Prentsa oharra 2016ko apirilaren 21a

Dublingo Pazkoko altxamenduaren mendeurrena

1916ko matxinadak Irlandako independentzia aldarrikatzeko ekimena abiarazi zuen. Irish Times egunkariko kazetari eta idazle Paddy Woodworth-ek hitzaldia emango du ostegun honetan, arratsaldeko 7:30etan, Sabino Arana Fundazioan. Kazetaria zuzeneko lekukoa izan da Irlandako eta Euskadiko gatazketan eta zalantza egiten du orduko gertaera abertzaletasun-ekintza edo ekintza terrorista izan ote zen. Guztiaz ere, Woodworth-ek uste du “gertaera horren ondorioz, XX. mendeko Irlandako nazioa behin betiko eratu zela”. HITZALDIA GASTELANIAZ IZANGO DA.

Dublingo Pazkoko altxamenduaren mendeurrena

Britainia Handiko armada Lehen Mundu Gerran bete-betean sartuta zegoela, 1916ko apirilaren 24an, Pazko astelehenarekin, Irlandako milizia nazionalistek (Herritarren Armada eta Irlandako Boluntarioek, gerora Irlandako Armada Errepublikarra edo IRA deitutakoa) posta-erakundearen bulego nagusia okupatu zuten Dublinen, Ingalaterrako boterearen ikurtzat zutelako. Matxinada hark porrot egin zuen arren, handik aurrera den-dena aldatu zen Irlandarentzat.

Paddy Woodworth idazleak, Irish Times egunkariko kazetariak eta University College Dublin-eko Hizkuntza eta Literatura Eskolako katedradunaren ondokoak hitzaldia emango du apirilaren 28an, ostegunarekin, arratsaldeko 7:30ean. Hitzaldiak ondoko izenburua izango du: “1916ko Pazkoko Irlandako matxinadaren jaraunspen argi-iluna: abertzaletasuna ala terrorismoa?”. 

Paddy Woodworth-ek adierazi du Euskadirekin maitemindu zela Bilbora lehen aldiz etorri zenetik, 1975ean. Izan ere, Woodworth oso aditua da gure lurraldeko auzietan eta Euskadiren nahien inguruko ezagutza sakona dauka. 

Woodworth-ek idatzitako liburuen artean, ondokoak nabarmendu behar ditugu: “Dirty Wars, Clean Hands. ETA, the GAL and the Spanish Democracy” (Gerra Zikina, Esku Garbiak. ETA, GAL erakundea eta Espainiako demokrazia) eta “The Basque Country: A cultural history”, Europako hizkuntza zaharrenetakoa daukan euskal kulturaren eta gizartearen inguruko lana.

Datorren osteguneko hitzaldian, Paddy Woodworth-ek gogoraraziko digu irlandar nazionalista gutxi batzuek Britainia Handiko agintarien aurkako indarkeriazko matxinada antolatzeko erabakia hartu zutela 1916an. Gertaera horrek oihartzun handia izan zuen nazioartean, batik bat, kolonizatutako herrialdeetan. Woodworth-en hitzetan, “jaraunspen edo ondare iraunkorra izan da, baina arazo asko ekarri dizkio Irlandari, baita gaur egun ere, mende bat geroago igarota”.

“Armak erabiliz, gutxi batzuen borondatea gehiengoaren nahiaren gainetik ezarri zuen mugimendu hura ospatu behar ote dugu irlandar demokratek?; Aberriaren gaineko iritziek eta ideiek zilegitu ote dezakete armak erabiltzea estatuaren aurka eta herritar gehienen iritziaren aurka?” galdetuko dio bere buruari idazleak eta Irish Times egunkariko kazetariak.

Paddy Woodworth-en aburuz “horixe da, hain zuzen, AEBetako miliziano erradikalek gaur egun darabilten eta ETA erakundeak beste sasoi batean zerabilen argudioa”.

Hala eta guztiz ere, kazetariak zalantza egiten du zilegi ote den, etikaren ikuspegitik, Irlandako matxinatuak Lehen Mundu Gerran eskala handiko triskantza eta txikizioak justifikatzen zituzten Europako potentzia nagusietako agintariak baino gaiztoagoak izan zirela esatea. Eta zalantza horri hauxe gaineratuko dio: “areago esanda, britainiarrek matxinadari dudazko fusilamenduak eginda erantzun ziotenez, Irlandako iritzi publikoa matxinatuen alde agertu zen eta altxamendua arin bai arin hartu zen XX. mendeko irlandar nazioaren behin betiko eta sortzezko egintzatzat”.

Britainiarrek ez zuten bete agindutako zina, hots, irlandarrei autonomia emateko agintza Gerra Handiaren ostean, armarik gabeko gehiengo nazionalistak espero zuen moduan, eta horren ondorioz, “gizarte eta politika arloko ideia miragarriak” zituzten matxinatuen buruzagiek “herritar zibil asko eta asko hil zituzten, umeak ere bai”, Paddy Woodworth-ek dioenez.

Oraintsuko historian eta historia garaikidean, Irlandako altxamendu horretan oinarri hartuta jardun dute terroristatzat sailkatutako talde batzuek, besteak beste, Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarra (Provisional Irish Republican Army) eta Benetako IRA (Real Irish Republican Army). Paddy Woodworth-ek auzi horiek guztiak jorratuko ditu hitzaldian.