Hedabideentzako deialdia 2023ko martxoaren 23a

“EABko emakumeak, Aberriaren aldeko ametsen eroale” hitzaldia

UPV/EHUko Garaian Taldeko Karmele Perez, Begoña Bilbao eta Gurutze Ezkurdia irakasle eta ikertzaileek Irungo Emakume Abertzale Batzaren (EAB) sorrera eta garapena aztertuko dituzte datorren ostegunean, martxoaren 23an, Irunen. Hitzaldia iDEIAlekun izango da, 19:00etan.

Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta Garaian Taldeko kideek hitzaldi bat eskainiko dute datorren ostegunean, martxoaren 23an, 19:00etatik aurrera, Irungo iDEIAlekun, Emakume Abertzale Batzak (EAB) Gipuzkoako herri horretan izan zituen sorrera eta garapenari buruz.

Hitzaldia «EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» erakusketaren esparruan antolatu da. Hiru irakasleak erakusketaren komisarioak dira egun hauetan ikus daiteke Irungo iDEIAlekun bertan, GAURKO ANDREAK Berdintasunaren Aldeko Elkartearen ekimenez.

Garaian (UPV-EHU) lantaldeko ikerlariek aurreratu digutenez, «Irun ez zen toki erraza izan euskal abertzaletasuna zabal zedin. Izan ere, Irun mugako herria da eta kanpotar asko bizi ziren bertan, jende askoren etengabeko joan-etorria zela eta».

«Irungo EAB 1932ko otsailean sortu zen, ehun bat afiliaturen eskutik, baina urte horretan, 300 baino gehiago izan zituen. Egoera aldekoa ez bazen ere, EABko emakume abertzaleek aberriaren aldeko ametsak bete zitezen lan egin zuten, eta uso mezulariak bailiran, lau haizetara zabaldu zituzten mezu abertzaleak. EABren egoitzan (Euzko Langileen Alkartasuneko jarraoitzaileak ere egoitzan ibiltzen ziren), joskintza, sukaldaritza, irakurketa eta idazketa, musika eta dantza eskolak eman zituzten, eta ‘umetxu dantzarien’ lau talde ere osatu zituzten», aurreratu digute Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perezek eta Begoña Bilbaok.

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak sustatutako erakusketa hau martxoaren 30era arte egongo da ikusgai Irunen, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:30era.

Erakusketa Irunera ekarri da eta hitzaldia antolatu da GAURKO ANDREAK Berdintasunaren Aldeko Elkartearen ekimenez. GAURKO ANDREAK elkartea Irungo emakumeen elkartea da, eta emakumea gizartearen esparru guztietan (kultura, politika, kirola, gizartea, lana…) ikusarazteko lanean dihardu.