Prentsa oharra 2015ko martxoaren 26a

Sabino Arana Fundazioak bidaia bat antolatu du Pointe de Gravera (Akitania), “Gernika” eta “Libertad” batailoietako gudariei gorazarre egiteko

Aurreikusita dago, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako presidentea izatea ekitaldiko buru

Sabino Arana Fundazioak bidaia bat antolatu du Pointe de Gravera (Akitania), “Gernika” eta “Libertad” batailoietako gudariei gorazarre egiteko

II. Mundu Gerra amaitu izanaren 70. urteurrena dela-eta, Sabino Arana Fundazioak bidaia bat antolatu du, apirilaren 18an eta 19an egitekoa, Pointe de Graven (Akitania), Bordeletik oso gertu, izan ziren guduetan parte hartu zuten “Gernika” eta “Libertad” batailoietako kideei gorazarre egiteko; gudu haietatik gutxira Frantzia erabat askatu zen eta guda-talde alemanak ere errenditu egin ziren. Aurreikusita dago, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako presidentea buru izatea, leku horretan batailoi bietako eroriei eta bizirik geratzen direnei egingo zaien gorazarre-ekitaldian.

Pointe-de-Graveko  borrokak  1945eko apirilaren 14an, larunbatarekin, hasi ziren eta hilaren 20ra arte iraun zuten., “Gernika” batailoiko gizonen  kemena aho batez  goretsi zuten euren arma-lagunek: hura bereziki nabari ikusi zen lehenengo eguneko gudu hilgarrietan, 40 kotan, Montalivet hegoaldean, eta   apirilaren 19an,  ‘‘Blokhaus Y-33’’ garrantzitsua, Soulac-eko iparraldean, hartzeko izan zirenetan. Borroketan bost gudari hil ziren eta beste 23 zauritu. Gudariak ziren, Euskadiren alde eta faxismoaren kontra borrokatzen gure lurretatik kanpo.

Irteera apirilaren 18an, larunbatarekin, izango da, goizeko 7:30etan,  40 kotarantz, Montalivet hegoalderantz,  non euskaldunek eta anarkistek osatutako “Gernika” eta “Libertad” batailoiak nazien tiraniaren kontra borrokatu baitziren eta hitleriar Reich-aren kontrako azken garaipenean parte hartu, demokrazia eta askatasuna basakeriari gailentzea ekarri zuen garaipenean.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako presidentea bertan izatea espero da, batailoi bietako eroriei eta bizirik geratzen direnei leku horretan egingo zaien gorazarre-ekitaldiko buru.

Ondoren, Soulac sur Mer-era abiatuko gara; han urtero,  bizirik geratzen  direnak, gero eta gutxiago badira ere, bertan dagoen oroitzapenezko monumentuan lore-sorta bat ipintzera joaten dira; hain zuzen ere, hura Pointe de Graveko guduan borrokatu eta hil zirenen gomutagarri eregi zen (bunkerrak bisitatu, argazkiak, etab.) 

Gero, Bordelera joango gara hotelean ostatu hartzeko, eta arratsaldeko gainerakoa, libre.

Biharamunean, apirilaren 19an, goizez, Rétaud-era joango gara, han meza bat ospatuko delarik San Troyan elizan, eta gero, zeremonia bat ere bai Nekropoli Nazionalean, non baitaude ehortzita guduan hildako Gernika batailoiko gudariak

Azkenik, Bilbora itzuliko gara.

Bidaia egin nahi dutenak, Sabino Arana Fundaziora, 94.405.64.50 telefonora, deituta apuntatu ahal dira, edo bestela   iruiz@sabinoarana.org e-posta helbidean.