Prentsa oharra 2014ko otsailaren 21a

Beste bultzada bat Europan hizkuntza gutxituak babesteko

Europar Batasunean 255 hizkuntza baino gehiago mintzatzen dira; horietatik 128 “mehatxatu”tzat jotzen dira, eta 90, “larriki mehatxatu”tzat. Guztira, biztanleriaren % 8ri eta 42 milioitik gora pertsonari eragiten die.

Beste bultzada bat Europan hizkuntza gutxituak babesteko

François Alfonsi (Berdeak-ALE Taldekoa) eta Csaba Sándor Tabajdi (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldekoa) Europar Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-elkarteko presidentekideek “Desagertzeko arriskuan dauden europar hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena” aurkeztu dute gaur Bilbon, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldi batean. Txosten hori gehiengo handiz onetsi zen Europako Parlamentuan joan den 2013ko irailaren 11n.

 Europako Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-elkarteko presidentekide biek ez ezik, jardunaldian baita parte hartu dute ere  Izaskun Bilbao  EAJ-PNVko eurodiputatuak, Ramon Tremosa CiUko eurodiputatuak, Patxi Baztarrika  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkari zenbaitek. 

Csaba Sándor Tabajdi Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldeko  eurodiputatuak esan  du ezen, gaur egun Europan “255 hizkuntza baino gehiago mintzatzen direla, eta horietatik 128 “mehatxatu”tzat jotzen direla, eta 90, “larriki mehatxatu”tzat. Guztira, biztanleriaren % 8ri  edo 42 milioitik gora pertsonari eragiten die. Hala ere, adierazi du, prozesu hori “ez dela atzeraezina“  eta “ ezarri daitezkeela politika batzuk, erkidegoek bakoitzak bere lurraldeko hizkuntzak biziberritzeko eta iraunarazteko egiten dituzten ahaleginak sostengatzeko”.  “Horren adibide on bat da —esan du—  euskararena, zeren kasu horretan  bizirautea ez ezik,  aurreratzea ere lortu baita, espainol hizkuntzaren  pisuagatik ere, azken hori  mundu osoan 500 milioitik gora pertsonak hitz egiten dutelarik.

“Nafarroako egoerari dagokionez –jarraitu du- 40.000 nafarren hizkuntza-eskubideak foru-gobernuaren eskutan daude eta, hain zuzen ere, hark bermatu behar  ditu irratirako eta euskal telebistarako lizentziak”. Eta zera gogoratu du: “berriki Taldeartekoak Euskalerria Irratiaren egoera aztertu du, irrati-etxe hori  ixteko zorian baitago”.

Frantziar estatuari dagokionez, zera adierazi du: “horrek ere ez du aitortzen frantsesa ez den beste hizkuntzarik,  eta horrela  Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako milaka euskaldunen eskubideak urratzen ditu”. Ildo horretatik,  europar instituzioei eskatu die “presioa egin diezaiotela Frantses gobernuari, Hizkuntza Gutxituen Gutuna berresteko konpromisoa bete dezan”.

Csaba Sándor Tabajdik baita adoretu du ere,  beste bultzada bat ematera Europan hizkuntzak babesteko: lehenengo eta behin, Parlamentuak gutxiengo nazionalak eta hizkuntza-gutxiengoak babesteko  onetsitako ebazpen baten bitartez. “Parlamentuko zerbitzuei  galdera bat aurkeztu zaie eta Presidenteen Batzarraren erabakiaren zain gaude, osoko bilkura batean sar dadin”, jakin eragin du.

Eta bigarrenik, “Europar Herritarren Ekimenaren bitartez, Lisboako Itunak bermatua berori”, erantsi du.

EAJ-PNVko eurodiputatu Izaskun Bilbao, bestalde, honako honetara mintzatu da: “aurrerapen hori ona da Europako demokraziarentzat”, baina “urrats hori benetan erabakigarria izango da, legedi lotesle bihurtzea gai horren gainean ateratako gutun, adierazpen, manifestu eta Batasunean ugari diren borondate oneko beste  jakinarazpen batzuk”.

Bilbaok zera ere gogoratu du: “txosten hori idazteari ekin zitzaionean, sareko lan bat antolatu genuen eta abian ipini  euskararen  esparruan lan egiten duten zenbait instituzio eta erakunderekin, besteak beste: Euskaltzaindia bera eta Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikako arduradunak, Nafarroako eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako zenbait herritar-elkartez gain, eta 17 zuzenketa prestatu genituen, haien artean, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei buruzko txosten horren aplikazio-eremuan euskara eta katalana sartzea; hizpide dugun gai hau despolitizatzea, demagogiak kalte itzela egin baitio; eleaniztasunaren estatusa Europar Batasunaren sorrerazko balio gisa sendotzea, eta eleaniztasunaren gaineko debatea despolitiza dadin  gomendatzea”.

Patxi Baztarrika  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako  sailburuordearen iritziz, “Europar Parlamentuaren irailaren 11ko ebazpena oso abiapuntu on bat da Europako instituzioek Europako berezko hizkuntza-politika bat, estatuen gainetik egongo dena, egitura dezaten. Ebazpen hori —esan du— ez da azken xedea, ezpada ze, hasteko eta behin, abiapuntu da, beste urrats bat, bideari jarraitzeko”.

Baztarrikaren irudiko, “Europan hizkuntza-askotarikotasuna ez dago bermatuta, beste zergati batzuen artean, gaur egun Europan oraindik “Estatu  bat, hizkuntza bat” ideia delako nagusi, paradigma hegemoniko eta baztertzaile gisa berori. Elebakartasunaren ideia da”.

Horrekin guztiarekin ere, Baztarrikak adierazi du, “helburua ez dela  estatuen hizkuntzak gainditzea edo haiek ordeztea, ezpada ze gure hizkuntzei  leku iraunkor bat bermatzea haien alboan, europar hizkuntzen arteko bizikidetza iraunkor  bat eraikitzea”.

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako ekitaldian berrogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute: eurodiputatuak, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkariak, eta bertan baita mintzatu dira ere Andrés Urrutia, Euskaltzainburua, eta Juan Mª Atutxa, Sabino Arana Fundazioko lehendakaria. Jardunaldiaren irekieran Fundazioko lehendakariak, “aniztasunean bat eginik” egoteko eskatu du, zeren bestela, Atutxaren ustez, “Aniztasunari bizkarra erakutsi izan zaion bakoitzean... ezabatu nahi izan den aldioro... herritar guztiak berdindu nahi izan diren bakoitzean... gatazkak hartu dio hitzari eta elkarbizitzari lekua; saminak eta ezinikusiak lorrindu ditu bazterrak; bete ditu hilerriak eta kaleak... eta basamortu bihurtu ditu zelaiak, gure iraganak erakusten digun legez”.

Juan Mª Atutxaren iritziz,  “Hizkuntzak, txikiak zein handiak, hiztun ugari zein urriak dituztenak, berdinkideak dira... hizkuntza horiek darabiltzagun herritarrok berdinkideak garelako, duintasun bera dugulako... eta bizitzeko eta izaten segitzeko eskubide bera dugulako”. 

Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, amaitzeko, zera adierazi du: “Bizitzeko eta izaten segitzeko eskubidea dugu... eta halaxe egin nahi dugu gure aurrekoek gure eskuetan laga zuten hizkuntza belaunez belaun transmitituz, iraunaraziz eta biziberrituz... aldi berean, gainerakoek egin ditzaketen bestelako hautuak errespetatzen ditugularik”.