Efemeridea 2021ko martxoaren 4a

Mixel Labegerie: euskal kantagintza berriaren aita

Gaurkoa lako egun batean, 1921ko martxoaren 4an, Mixel Labegerie olerkari, kantautore eta politikaria jaio zen Ustaritzen (Lapurdi).

Mixel Labegerie: euskal kantagintza berriaren aita

Gaurkoa lako egun batean, 1921ko martxoaren 4an, Mixel Labegerie olerkari, kantautore eta politikaria jaio zen Ustaritzen (Lapurdi).

 

Uztaritzeko apaiztegian ikasi zuen, eta han hasi zitzaion musikaren munduarekiko grina. Hilario Olazaran eta Piarres Lafitte ezagutu zituen apaiztegian, hau da, Labegeriren bizitzan eragin handia izan zuten bi pertsona ospetsu. Lehenak txistua jotzen irakatsi zion eta, horri esker, lehen urratsak eman zituen musikari gisa. Bestetik, bigarrenak ideia abertzaleak irakatsi zizkion eta gizarte-arazoen kontzientziaz sentiberatu.

 

Urte batzuk geroago, Medikuntza ikasi zuen Bordelen, eta han egon zen bitartean, Aintzina aldizkarian lan egin zuen erredaktore eta erresistentzia antifrankistari lagundu zion. 1943an, Euskaldun Gazteen Batasuna elkarteko kide izan zen eta, bertan, musika, dantza, antzerki eta euskara eskolak eman zituen. 1948an, karrera amaituta, Kanbora joan zen, eta 1960an Eusko Biltzarreko presidente hautatu zuten. Orduan hasi ginen Labegeriren musikari eta olerkariaren alderdia ezagutzen.

 

1961ean kaleratu zuen bere lehen diskoa, ondoko abestiek osaturikoa : Bakearen uxoa, Gudari euskaldunen kantua, Haurtxo haurtxoa eta Primaderako liliak. Klandestinitatean saldu bazen ere, disko horrek arrakasta handia izan zuen Hegoaldean, gerra garaian Euskal Herriak jasandako errepresioa hizpide erabili baitzuen. Kantautore gisako ibilbidean, hamaika abesti idatzi zituen.

 

Hurrengo urtean, 1962an, Enbata mugimenduaren bultzatzaileetako bat izan zen eta Frantziako Asanblada Nazionalerako diputatu aukeratu zuten. Kargu horretan aritu zen 1967ra arte.

 

Bizitzaren azken 15 urteetan, politikari lotuta jarraitu zuen Frantziako Errepublikako senatari gisa eta Kanboko alkate ere izan zen.

 

1980an, Gernikan, Carlos Garaikoetxea lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldira joan zen Frantziako Estatuaren ordezkari parlamentario bakarra izan zen. Urte bereko uztailaren 28an hil zen Akitaniako Tolosan, ezin izan baitzuen gainditu lehenago eginiko bihotzeko ebakuntza.

 

“Gu gara Euskadiko gaztedi berria, Euskadi bakarra da gure aberria”! (Esteka honetan sakatu)