Efemeridea 2020ko apirilaren 17a

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: Agirre lehendakaria, Athletic Clubeko jokalaria

Izan ere, Jose Antonio Agirre bere ibilbide politikoagatik ezagunagoa izan arren, euskal herritarren lehen lehendakariak kirol-ibilbide aipagarria izan zuen gaztetan.

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: Agirre lehendakaria, Athletic Clubeko jokalaria

Athletic eta Errealaren arteko Kopako finala noiz eta zelan jokatuko den zain gaudela –bihar, apirilaren 18an, jokatzekoa zen Sevillako La Cartuja futbol-zelaian− uste dugu abagune egokia dela gaurkoa XX. mendeko euskal abertzaletasunaren buruzagi karismadunetako baten kirol-alderdia gogoratzeko, Jose Antonio Agirre lehendakariarena, hain zuzen.

 

Izan ere, Jose Antonio Agirre bere ibilbide politikoagatik ezagunagoa izan arren, euskal herritarren lehen lehendakariak kirol-ibilbide aipagarria izan zuen gaztetan. Horren haritik, ez dira gutxi Athleticekin izan zuen harremana oraindik ere ezagutzen ez dutenak, baina, egia esatera, Agirreren kirol-jarduera ez zen futbolera mugatu: igeriketan, pilotan eta arraunketan ere aritu zen.

 

Futbolari dagokionez, Agirrek 46 partida jokatu zituen Athleticen, bost denboralditan. Hala, Athletic Clubeko elastikoa jantzi zuen 1921 eta 1926 urteen artean. Agirrek 1921eko azaroaren 27an jokatu zuen bere lehen partida ofiziala, horko hartan, Athleticek eta Deustuk bana berdindu zutela Eskualdeko Txapelketan. Azken partida, berriz, Acero taldearen aurka jokatu zuen, eta zuri-gorriek 2-0 irabazi zuten, Agirrek ere gol bat sartu zuela.

 

Bost denboralditan, guztira jokatu zituen hamaika partida ofizialetan, bost gol sartu zituen Agirrek. Bi aldiz irabazi zuen Eskualdeko Txapelketa (1923an eta 1924an), baita 1923ko Kopa ere, Mr. Pentland entrenatzaile sonatuaren aginduetara. Rafael Moreno Pitxitxi-rekin batera ibili zen taldean.

 

Sabino Arana Fundazioak Agirreren kirol-alderdia nabarmendu zuen “Pro libertate Patria... Jose Antonio Agirre” erakusketan. Erakusketa hori 2004an antolatu zuen fundazioak Agirreren jaiotzaren mendeurrenaren gomutan.

 

Azkenik, DEIA egunkarian, 2010ean, lehen lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena dela-eta (aurtengo martxoaren 22an, 60 urte bete dira zendu zela) argitaratu genuen erreportajea eta haren omenez paraturiko Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren ale berezia erantsi ditugu.

 

 

Informazio gehiago:

 

"Agirre Lehendakaria, In Memoriam"

 

Revista HERMES número 33 monográfico sobre el Lehendakari Jose Antonio Agirre

 

www.lehendakariagirre.eu