egin ondoren, Bilbaok adierazi du «Batasunak hainbat erreforma garatu dituela azken urteotan, erronka globalei hobeto erantzun ahal izateko, eta aurrekaririk gabeko berreskurapen nahiz erresilientzia plan berria jarri duela abian, denok batera ordainduko dugulako». Bestalde, Errusiaren mehatxuari «ahots bakar eta irmoz» emandako erantzun sendoa nabarmendu du. Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia (CoFoE) abian jartzearen egokitasuna ere azpimarratu du, bestelako gobernantza-eredu batean sakontzeko helburuz.

Testuinguru horretan, «Euskadi bezalako errealitateek funtsezko eginkizuna izango dute» adierazi du EAJ-PNV alderdiko eurodiputatuak.

Azkenik, «hurbiltasuna eta ezagutza ezinbestekoak direlako Europako politikak diseinatu eta gauzatzerakoan. Hala, egoera horretan, ezinbestekoa da Europako Parlamentuan ordezkaritza izatea erkidegoko arauak egiten esku hartzeko, onenengandik ikasteko, zer eman dezakegun erakusteko eta, Europar Batasunaren baitan, euskal kulturak eta erakundeek dituzten kezkak, ahotsa eta aniztasuna Bruselara zein Estrasburgora eramateko», azaldu du.