Efemeridea 2022ko azaroaren 11a

Martin Ugalde, idazlea, kazetaria, euskaltzalea, politikaria…: euskaldun nekaezina

Kultura-arloan garatu zuen lanik handiena, erbestean eta diktadura frankistaren ondoko urteetan.

Jesus Maria Alkain eta Martin Ugalde, Donostian (1983) Jesus Maria Alkain eta Martin Ugalde, Donostian (1983)

Andoainen (Gipuzkoa) jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1921eko azaroaren 11n, eta bertan bizi izan zen, harik eta, Gerra Zibilaren kausaz, lehenengo Mundakara eta gero Bilbora bizitzera joan zen arte.

Santanderreko portutik ontziz abiatu eta Iparraldean babestu zen. Eusko Jaurlaritzak erbestean antolatutako erakundeetan amaitu zuen Batxilergoa. Bigarren Mundu Gerraren hasieran, Frantziako agintariek Gurseko kontzentrazio-esparruan barruratu zuten. Hala ere, alemanen abantzamendua bizkortu zenean, muga zeharkatu eta Andoainera bizitzera joan zen berriro.

1942 eta 1945 urteen artean, Marokora bidali zuten soldadutza egitera. 1947an, Venezuelara emigratu zuen, gerra zela eta erbesteratuta zeuden aitarekin eta anaiarekin elkartzeko. Caracasen, kazetari jardun zuen eta hainbat hedabidetan lan egin zuen; aldi berean, ekin handia izan zuen politika- eta kultura-esparruetan. 1948an, Caracasko Eusko Gaztedi sortu eta zuzendu zuen. 1962ko abenduan, EAJ alderdiaren Lurraldez Kanpoko Batzarreko burua izan zen Venezuelako hiriburuan.

1969an, Euzkadira itzuli zen, Baionara zehazki, besteak beste, EAJ berrantolatzeko helburuz. 1971tik aurrera, Alderdi agerkari jeltzalea zuzendu zuen. Hegoaldera igarota, Hondarribian bizi izan zen, eta 1972an, EAJren ordezkari izateko aukeratu zuten Barruko Euzkadiko Gobernuaren Kontseiluan eta sailburu izendatu zuten Jesus Maria Leizaola buru zuen gobernuan.

1973ko urriaren 18an, polizia frankistak kanporatu egin zuen eta Donibane Lohizunen nahiz Parisen bizi izan zen.

Franco hildakoan, Hondarribira itzuli zen, 1976ko irailean. Urtebete geroago, Deia egunkariaren sorreran parte hartu zuen, egunkariaren zuzendariordea eta euskarazko atalaren arduraduna izan zela.

Garai hartan sortu berria zen Euskal Kontseilu Nagusiaren aginduz, Aldizkari Ofiziala idazteko ardura hartu zuen, eta 1982an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako zuzendari izendatu zuten, Carlos Garaikoetxea lehendakaria zela.

1986an, Eusko Alkartasuna sortu zenean, EAJko kidetzari utzi eta alderdi abertzale berrian kidetu zen.

1989an, Egunkaria euskarazko egunkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta Administrazio Kontseiluko presidentea ere izan zen.

Hondarribian (Gipuzkoa) hil zen, 2004ko urriaren 4an.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Iñaki Anasagastik DEIA egunkariaren Historias vascas sailean 2014/10/04an argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikulua.

Argazkia: Jesus Maria Alkain eta Martin Ugalde, Donostian (1983)