Hedabideentzako deialdia 2023ko martxoaren 17a

Euskadi jasangarri, inklusibo eta lehiakorraren alde

  • Ivan Martenek eta Fernando Tempranok ingurumenaren gaineko eragina murrizteko aurrean ditugun erronkei helduko diete Sabino Arana Fundazioan.
  • Martxoaren 17an, ostiralarekin, 17:30etik aurrera, «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» zikloaren barruan. Sarrera librea. Ekitaldian parte hartzeko baieztapena hemen: 94.405.64.50 | idazkaritza@sabinoarana.eus.
Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak: eraldaketa ingurumenean Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak: eraldaketa ingurumenean
  • 2023ko martxoaren 17a, ostirala
  • 17:30h -(e)tik 20:00h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Eraldaketa eta bilakaera azkarra dira nagusi une honetan gizartearen esparru guztietan: ekonomian, gizartean, teknologian, ingurumenean… Ingurumenaren eremuan, hain zuzen ere, Euskadi plan berria prestatzen ari da, lurralde iraunkorragoa eta pertsonen ongizate-maila handiagoa lortzeko bidea ahalbidetuko duena.

Horren haritik, Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» zikloaren ildoan, datorren ostiralean, martxoak 17 dituela, arratsaldeko 17:30etatik aurrera «Eraldaketa ingurumenean» jorratuko dugu.

Horretarako, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren presidentea, Ivan Marten, eta Fernando Temprano, Talantiaren sortzaileetako bat eta Repsol konpainiako I+G eta Teknologia zuzendari ohia, izango ditugu gurean.

Aurreneko hitzaldian, Ivan Martenek lau gai aletuko ditu: 1) energia, gizarteen garapenerako funtsezko input-a, 2) klima-aldaketa, planetari gogor eragiten dion errealitatea, 3) trantsizio energetikoa eta horren ondorioak, eta 4) geopolitikan eta Euskadin dituen inplikazioak.

Ivan Marten Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren presidentea da. 35 urteko esperientzia dauka nazioartean energiaren eta ingurumenaren sektorean, Vice Chairman Energy izan da (2016-2018), eta, horren aurretik, Global Leader izan da 9 urtean, Boston Consulting Group konpainiaren energia-arloan.

Gaur egun, energia-sektoreko hainbat enpresa eta erakundetako aholkulari independentea da, hala nola Tubacex, Repsol, ENSO eta EVE (Energiaren Euskal Erakundea), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakundetako aholkularia ere, hala nola Deusto Unibersitatea, Tecnalia, BBK KUNA, Basque Trade, Innobasque eta CEIT.

Nazioartean, Innovation Fund Denmark-eko nazioarteko aholku-batzordeko kidea da, eta IEF (International Energy Forum), WPC (World Petroleum Council) eta AMER (Asian Ministerial Energy Roundtable) antolakundeekin ere, besteak beste, lankidetzan jarduten du.

Trantsizio Energetikorako Euskal Herriko adituen batzordeko kidea izan da.

Bestalde, Fernando Tempranoren arabera, egungo energia-ereduak ez du horniduraren segurtasuna bermatzen. Ildo horretan, Fernando Tempranok beste energia, industria eta teknologia esparru batzuk aztertuko ditu bere hitzaldian.

Azkenik, ingurumen-politiketan eta -erregulazioetan etorkizunean izan daitezkeen joerei ere helduko die, bai eta industriari eta aberastasun kolektiboari dagokienez erabakiak eta, batez ere, aldaketaren erritmoak ideologian oinarritzeko arriskuei ere, funtsezko teknologietan baino gehiago.

Fernando Temprano Kimika Zientzietako doktorea da eta Enpresen Administrazioko masterduna.

Unibertsitateko irakasle hasi zuen ibilbide profesionala, eta geroago mineralen eta teknologiaren sektorean lan egin zuen eta 1989an Repsolen hasi zen lanean. Han, hainbat kargu eta ardura izan ditu Estatuan eta Latinoamerikan, harik eta, 2007an, Repsoleko I+G eta Teknologia zuzendari izendatu zuten arte, mundu mailako erantzukizuna emanda.

Hainbat enpresa eta erakundetako administrazio-kontseiluetako eta patronatuetako kide izan da. Gaur egun, besteak beste, Rafael del Pino Fundazioaren Zientzia eta Gizartea Katedrako Adituen Batzordeko kide da, eta Associate izendapena du Harvardeko Unibertsitateko Department of Earth and Planetary Sciences delakoan.

2017an, beste bazkide batzuekin batera, Talantia sortu zuen, hots, ingurumen-alderdiak lantzen dituen start-up teknologiko bat.

Gainera, hainbat enpresa eta erakunderen aholkularia da I+G+b eta teknologia, eta berrikuntzan nahiz teknologian oinarritutako eraldaketa estrategiko eta negozio-eraldaketa arloetan.