Prentsa oharra 2026ko maiatzaren 27a

Sabino Arana Fundazioa eta Oreki Fundazioak euskal tradizio humanistaren indarraldia aldarrikatu dute egungo ekinbide politikoan eta sozialean

  • Adituen arabera, «ez dago komunitaterik belaunaldien arteko transmisiorik eta konpromisorik gabe»
Sabino Arana Fundazioa eta Oreki Fundazioak euskal tradizio humanistaren indarraldia aldarrikatu dute egungo ekinbide politikoan eta sozialean Sabino Arana Fundazioa eta Oreki Fundazioak euskal tradizio humanistaren indarraldia aldarrikatu dute egungo ekinbide politikoan eta sozialean

Ziurgabetasuna, krisi demokratikoak, desberdintasunak eta zatiketa soziala nagusi diren egungo ingurumarian, Sabino Arana Fundazioak eta Oreki Fundazioak topaldi bat antolatu dute gizarte-kohesioa eta konpromiso kolektiboa indartzeko gai diren gaur egungo erreferentzia etiko eta komunitarioak berreskuratzeko helburuz.

«Etorkizuna prestatzen euskal humanisten eskutik» izenburuaren ildoan, Joxan Rekondo analista politiko eta idazleak, Patxi Agirre EHUko Historia Garaikidean doktoreak, Andoni Eizagirre EHUko Filosofian doktore eta Mondragon Unibertsitateko irakasle titularrak eta Xabier Andonegi Karlos Santamaria euskaltzale eta pentsalariaren bilobak Jose Antonio Agirre Lehendakariaren, Jose Maria Arizmendiarrietaren, Manuel Irujoren eta Karlos Santamariaren ibilerak aztertu dituzte. Horiek guztiek, gizabanakoekiko fedean oinarrituta, gizakiaren ikuspegi komunitarioa defendatu zuten, banakoen askatasunak konpromiso kolektiboa eta guztion ongizatea behar dituela ulertuta, erabat garatuko bada. Patxi Juaristi soziologo eta EHUko irakasleak moderatu du topaldia.

Sabino Arana Fundazioren presidente Arantxa Tapiak eta Oreki Fundazioaren buru Juan Inazio Izetak aurkezpena egin eta ongietorria eman diete bertaratutakoei. Geroago, Joxan Rekondok Jose Antonio Agirreren pentsamenduaren eta bere belaunaldi politikoaren gaurkotasunaren inguruan hitz egin du. Begirada nostalgikoa edo oroitzapenezkoa baino areago, Rekondok Agirre Lehendakariaren pentsamendua berreskuratzea proposatu du, orainari aurre egiteko inspirazio-iturri gisa. «Demokrazia, askatasuna eta justizia sozialaren» ideia hirukote banaezin gisa agertzen da, eta eredu demokratiko guztiz humanista baten oinarri moduan. Rekondok azpimarratu duenez, Agirreren iritziz, askatasuna ez zen soilik boterearen aurreko bermea, ezpada, guztion onerako konpromiso komunitarioa ere.

Rekondoren mintzaldiaren beste alderdi garrantzitsuenetako bat frankismoaren garaian euskal gizarteak «behetik» egindako berreraikuntzaren aldarrikapena izan da. Erresistentziaren ikuspegi pasiboaren aurrean, elkartegintzaren, kooperatibismoaren, «auzolanaren» eta sare sozial eta kulturalen eginkizuna nabarmendu du, benetako autogobernuaren eta erresilientzia komunitarioaren gunetzat. Irakurketa horren arabera, ondorengo berreskuratze instituzionala ez zen bat-bateko gertaera bat izan, oinarritik abiatutako eraikuntza sozial eta demokratikoaren ondorioa baizik.

Rekondok, gainera, demokraziarentzat gaur egun dauden arriskuetako batzuei buruz ohartarazi du: sare komunitarioa ahultzea, desberdintasunak areagotzea, polarizazio politikoa edo herritarren eta erakundeen arteko loturarik eza. Horren aurrean, belaunaldien arteko transmisioa, kultura demokratikoa eta gizarte zibil antolatuaren bizitasuna indartu behar direla defendatu du.

Bestalde, Patxi Agirrek Manuel Irujoren pentsamendu politikoaren dimentsio etikoa eta humanista azpimarratu du. Irujo demokraziaren, giza eskubideen eta pertsonaren duintasunaren defentsarekin enagaiatutako pertsona izan zen, bai eta Europako XX. mendeko testuinguru zailenetan ere. Irujoren ibilbideak zerbitzu publikoari, bizikidetzari eta eraikuntza demokratikoari lotutako abertzaletasunaren ideia proiektatzea ahalbidetzen digu.

Beste alde batetik, Jose Maria Arizmendiarrieta euskal kooperatibismoaren bultzatzaile eta Mondragon taldearen sortzailearen pentsamenduan sakondu du Andoni Eizagirrek. Arizmendiarrieta pertsona, hezkuntza, parte-hartzea eta konpromiso komunitarioa ardatz dituen enpresan eta ekonomian oinarritutako kontzepzioari loturik dago. Eizagirrek azpimarratu du Arizmendiarrietak «behetik» sortutako eredua bultzatu zuela, komunitate-autoantolaketan eta pertsonek testuinguru zailetan irtenbide sozial eta ekonomikoak eraikitzeko zuten gaitasunean oinarritua.

Azkenik, Xabier Andonegik, Karlos Santamariaren biloba eta bere pentsamenduan adituak, XX. mendean Gipuzkoan kulturaren eta hezkuntzaren sustatzaile nabarmena izan zenaren bizipenak azaldu ditu. Andonegik Santamariaren humanismoaren dimentsio kultural eta hezitzailea ekarri du mintegira: pertsonaren ideia integral baten eta hezkuntzan, pentsamendu kritikoan eta erantzukizun etikoan oinarritutako kultura demokratiko baten defentsa.

Jardunaldian, argi geratu da lau euskal humanista horien hausnarketek gaurkotasun berritua hartzen dutela gaur egun, besteak beste, gizartearen zatiketaren, deshumanizazio teknologikoaren edo parte-hartze demokratikoaren krisiaren aurrean. Laurek pentsamendu humanistaren euskal tradizioaren berri ematen digute, «ez baitago komunitaterik transmisiorik gabe, betebeharrik gabe, kideen arteko konpromisorik gabe eta etorkizunaren aurreko erantzukizunik gabe. Nahi dugun komunitatea aldi berean bizi diren pertsonen arteko sare soziala da, baina belaunaldien arteko lotura solidarioa ere bada», adierazi dute.

Jose Antonio Agirrek dimentsio politiko-demokratikoa dakar; Manuel Irujok etika publikoa eta giza eskubideen defentsa; Jose Maria Arizmendiarrietak humanismo ekonomikoa eta komunitarioa, eta Karlos Santamariak humanismo kulturala eta hezitzailea.