Prentsa oharra • 2025ko abenduaren 18a
Hizkuntza bat ez da galtzen immigrazioaren erruz
Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak euskara gizarteratzeko giltzatzat aldarrikatu nahi duen jardunaldia antolatu dute gaur, Migratzaileen Nazioarteko Egunean.
Gurera etorri diren migratzaileak izan dira Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak Hizkuntza harrerarako ardatz batzuk izenburuaren ildoan antolatu duten jardunaldiaren protagonistak. Topaldia gaur izan da, Migratzaileen Nazioarteko Egunean, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (Bilbo), goiz osoan. Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin diete ongietorria gonbidatu eta hizlariei.
Ikuspegi demografiko, sozial eta ekonomikoak uztartuz, argi dago immigrazioak funtsezko eginkizuna jokatzen duela gaur egungo eta etorkizuneko Euskal Autonomia Erkidegoaren konfigurazioan. Horrenbestez, egiturazko fenomenoa izanik, ezinbestekoa da maila guztietan, eta bereziki politika publikoetan, populazio horren behar eta itxaropenak diseinu-prozesuaren erdigunean jartzea; horrek aukera emango baitu gizarte kohesionatuagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa eratzeko. Honela, gaurko mintegiaren xedea izan da migratzaileek hizkuntzari, kulturari eta abarri dagokienez ezezaguna den eremu geografiko eta kultural batean bizitzeko antzeman ohi dituzten aukerak eta zailtasunak jorratzea. Ikertzaileek, unibertsitateko irakasleek eta migratzaileen hainbat elkartetako ordezkariek parte hartu dute jardunaldian.
Migrazio-fenomenoa Euskal Autonomia Erkidegoan nahiko berria izan arren, eraldaketa handia ekarri du. EINeko azken datuen arabera, 2025eko urriaren 1ean, atzerrian jaiotako 333.009 pertsona zeuden erroldatuta EAEn, populazio osoaren % 14,8, hain zuzen ere. Beraz, azken 22 urte hauetan, atzerritar jatorriko biztanleria laukoiztu egin da hiru lurraldeetan. Horrekin batera, migrazio-fenomenoa prozesu dinamikoa den heinean, migrazio-fluxuak gero eta anitzagoak dira eta horien hazkundea ez da homogeneoa izan etapa guztietan. Hau da, EAEko biztanleria azkar ari da aldatzen. Hain zuzen, Julia Shershneva IKUSPEGI Behatokiaren zuzendaria eta EHUko irakasle agregatua izan da migrazioaren egungo maparen datu horiek eman dituena. Kopuruez gain, bestelako datu argigarriak ere eman ditu Shershnevak: gurera heldu diren migratzaileen adina, beraien jatorrizko herriak...
Ondoren, Alberto López Basaguren EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedradunak eta Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak hizkuntzen konkurrentziarako gida praktikorako oinarri filosofiko-politikoak azaldu dituzte SAFen egoitzan. Bien artean azken hamarkadetan euskarak pairatu dituen gorabeherak aztertu dituzte, eta gero egungo egoera gazi-gozoari heldu diote. Ildo horretan, agerikoa dena aitortu dute: ofizialki aldarrikatu eta ia 50 urtera, euskaldunak direla beren herrialdean beren hizkuntza-eskubideen aurkako eraso etengabeak jasaten dituztenak; eta gaztelania, berriz, hizkuntza frankoa, menderatzailea eta lehen ofiziala dela. Etsipenean jausi gabe, aurrera egin behar dugula gaineratu dute irakasle biek, hausnarketa sakonak eginez eta plangintza zehatzak ezarriz. Immigrazioa behar-beharrezkoa dela esan dute, gure gizartea zahartzen doalako eta demografikoki atzera egin duelako nabarmen. Baina, beraien iritziz, horrek ez dio eragin handirik egingo euskararen bizitasunari («immigrazioa ez da euskararen arazo nagusia, hizkuntza bat ez da galtzen immigrazioaren erruz»). Aldaketa handiena harremanak izateko modu berriek ekarriko dutela esan dute: «Gizarte berean hizkuntza desberdinak elkarrekin bizitzea atzeraezina da, eta eztabaida etiko eta politikoak sortzen ditu aniztasun hori jendaurrean nola arautu behar den jakiteko. Testuinguru horretan sortzen da Hizkuntza Justiziaren kontzeptua». Dena den, argi adierazi dute euskararen aurkako mehatxu nagusia ez dela immigrazioa. «Azken batean, immigrazioa komunitatea bera epe luzera indartzeko aukera gisa» ulertu behar baita. «Mehatxu nagusia -azpimarratu dute- teknologiatik eratorritako gizarte-aldaketetatik dator, gure ongizate-maila handi samarrarekin batera. Euskararen erabilerak behera egin du, batez ere, euskaldunen hizkuntza-ohiturak desbideratu egin direlako».
Onartu dute euskararen etorkizuna konplexua dela, edozein hizkuntza gutxiturena bezainbat, baita estatu-hizkuntza batzuena ere. «Izan dezakegun botere politikoa mugatua da, eta ez da erraza aurrerabide handia ekarriko duten hizkuntza-politikak ezartzea, begien bistakoa dena jada pentsatuta eta ezarrita dagoenean; eta are gehiago neurri posibleen zati bat gizarteko sektore garrantzitsu batek eta erakunde batzuek atzera bota dezaketenean», ohartarazi dute. Eta, amaitzeko, aurrerabidean garatu beharreko hiru faktore aletu dituzte: «Lehenik eta behin, euskararen alde ahalik eta botere instituzional handiena izateko demokratikoki borrokatu beharra dago. Bigarrenik, beharrezkoa da immigrazioa euskalgintzan txertatzea, proiektu politiko eta sozial erakargarri eta ireki baten bidez. Hirugarrenean, gero eta beharrezkoagoa da teknologia euskalduntzea, horretan inbertitzen eta lan egiten jarraitzea, eta, batez ere, hizkuntza komunitatearen barruan teknologia hori jendarteratzen eta erabiltzen jarraitzea (...) Finean, botere gehiago, pertsona gehiago eta teknologia gehiago behar da».
Bestetik, Larraitz Zumeta IKUSPEGI Behatokiko ikertzaileak etorkinen gizarte-sareen ezaugarriak azaldu ditu. Azken inkestek diotenez, migratzaileen asoziazionismoa sendotze-prozesuan dago gaur egun, baina ekosistema horren erresilientziak ez du ezkutatzen bere egiturazko hauskortasuna. Azterlanek diotenez, baliabide eskasiak, urteko deialdiekiko mendekotasunak eta erakundeen babesen egonkortasunik ezak baldintzatzen dute elkarte-sare migratzailea. «Gaur egun, migrazio-esperientziek erronkak dakartzate, bai, baina aukerak zabaltzen dituen lurraldea da Euskadi, bizikidetza, justizia soziala eta herritartasuna baliatzeko moduak birpentsatzeko aukera ematen duen herria. Horrela, gure gizartea egiteko moduak aberasten dituzten zaintza-, antolaketa- eta pentsamendu-praktikak sortzen ari dira ertzetatik, erkidego-eremutik eta autokudeaketari dagokionez. Ekimen horiek indartzeko, azken batean, egitura porotsuagoak, sentikorragoak eta askotarikoaren konplexutasuna hartzeko gai direnak irudikatu behar dira», aldarrikatu du Zumetak.
Beste ikertzaile, irakasle eta aditu batzuek ere parte hartu dute mintegian, hain zuzen, Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak (HUHEZI), Nora Palmitano Zestoako euskara teknikariak, Iker Barbero EHUko irakasle agregatuak, Celeste Agüero irakasle eta migrazio-aholkulariak, Mamadou Saar Ndank Ndank Elkarteko arduradunak eta Mónica Quiroz Gernika-Lumoko Ideasur Elkarteko presidenteak.
Aditu gehienen ekarpenak Hermes aldizkariaren azken zenbakian bildu ditu Sabino Arana Fundazioak.