Prentsa oharra • 2025ko azaroaren 12a
Aitor Esteban: "Borondatea badago EAJ-PNVk Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko egin zuen proposamena desblokea daiteke: hitz huts gutxiago eta estatu demokratiko gehiago"
“Agiriak, diktaduraren gainerako biktimak, Franco hil eta 50 urtera” izenburupean Sabino Arana Fundazioak egin duen jardunaldian EBBren presidenteak gogoratu du EAJ-PNVk Madrilen lideratu duela azken urteotan eskubide zibil eta demokratikoen defentsa.
"Agiriak, diktaduraren gainerako biktimak Franco hil eta 50 urtera" mintegiaren hizlariak.
Aitor Esteban EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Sabino Arana Fundazioak antolatu duen «Agiriak, diktaduraren gainerako biktimak Franco hil eta 50 urtera» deritzon mintegia ireki du gaur goizean. 1968ko Sekretu Ofizialen Lege Frankistaren inguruan eeman duen hitzaldian, Estebanek gogorarazi du «EAJ-PNVk eskubide zibil eta demokratikoen defentsaren buruan» jardun duela azken urteotan Madrilen, eta Sekretu Ofizialen Legearen erreforma aurkeztu zuela 2016an lehen biderrez. «Lege frankista horren erreforma defendatu dugu Kongresuko hemizikloan lau aldiz ia hamar urte hauetan. Espainiako Estatuak bidea urratu behar du gardentasunaren arloan, eta epe batzuk ezarri dokumentuak desklasifikatzeko eta legeria gure inguruko herrialdeetako legeriaren arabera egokitzeko; nahitaezkoa da».
Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko xedez, Espainiako Gobernuak Informazio Sailkatuaren Lege Proiektua ere aurkeztu zuen uztailean. Ekimen horrek baldintzak jartzen dizkio desklasifikazio automatikoari, eta 45 urteko epeko muga ezartzen du desklasifikatzeko, EAJ-PNV alderdiak proposatutakoaren ia bikoitza. Espainiako legealdiak egun daukan egoeraren aurrean, izapidetzen ari diren ekimen asko «gehiengo negatiboaren» eskutik aurrera ateratzen direla, Estebanek esan du alderdi jeltzalearen proposamena «Kongresuan desblokeatu» behar dela, lege frankista erreformatu nahi bada. «Unea iritsi dela» azpimarratu du.
Jarraian, Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak azpimarratu duenez, «egoera kezkagarria da, baina erantzukizunaren zati handi bat gure esku ere badago, baita diktaduraren ondorengo gobernuena ere, bai trantsizioan, bai demokrazian bizi izaten ari garen urteetan, haietatik espero zena ez betetzeagatik: militarren, epaitegien, zigor-arloko agiritegien, Elizaren edo enpresen funtsetan kontsulta egiteko aukera ez emateagatik, esate baterako; dokumentu-transferentziak betetzeko ez eskatzeagatik, ondasunak eta funtsak beren legezko jabeei itzultzeko ez galdatzeagatik, edo justizia egin dadin etengabe ez tematzeagatik».
Tapiak azpimarratu duenez, egungo egoerak hobera egin dezan, ez da bazterrean utzi behar «legezko jabeei dokumentu-ondasunak eta -funtsak itzultzeko eta diktadurako erakundeek sortutako dokumentuak eskuratzeko aldarria, dokumentu horiek gehiago deskribatuz eta zabalduz, etengabe hobetzen ari diren baliabide informatikoei esker».
Unibertsitateko irakasleek, artxibistikako teknikariek, ikertzaileek eta politikariek parte hartu dute jardunaldian.
Josep Cruanyes, 2002an frankismoak konfiskatutako dokumentuak Kataluniako Generalitatera itzul daitezen lan egiten duen Comissió de la Dignitat elkarteko presidenteak berretsi du beharrezkoa dela oraindik Salamancako artxiboan gordetzen dituzten dokumentuak «behin betiko» transferitzea.
Fernando Mikelarena, historialari eta Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularrak «frankismoaren zigorgabetasunari buruzko dokumentaziorako eta ikerketarako sarbideak dituen mugak» izan ditu hizpide. Ildo horretan, oztopo nagusiak aipatu ditu. Lehenik eta behin, erregimenaren alderdi bakarra izan zen FET y de las JONS (Ofentsiba Nazional Sindikalistako Batzarren Espainiako Falange Tradizionalista) eta gobernu zibil gehienetatik ezabatu diren agiriez hitz egin du. Beste oztopo nagusi bat dugu Estatuaren defentsari eta segurtasunari buruzko legeetatik eratorritako mugena eta pertsonen ohoreari eta intimitateari eragiten diotenena. Hirugarrenik, artxiboetan bertan deskribapen-tresnarik ez egoteari buruzkoa, informazioa aurkitzea zailtzen baitu.
Sergio Gálvez, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioko Artxibo Nagusiko zerbitzuburua, «Frankismoaren konfiskazioa estatu-politika gisa: Ondasun Sindikal Marxistak Kalifikatzeko Batzordea» gaiari buruz mintzatu da. Galvezek dokumentu-funts horrek daukan garrantzia azpimarratu du, lehen frankismoan egindako «neurrigabekeria guztiak» ikertzeko, eta Sindikatuen Ordezkaritza Nazionalak gerora egin zituenak.
Javier Buces NUPeko irakasle laguntzaile eta Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak «Frankismoaren errepresioaren ikerketa historikoa Euskadin artxiboak erabiliz: zailtasunak, hutsuneak eta itxaropenak» gaia jorratu du.
Historialariak adierazi duenez, memoria historikoaren arloan legeetan aurrerapenak egin diren arren, ikertzaileek oraindik ere «zailtasun handiak topatzen dituzte informazioa eskuratzeko, baldintzapen hauengatik guztiengatik: memoria-legeen zehaztasunik eza eta beste lege-esparru batzuk gainetik jartzea; erregimen frankistaren amaieran dokumentazioa suntsitzeko aukera; eta inbentariatzerik eza eta artxiboen arduradunek kontsulta-prozesuetan aplikatutako ausazkotasuna.
Azkenik, Eduardo Jauregik, Sabino Arana Fundazioaren Agiritegi Historikoaren koordinatzaileak, argi utzi du gaur egun EAJren dokumentazio historikoa dagoela oraindik Salamancan. Dokumentazio hori gerran konfiskatu zen, eta oraindik ez da itzuli, nahiz eta alderdi jeltzaleak 1999az geroztik hainbat kudeaketa egin dituen konfiskatutako ondasunak (higiezinak, artxiboak, kontuak eta beste) berreskuratzeko, gobernu zentralak horretarako sustatu zituen legeei jarraikiz. Gainera, gaur egun Euskadira ekartzeko eskatu ere egin ez duten euskal administrazioen (Autonomia-erkidegoko lehen gobernua, udalak, aldundia…) dokumentazioaren kopuru izugarria aipatu du.