Hedabideentzako deialdia • 2025ko azaroaren 6a
Sabino Arana Fundazioak nazien kontzentrazio-eremuetara bidalitako deportatu jeltzaleak (1940-1945) omenduko ditu
- Fundazioak nazismoaren izugarrikeria jasan zuten euskal abertzaleak gogoratuko ditu. Ekitaldian, Etxahun Galparsoro historialariak hitzaldia emango du eta senideek parte hartuko dute. Azaroaren 6an, 19:00etan, SAFen.
- Iñigo Ansola EAJren BBBko presidentea izango da ekitaldian.
 Sabino Arana Fundazioak nazien kontzentrazio-eremuetara bidalitako deportatu jeltzaleak (1940-1945) omenduko ditu
                                                            Sabino Arana Fundazioak nazien kontzentrazio-eremuetara bidalitako deportatu jeltzaleak (1940-1945) omenduko ditu
                                                                        - 2025ko azaroaren 6a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Bigarren Mundu Gerran, nazien kontzentrazio-esparruetara deportatu zituzten jeltzaleetako senideek parte hartuko dute Sabino Arana Fundazioak datorren azaroaren 6an, 19:00etan, deportatuen omenez Fundazioaren egoitzan antolatu duen ekitaldian.
Etxahun Galparsoro historialariak, Lazkaoko beneditarren dokumentazio zentroko artxibozainak, Mauthausengo (Austria) kontzentrazio-esparruetan –horixe izan zen euskal deportatuen eta Rotspanier edo espainiar «gorrien» helmuga nagusia– nazismoaren izugarrikeria pairatu zuten biktima jeltzaleak gogoratuko ditu, bai eta Buchenwald, Neuengamme edo Ravensbrück kontzentrazio-eremuetan (azkena emakumeentzat erabiltzen zen) izan ziren deportatuak ere.
Azken ikerketen arabera, 1940 eta 1945 urteen artean, 253 euskal herritar, gehien-gehienak Gerra Zibilaren ostean erbesteratuak, Hirugarren Reicheko kontzentrazio-eremu eta espetxeetara eraman zituzten. Horietatik dozena bat, gutxienez, Euzko Alderdi Jeltzaleko militanteak edo jarraitzaileak ziren.
Mauthausengo eremura deportatutakoen lehen bidalketan, batez ere, ezkerreko militanteak eta anarkistak eraman bazituzten ere, jeltzaleak ere gogotik jazarri zituzten, Frantziako Erresistentzian parte hartzeagatik eta erbestean erakutsi zuten faxisten aurkako konpromisoagatik. Horietako asko erbesteko Euzkadiko Gobernuari lotutakoak ziren, eta aliatuekin nahiz Frantziako hego-mendebaldean jarduten zuten ezkutuko sareekin kolaboratu zuten. Hori dela eta, atxilotu eta deportatu egin zituzten.
Aitortza hori eginda, Sabino Arana Fundazioak euskal abertzaletasuna azpimarratu nahi du, biktima gisa ez eze, Bigarren Mundu Gerran faxisten aurkako munduko borrokan bete zuen eginkizunagatik.
Ondokoen omenez: Hilario Agorria Urrutia, Santiago Anabitarte Altuna, José Miguel Arrate Itoiz, Juan Arregi Olano, Iñaki Eizagirre Markuerkiaga, Alejandro Elizalde Iribarren, Ramón Guerrero Fernández, Martín Pablo Hurtado De Saratxo Murua, Manuel Mitxelena Oihartzabal, Martín Mitxelena Oihartzabal, Ambrosio San Vicente Arrieta eta Iñaki Saribiarte Elgezua.
Etxahun Galparsoro hizlaria Historia Garaikideko doktorea da. Galparsorok Marcelino Bilbao gudariaren memoriei buruz eginiko ikerketa dela eta, Bilbao en Mauthausen (Crítica, 2020) liburuan jasotakoa, espainiar eta euskal errepublikarrak Hirugarren Reicheko kontzentrazio-esparruetara erbesteratzearen inguruan ikertu zuen egileak, eta gaia garatu zuen doktoretza-tesian.