Prentsa oharra 2015ko irailaren 21a

Zirardamendiko gudariak gogoan

Zirardamendiko gudariak gogoan

Jose Landa eta Jose Maria Otxoa de Txintxetu gudariek frankismoaren sasoiko hainbat hamarkadatan Gerra Zibilean hildako lagunei omenaldia egin zieten modu beretsuan, gaur, gudarien familiarteko batzuek eta hainbat erakundetako kidek lore-eskaintza egin dute Elgoibarko Aiastia-San Migel deritzon inguru horretan, 1952. urtean horien guztien omenez jarritako gurutzean.

Gudarien familiakoak fronteko leku horretara joan dira, besteak beste, Elgoibarko alkate andre Ane Beitiak; Bildu eta EAJ-PNVko zinegotziek; “Elgoibar 1936”elkarteko Iñaki Odriozolak; eta Sabino Arana Fundazioko zuzendaria Irune Zuluagak lagunduta. Han, 1936ko irailaren 25ean, Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbuluk bizia galdu zuten Mola jeneralaren agindupeko soldadu erreboltarien kontra borrokan ari zirela. Gogorarazi behar dugu gudari horiek guztiek egindako balentria dela eta, frankisten konkista gerarazi zela hilabete batzuetan eta, horri esker, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zela Gernikan. 

Urtero-urtero irailaren azken aurreko igandean antolatu nahi izango luketen ekitaldi honen bidez, antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute euskal soldadu gazte horien ahalegina eta azpimarratu nahi izan dute memoria historikoa funtsezko bidea dela elkarbizitza eta adiskidetzea sustatzeko.