Prentsa oharra 2023ko abenduaren 2a

Jokin Bildarratz: «Hezkuntza Lege berria aukera historikoa da Euskal Hezkuntza Sistema propio eta kalitatezkoa erdiesteko bidean jarraitzeko»

Ikastetxeetako aditu, zuzendari eta irakasleek hizkuntzen irakaskuntzaren etorkizunak dituen erronka eta aukerak aztertu dituzte gaur Sabino Arana Fundazioan

Jokin Bildarratz: «Hezkuntza Lege berria aukera historikoa da Euskal  Hezkuntza Sistema propio eta kalitatezkoa erdiesteko bidean jarraitzeko» Jokin Bildarratz: «Hezkuntza Lege berria aukera historikoa da Euskal Hezkuntza Sistema propio eta kalitatezkoa erdiesteko bidean jarraitzeko»
  • 2023ko abenduaren 2a, larunbata

«Eleaniztasun estrategian bidea egiten: aukerak eta erronkak» deritzon mintegia izan da du gaur goizean Sabino Arana Fundazioan. Jardunaldian, Hezkuntzaren arloko berrogeita hamar bat profesional eta eragilek parte hartu dute.

Jardunaldiaren hasieran, Mireia Zarate Fundazioaren presidentearen ongietorriaren ostean, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, «Hezkuntzaren lege berria aukera historikoa da kalitatezko euskal hezkuntza-sistema propiorantz aurrera egiten jarraitzeko». Sailburuak azpimarratu duenez, lege-proiektu hau legebiltzarkide, gobernuko kide, zuzendari, irakasle, hezkuntzako beste eragile, familia eta beste askoren arteko elkarlanaren emaitza da, hezkuntzak guztion beharra baitu». Bildarratzek azpimarratu duenez, «lege-proiektua Legebiltzarrean sinatutako hezkuntza-akordioarekin bat dator», eta «lege hau onartuta, esparru arautua eta berritua nahi dugu, erronka berriei heldu ahal izateko». Hizkuntzen auziari dagokionez, legeak «estrategia berria» jorratzeko aukera ematen duela adierazi du, «irteera oneko profilak eta tresna berriak landuta eta irakasleen prestakuntza bultzatuta».

Beste alde batetik, Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak Hezkuntzaren lege berriak hizkuntzen ikaskuntzaren esparruan dituen erronkei eta, batez ere, dakartzan aukerei buruz hitz egin du. Pedrosak nabarmendu duenez, «gure sistemako ikasleek euskaraz zein gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna hobetzeko eta atzerriko hizkuntzetan trebatzeko apustua egiten du lege honek». Hala, sailburuordearen esanetan, legeak bidea ematen du «curriculumeko hizkuntzen tratamendu integral eta integratua lantzeko esparru propioa gara dezagun, hau da, tresna berriak garatu eta ikastetxeko hizkuntza-proiektuen plangintza hobetzeko gako garrantzitsuenetako bati ekin diezaiogun». Hala berean, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren sorrera nabarmendu du: «lan egiteko eta elkarlanean aritzeko modu berriak bultzatuko ditu, eta, batez ere, hizkuntzen eremuko estrategia orokorrari heltzeko plan propioa sustatuko duela» ziurtatu du. Bestetik, Euskal Hezkuntza Sistemako unibertsitateekin batera abian jarri den elkarlaneko ikerketa azpimarratu du, «praktikan oinarritua, ikerketan funtsatirko erabakiak hartzen lagunduko baitu».

Jardunaldian, hizkuntzen ikerketaren eta ikaskuntzaren arloan ospe handia duten bi irakasle izan dira. Alde batetik, Jasone Cenoz, Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak azken 40 urteotako ikerketak eman duena laburbildu du. Geroago, Roberto Mielgo Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasle eta ikertzaileak azken hogeita hamar urteotan irakasleen prestakuntzan izan ditugun erronkak azaldu ditu, eta etorkizunean hizkuntzak irakasteko lehentasunak eta bideak zein izango liratekeen adierazi du.

Jardunaldiaren amaieran, mahai-inguru bat egin da eta, horretan, ikastetxeek euren esperientziak aurkeztu dituzte eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatu dute. Mahai-inguruan, ondokoek parte hartu dute: Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako Itxaso Etxebarria, Barakaldoko Gurutzeta HLHIko zuzendari Mikel Juaristi, Gasteizko Calasanz ikastetxeko koordinatzaile pedagogiko Jone Lopetegi eta Zarauzko Lizardi Bigarren Hezkuntzako Institutuko Marina Aranzabal.