Efemeridea 2025ko urriaren 6a

Antonio Araluze, arkitektoa eta lehen euskal abertzaletasunaren jarraitzailea

Probintziako diputatua izan zen, Bizkai Buru Batzarreko burukidea eta Aberri eta Comunion berriro batzeko  giltzarria.

Antonio Araluze. Antonio Araluze.

1886ko urriaren 6an, Antonio Araluze Kili-Kili jaio zen Algortan (Getxo). Arkitekturako ikasketak egin zituen Madrilen eta, 1912an, titulua atera eta gero, lehen eskaera handia jaso zuen: Igeretxe bainuetxe berria altxatzea, hots, Ereagako hondartzan, kasinoa eta bainu-etxea eskaintzen zituen eraikina.

Lan profesionalean ez ezik, euskal abertzaletasunaren aldeko jarduera politiko bizian eta zabalkunde betean aritu zen, bereziki, Araluzeren gremioko langileen artean. Algorta, Plentzia eta Zallako batzokietan parte hartu zuen gogotik, horietako batzuk era altruistan eraiki zituela .

1920an, gutxiengoan zegoen abertzaleen taldeko kidea izan zen Bizkaiko Foru Aldundian, Ramon de la Sota, Federico Zabala edo Jose Ignacio Aranarekin batera. Urte horretan bertan, kargutik kendu zuten «Gora Euzkadi Askatuta» aldarri eginez idatzi bat sinatu zuelako.

Eginkizun erabakigarria bete zuen Aberri eta Comunion berriro bateratzeko ekimenean. 1930eko abenduaren 23an, berrantolatutako lehen Bizkai Buru Batzarreko burukide aukeratu zuten, idazkari izendatuta. Gerra Zibilean, arkitekto jardun zuen, Matxitxakoko bateriaren eraikuntzan parte hartu zuen eta lekukoa izan zen Alejandro Goikoetxeak Burdin Hesiaren planoak lapurtu zituenean. Bilbo galdu ostean, Valentziara joan zen orduko Banco Bilbao erakundearen kontseilari gisa, baina errepublikazaleen porrotaren eraginez, Angelun erbesteratu zuen bost urtez.

Euskadira itzultzean, ondasunak konfiskatu zizkioten, arkitekto jarduteko aldi baterako debekua ezarri zioten eta Bizkaitik kanpo bizitzera derrigortu zuten. Hala eta guztiz ere, lanbideari heldu zion berriro, eta 85 urte bete arte lan egin zuen, obra batean izandako istripu baten zioz, hemiplegiak jota amaitu zuen arte.

Bizitzaren azken urteetan, Sabino Aranarekin umetan izandako topaldi baten oroitzapenaren berri eman zuen eta Kili-Kili ezizena erabiliz, Euzkadi egunkarian argitaratu zituen bertsoak errezitatzen zituen.