Prentsa oharra 2014ko irailaren 22a

Sentsibilitate politiko desberdinak elkartu dira Zirardamendiko gudarien omenaldian

Iñigo Urkullu lehendakariak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak Memoria Historikoaren arloan Lehentasunen Oinarrizko Programa bat aurkeztuko duela

Sentsibilitate politiko desberdinak elkartu dira Zirardamendiko gudarien omenaldian

Hainbat instituzio, elkarte, kultur erakunde eta alderdi politikotako ordezkari zenbaitek parte hartu dute, 1936ko irailaren azken aldera eta urriaren erdialdea bitartean Elgoibarko Zirardamendi-Aiastia (San Migel) fronte-lerroan parte hartu zuten gudariei eskainitako gorazarrean. 

Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak eta udalerri horretako udal talde politikoen bozeramaleek:  José Luis Ibarzabal (Bildu) eta Bittori Zabala (EAJ-PNV),  harrera  egin diete Iñigo Urkullu lehendakariari eta beste zenbait agintari eta instituzio-ordezkariri, horien artean egon direla: Jose Luis Bilbao,  Bizkaiko ahaldun  nagusia; Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren EBBko lehendakaria, eta Itxaso Atutxa, EAJ-PNVren BBBko lehendakaria, besteak beste. Ondoren, José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio, Félix Arbulu, Euskal Herriaren askatasunak defendatzen hil ziren fronte inguru hartara abiatu dira. 36ko irailaren 25ean hil ziren Arana Goiri  batailoiko hamalau gudari. Zirardamendin hil ziren Erandio, Santurtzi, Leioa, Mungia, Bilbo eta  hiriko Begoña eta Abando elizate ohiak, Getxo, Barakaldo eta Portugalete herrietako gazte haiek. “Haien erakusbidea oinarri, gaur hemen gorazarre egiten diegu, fronte honetan  askatasunen alde borrokatu ziren ideologia desberdinetako gudari eta miliziano guztiei; gogoan ditugu  36ko gerran  bizia galdu zuten alde bateko zein besteko euskaldunak”, nabarmendu du Alfredo Etxeberriak.

Bidean, hobi komun bi, bata 1982an hustua, eta bestea, 2012an, azken hori Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Han, Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak eta Lourdes Herraztik —Aranzadikoa—, "Elgoibar 1936" elkarteko ordezkari batzuekin, zehazki Hodei Otegi eta Iñaki Odriozolarekin, batera, inguru hartako hobietatik gorpuak ateratzeko egindako lanak azaldu dituzte. Lehendakariak eta beste agintariek  loreak ipini dituzte hobi bietan.

Aurrerago, Victoriano Agotek, gudariak lurperatu zituen baserritarraren semeak, eta Iñaki Goiogana historialariak azalpenak eman dituzte, José Mari Otxoa de Txintxetruk eta Josetxu Landak frankismoaren sasoian inguru hartara egiten zituzten bisitez eta hildakoen gomutagarri ipini zuten gurutzeaz.

San Migeleko pilotalekura itzultzean, Elgoibarko alkateak eta Udaleko udal talde politikoen bozeramaleek: Fernando Suárez (PSE), José Luis Ibarzabal (Bildu) eta Bittori Zabala (EAJ-PNV), Gernikako Arbolaren,  1936an  gazte haiek borroka-xede izan zituzten euskal askatasunen ikurraren, kimu bat landatzeari ekin diote. Lehendakariaz eta gipuzkoar udaleko ordezkariez gain, José Moreno eta Manuel Sagastibeltza gudariek eta Zirardamendin hildako gudari haietako batzuen senideek ere parte hartu dute landaketan. Orobat, Etxeberriak han egon diren bizkaitar herrietako alkateak animatu ditu “igo dezaten eta lagun diezaguten Elgoibarko lurraren, zehazki hamarkadatan soldadu boluntario haiek atsedendu diren lurraren, palakada bana ezartzen”.

Memoria Historikoa

Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du ekitaldia. Gogoratu du, gudari gazte haien sakrifizioak “frankisten konkista gerarazi zuela eta Gernikan lehenengo Eusko Jaurlaritza hura eratzea ahalbidetu zuela”.

Lehendakariak, ekitaldiaz beraz hitz egitean, esan du “ esker on eta ordaintzazko ekitaldi publiko bat” dela. “Iraganera begiratzen duen ekitaldi honek Euskadiko etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen duela”, azpimarratu du.

Ildo horretan,  adierazi du ze  “Memoria Historikoaren arloan Eusko Jaurlaritzaren politikaren oinarria Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Zuzenbidearen esparrua dela. Gure jardunbidea Nazio Batuen Erakundearen ebazpenek definitutako lau esparruei atxikitzen zaie, hau da: egia, justizia, ordaintza eta berriro ez dela gertatuko bermatzea”.

Orobat,  erantsi du ze beraren asmoa “Diktadura frankistak ekarri zuen bidegabekeria historikoa aitortzen duen oroitzapen-politika publiko bat” sustatzea dela… Xede izango duena,  Diktadura bete-betean zela, duintasuna, askatasuna eta demokrazia defendatzeko borrokatu zirenen balioak eta ahaleginak berreskuratzea eta agerira ekartzea… Politika bat, gure Herrian indarkeria berriro ez gertatzea, ezta sekula ere,  bermatuko duen gizarte-pedagogia bat bultzatuko duena”.

Memoria historikoaz denaz bezainbatean, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak “pertsonekin” duen konpromisoa ere nabarmendu du: “konpromisoa bidegabekeriariaren aurka,  eta elkartasuna eskubideen urratze larriak jasan dituzten biktimekin; konpromisoa giza duintasunarekin eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearekin; eta konpromisoa, printzipio demokratikoen defentsan eta elkarbizitzarekin”.

Urkulluk, bere hitzaldia bukatzeko, adierazi du Eusko Jaurlaritzak “Memoria Historiaren arloan Lehentasunen Oinarrizko Programa bat aurkeztuko duela”. “Nazioarteko zuzenbidean oinarrituta —esan du— Euskadiko Memoria Historikoaren gaineko jardunbideen mapa definituko dugu”. 

Zirardamendiko gudariei egiten zaien gorazarrea ekimen orokorrago baten barruan sartzen da, zehazki Elgoibarko Udalak, gudarien jatorrizko bizkaitar herrietako zenbait udalen (Mungia, Getxo, Santurtzi, Leioa, Erandio, etab.)  eta  zenbait  kultur elkargoaren (Aranzadi Elkartea, Sabino Arana Fundazioa eta Sancho de Beurko Elkartea) laguntzarekin abian ipinitakoa. Ekimenari atxikita dagoen “Goazen gudari danok…” erakusketa, gaur artean Elgoibarko Kultur Etxean ikusi ahal izan delarik, orain Erandiora lekualdatuko da eta, gero, Leioara, Mungiara eta Santurtzira, azkenik, Bilbon  itxiko delarik.