2023ko Sabino Arana Sariak

Antton Valverde Lamsfus
Sabino Arana Fundazioak euskal kulturak azken hamarkadetan ekarri digun musika erreferente garrantzitsuenetako bat aintzatetsi eta txalotu nahi du: Antton Valverde Lamsfus. 50 urtetik gorako ibilbide artistikoa duela, Anttonen lana funtsezkoa izan da euskal musika berritzeko orduan. Bakarka edo Xabier Leterekin batera, Valverderen musika bide ezin egokiagoa izan da Euskal Pizkundeko eta XX. mendeko olerkarien lanak zabaltzeko eta ezagutzera emateko, hala nola Esteban Urkiaga Lauaxeta-renak, Jose Mª Agirre Lizardi-renak eta Bitoriano Gandiagarenak, besteak beste, bai eta bertsolari handien bertsoak ere, hala nola Jose Manuel Lujanbio Txirrita-renak. Beraz, ez da gehiegizkoa esatea euskaldun askok eta askok euskal kulturako erreferente horien olerkiak Antton Valverderen lanari esker ezagutu ditugula esatea.

Armando Llanos Ortiz de Landaluze
Sari hau baliaturik, Sabino Arana Fundazioak aintzatetsi nahi du arkeologiaren eremuan ibilbide luzea egin eta ospe handia hartu duen Armando Llanos Ortiz de Landaluze ikertzaile arabarrak egindako lan emankor eta merezimendu handikoa. Armandok gauzatutako landa-lanek eta laborategiko lanek, eta 70 urtez baino denbora luzeagoz gauzatutako azterketa doi-doiek, Kristoren aurreko azken milurtekoan, batez ere, Brontze Aroan eta Burdin Aroan, egungo Arabako lurraldean bizi izan ziren lagunen bizitza eta antolaketa-alderdiak ezagutzeko modua eman digute. Arabako Arkeologia Institutuaren sortzaile eta Joxe Miel Barandiaranen ikasleak euskal kulturarekin engaiatutako lan hori guztia egin du bere lanbide-jardueratik at, hau da, diseinu grafikoan egindako lanez kanpo.

Euskal Artzainak Ameriketan (EAA)
Sabino Arana Fundazioak Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkartea aintzat hartu eta saritu nahi du. Irabaz-asmorik gabeko elkarte hori lanean ari da 2006. urtetik, Euskal Herritik Estatu Batuetara artzaintzan jarduteko emigratu zuten pertsonen bizitza eta ondarea euskal herritarrei ezagutarazteko helburuz. Haiek idatzi zutelako, eta haien ondorengoek ere idazten jarraitzen dutelako, nekez eta ahaleginez, gure herriaren historiaren zati garrantzitsu bat, Ameriketan euskal kulturaren eta hizkuntzaren igorle bihurtu zirelarik.
Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak lan bikaina egiten du Euskal Herritik joandako artzainen bizitzak, istorioak, argazkiak, dokumentazioa, idatziak eta ikus-entzunezkoak biltzen. Azken batean, etorkin joandako artzain haien ondorengoetako batek, Robert Laxaltek, «sweet promised land» izendatu zuen lurralde hartan utzitako euskal aztarna.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa. Emakumezkoen taldea
Bizitzan helburu handiak lortu nahi badira, ezinbestekoa da hainbat balio bultzatzea, hala nola laguntasuna, inklusioa, berdintasuna eta talde-lana. Eta horixe da, hain zuzen ere, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa Emakumezkoen talde profesionala 2019an sortu zenetik egiten ari dena.
Emakumeez eta profesionalez osaturiko talde honek eredugarria izan nahi du nazioartean, emakumearen irudia indartuz, harrobiko txirrindulari gazteei aukera emanez eta mundu mailan euskal emakumezkoen txirrindularitzaren aldarria eginez. Eta ildo horretan ari dira lanean, munduko emakumezkoen txirrindularitzako elitean egoteko, tropeleko talde handien artean nabarmenduta.
Sabino Arana Fundazioak egitasmo bateratzaile hau aintzatetsi eta saritu nahi du. Izan ere, emakumeak eta gizonak neurri berean kontuan hartzen dituzten balio inklusiboak funtsezkoak dira talde honetan, eta taldeko emakumezko kirolariak eredu eta eragile dira gizarteko gainerakoentzat.

Javier Clemente Lázaro
Euskal futbolean, entrenatzaileren batek historia egin badu, Javier Clementek egin du. Athletic Cluben azken titulu ofizialen 40. urteurrenean (1983-1984 denboraldiko Liga; 1984ko Errege Kopa eta 1984ko Superkopa) Sabino Arana Fundazioak Javier Clemente Lázaroren ibilbide profesionala gogoratu eta aintzatetsi nahi du. Javier Clementek talde mitiko hura gidatu zuen, eta horri esker, gabarrak Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen azken aldiz, oraingoz. Clementek lagundu zuen 80ko hamarkadaren hasieran euskal futbolak izan zuen loriaren arrakasta handitzen hamarkada horretan, Ligako lau titulu eskuratu zirela, bi Errealak eta beste bi Athleticek. Harrobia zer den eta euskal futbolari zer ekartzen dion ondo baino hobeto ezagutzen duen entrenatzailea dugu Clemente.
Javi Clemente maisua da futbol-kontuetan eta entrenatzaile nekaezin eta ekina bere kirol-ibilbide luze eta arrakastatsu guztian; azken batean, behetik abiatuta, beheko kategorietatik hasita, arrakasta pertsonal eta profesional handiak lor daitezkeelako adibide garbia dugu Javi.

IKUSI GALAREN BIDEOA

Sarituak

Javier Clemente

Laboral Kutxa-Fundación Euskadi. Equipo Femenino

Euskal Artzainak Ameriketan

Antton Valverde

Armando Llanos