Efemeridea 2024ko otsailaren 21a

Bitoriano Gandiaga, olerkaria

Bitoriano Gandiaga 2001eko otsailaren 21ean hil zen, Arantzazun. XX. mendeko euskal literaturako olerkari garrantzitsuenetakoa izan zen Gandiaga.

Bitoriano Gandiaga. Bitoriano Gandiaga.

Mendatan (Bizkaia) jaio zen, 1928an, eta Bitoriano Gandiaga poeta izan zen azken hatsa eman zuen arte. 11 urte zituela, Arantzazura bidali zuten erlijio-ikasketak egitera, eta han eman zuen bizitza osoa, gazte fraidegaiei irakasten. Arantzazu, Euzko Gogoa, Egan eta Olerti aldizkarietan argitaratu zituen lehen lanak, eta 1962an, lehen liburua argitarau zuen, Elorri izenekoa, naturari buruzko olerki lirikoen bilduma, hain zuzen ere. 
Jorge Oteiza eskultorearekiko adiskidetasuna giltzarria izan zen hurrengo lana argitaratzeko. Horretan, Hiru gizon bakarka (1974) liburuan, Euskal Herriaren nortasunari buruzko kezka agertu zuen. Hiru urte geroago, 1977an, plastikotasun, nortasun eta modernitatez beteriko Uda batez Madrilen izeneko lana argitaratu zuen. 1985ean, bestelako obra bat kaleratu zuen, Denbora galdu alde izenekoa, bere medikuaren jarraibideei men eginda, denbora egiten ikasteko idatzi zituen olerki eta beste testu batzuez osatua. Urtebete geroago, Gabon-kantez osaturiko liburua argitaratu zuen: Gabon dut Anuntzio. Bertan, Gabonak iragartzeaz gain, data horietan egin ohi den kontsumismoa kritikatu zuen. 
Gandiagaren azken olerki-liburua 1997an kaleratu zen. Ahotsik behartu Gabe izenburua daroa eta poema zahar eta berriez apailatutako bilduma da. Lan horrek nolabaiteko garrantzia hartu zuen egileak berak errezitatutako 57 poemako antologia jasotzen duen CDa dakarrelako.