Efemeridea 2022ko apirilaren 21a

“El Correo Vasco”, lehen egunkari abertzalea

Horren aurretik beste euskal kazeta abertzale bi izan ziren: “Biztaitarra” eta “Baserritarra”, baina bi-biak astekariak ziren.

El Correo Vascoren azken zenbakia, 1899ko irailaren 15ekoa. El Correo Vascoren izenburua, azken zenbakia.

El Correo Vasco sortzeko lehen urratsa  1899ko apirilaren 21ean egin zen: egun horretan, egunkaria argitaratzeaz arduratu zen sozietate zibila eratu zen. Sabino Aranaren lehen jarraitzaileetako batzuek eta “euskalerriako” esanguratsu batzuek, hala nola Ramon de la Sota Llano eta Fausto Ibañezek eratu zuten sozietatea.

El Correo Vasco egunkariaren lehen zenbakia 1899ko ekainaren 4an kaleratu zen, egunkariaren gogo eta euskarri nagusiak Arana Goiri anaiak zirela: Sabino editore, zuzendari eta erredaktore nagusi eta Luis administratzaile. Erredakzioa Bilboko Lutxana kaleko 1. zenbakiko lehenengo solairuan zegoen. Egunkaria itxi arte, hau da, 1899ko irailaren 15era arte, 103 zenbaki argitaratu ziren. Irailaren 22an, Silvelaren gobernuak konstituzio-bermeak eteteko dekretua argitaratu zuen, eta Bizkaian, Santos Ortega gobernadore zibilak betearazi zuen agindua. Horixe izan zen lurralde historiko osoan neurriak eragindako egunkari bakarra. Keperin Xemeinen arabera, Sabino Aranak eduki ideologikoko 70 artikulu baino gehiago argitaratu zituen El Correo Vasco egunkarian. Bi urte baino gehiago igaro ziren beste egunkari abertzale bat agertu zen arte.