Prentsa oharra 2026ko martxoaren 24a

“Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza” erakusketa Durangoko Kurutzesantu Museoan, apirilaren 12ra arte

Euskal Abertzaletasunaren Museoak bultzatuta, erakusketak mendigoizale mugimenduaren ehun urteko historia biltzen du.

  • 2026ko martxoaren 25a, asteazkena
  • 10:00h -(e)tik 14:30h -(e)tara
  • Kurutzesantu Museoa

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak bultzatuta, erakusketak Euzko Mendigoizale Batzaren (EMB) ibilbidea eta elkartearen garrantzia bildu ditu zortzi paneletan eta lau bitrinatan. Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak idatzi ditu paneletako testuak.

EMB mendizaleen elkartea 1921ean eratu zen, eta hainbat jarduera kultural eta politiko antolatu zituen sasoi hartan galtzen ari ziren euskal nortasunaren ezaugarri batzuk berreskuratzeko asmoz, besteak beste, euskara, eta, azkenean, norbanakoen ekarpen garrantzitsua izan zen Gerra Zibilean gudarien lehen konpainiak eta batailoiak sortzeko funtsezko giza ekarpena izan zen.

XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan, elkartea indar biziz hedatu zen, unean uneko abagune politikoak geldiarazita edo bultzatuta, euskal abertzaletasunaren zutabe sendoenetakoa izateraino, Emakume Abertzale Batza, Euzko Gaztedi edo Eusko Langileen Alkartasuna antolakundeekin batera.

Erakusketaren osagarri, Sabino Arana Fundazioaren bildumetan gorderik dauden garai horretako objektu, dokumentu eta argitalpen ugari jarriko dira ikusgai.

Erakusketa honela egituratuta dago: «Mendigoizaleak, herria maite duten mendizaleak», non mendizale eta abertzale gazte horiek euskal nortasunaren kulturaren hedatzaile handi gisa aurkezten diren; «Askatasunaren eguzkia basotik irteten da» deritzon panelean, elkartearen eraketaz eta egituraz hitz egiten da; «Gazteria martxan» izenekoan, mendizale abertzaleen federazioaren jarduera eta helburu nagusiei buruzko argibideak datoz; «Itxaropen garaiak» deituriko panelean, berriz, elkartearen banderaren esangura azaltzen da: San Andresen gurutze berdea, gorriz markoztatutako hondo zuriaren gainean; «Zorigaitzaren atarikoa» izenekoan, Gerra Zibilaren aurreko urteetako inguruabarrak jorratzen dira. Sasoi hartan, Espainiako oligarkek bere pribilegioei eutsi nahi izan zieten eta ezker iraultzaileak benetako sozialismoa ezarri gura izan zuen; «Mendigoizaleak bake-sasoian, gudariak gerra-garaian» eta Gudarien batailoiak» izeneko horma-irudietan, gazte horietako askok, Euskadin askatasuna eta demokrazia defendatzeko helburuz, gudarien lehen konpainia eta batailoiak sortzeko konpromisoa aageri da; azkenik, «Klandestinitatea eta askatasuna» panelean, azaltzen da klandestinitatean, erbestealdian eta jazarrita ia lau hamarkada eman ondoren, Franco diktadorea hildakoan, belaunaldi gazteek deiadar-mendietara igotzeko ohitura berreskuratu zuten, garai berrietara egokitutako aldarriak erabilita.

"Gerra zibileko porrotak, diktadurak eta erbesteak ez zuten bere ondarea amaitu. Bere espiritua belaunaldi berriek jaso zuten, garai berrietara egokituz, baina nortasun partekatu baten sugarra bizirik mantenduz. Gaur inauguratuko dugun erakusketak ibilbide historiko hori guztia jasotzen du, Aitor Miñambresek egindako zortzi panelen bidez, eta mendigoizale haien eguneroko bizitzara hurbiltzen gaituzten objektu, dokumentu eta testigantzen aukeraketa zainduaren bidez", nabarmendu du Sabino Arana Fundazioko presidentea Arantxa Tapiak.

“Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza” Durangoko Kurutzesantu Museoan egongo da ikusgai apirilaren 12ra arte.