Prentsa oharra 2016ko urriaren 24a

“Egungo zigor-prozesuaren eredua zaharkitua eta zuztargabea da, eta oraingo gizartearen beharrizanetatik oso urrun dago”

Epaile, fiskal, abokatu eta irakasleek eztabaidan jardun dute Sabino Arana Fundazioan delituak ikertzeko bermeen sistemen inguruan, teknologia berrien erabilera tarteko.

“Egungo zigor-prozesuaren eredua zaharkitua eta zuztargabea da, eta oraingo gizartearen beharrizanetatik oso urrun dago”

Pedro Crespo jaunak, Auzitegi Goreneko Salako fiskalak, ondokoa esan du gaurko jardunaldian: “zigor-arloko ikerketa batek irauten duen artean, Konstituzioan aldarrikatzen diren oinarrizko eskubideen araberako tutoretza-maila bereizi eta berezitu behar da”.

Sabino Arana Fundazioak antolatutako mintegi batean egin ditu adierazpenok fiskalak. Mintegi horren xede nagusia izan da delituak ikertzeko bermeen sistemen inguruan eztabaidatzea, teknologia berrien erabilera tarteko dela.

“Delituak ikertzeko bermeen sistemak versus Teknologia berriak” izenburua izan duen mintegi horretan, Miguel Colmenero jaunak, Auzitegi Goreneko II. Salako magistratuak, ondokoa azpimarratu du: “delinkuentzia antolatuaren eta, horren barruan, delinkuentzia terroristaren garapenaren aurrean, teknologiak ekarritako aurrerabideak erabili behar ditugu zigor-arloko prozeduran, delitu egiteko planen berri izan dezagun delitugileak ekintza gauzatu baino lehen eta, beraz, kalte eraginkorra sorrarazi baino lehen. Guzti hau, baina, hiritar guztien, artean ustezko gaizkileak, oinarrizko eskubideen inongo urraketarik gabe”.

Teknologia berrien erabileraz lagundurik, delituak ikertzeko arazoari irtenbidea emateko asmoz, urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoak aldatu zuen Prozedura Kriminalaren Legearen Erreformak eman behar zuen erantzun egokia. Alabaina, Cresporen iritziz, “Lege horrek berak aitortzen du Espainiako botere legegileak ez daukala gaitasunik zigor-prozeduraren ereduaren erabateko berrikuntza beharko lukeen adostasuna lortzeko”; ildo horretan, fiskalaren aburuz, prozedura hori “zaharkitua eta zuztargabea da eta oraingo gizartearen beharrizanetatik urrun dago”.

Horregatik guztiagatik, Crespok esan du “kanal itxi batetik bideratzen diren komunikazioak kontrolatzea, komunikazio horiei atxikitako datuak tratatzea, zuzeneko komunikazioak etxebizitzen barruan eta kanpoan edo leku itxietan atzematea eta abar ustezko herritar errugabeen pribatutasunaren esparru sentikorrenari dagozkio, eta beraz, komunikazio horien inguruko tratamenduak eztabaida biziak pizten ditu, eta segurutik, piztuko ditu hurrengo urteetan”.

Hala, bada, jardunaldiaren xede nagusia izan da urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoak aldatu zuen Prozedura Kriminalaren Legearen Erreformak Auzitegi Gorenak, Konstituzio Auzitegiak eta, batik bat, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazitako gabeziei behar bezala erantzuten ote dien aztertzea eta eztabaidatzea. Ildo horretan, mintegia beste urrats bat dugu azken bost urteotan, hau da, ETA erakundeak behin betiko su-etena iragarri zuenetik, Sabino Arana Fundazioa egiten ari den hausnarketan, herritarrek zigor-prozesuan eduki dauzkaten eskubideen tutoretza eta bermeei lotutako auzien inguruan.

Margarita Uriak, Datuak Babesteko Euskal Agentziako zuzendariak koordinatutako mintegi horretan, besteak beste, ondokoek parte hartu dute: Juan Calparsoro, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburua; Juan Mateo Ayala, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua; Juana Balmaseda, Legelarien Euskal Kontseiluko kidea; Manuel Lezertua arartekoa; Enrique Lucas, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea; Javier Mira, Valentziako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakasle titularra; Txema Montero, abokatua; Alberto Saiz Garitaonaindia, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako Auzibideen zuzendaria.