Prentsa oharra 2022ko martxoaren 16a

Sabino Arana Fundazioak Argentinako Egiaren eta Justiziaren aldeko Memoriaren Nazio Eguna ospatuko du martxoaren 24an, Maiatzeko Plazako Amonen eskutik

Bilboko Campos Eliseos antzokian, 19:00etatik aurrera, Estela Barnes de Carlotto elkarteko buruarekiko elkarrizketa batzuk entzungo ditugu; Ignacio Montoya Carlotto piano-jotzaile eta musikagileak musika-emanaldia eskainiko du; eta “Contracciones” (Uzkurdurak) antzezlanaz gozatzeko aukera izango dugu, Marta Betoldi eta Laura Azcurra aktoreen eskutik.

Sabino Arana Fundazioak Argentinako Egiaren eta Justiziaren aldeko Memoriaren Nazio Eguna ospatuko du martxoaren 24an, Maiatzeko Plazako Amonen eskutik

Urtero-urtero, martxoaren 24an, Egiaren eta Justiziaren aldeko Memoriaren Nazio Eguna ospatzen da Argentinan, 1976ko martxoaren 24tik 1983ko abenduaren 10era arte iraun zuen azken diktadura militarraren biktimak gogoratzeko. Urteurren horretan, argentinarrek memoria landu eta gizartearen kontzientzia sortu nahi dute, giza eskubideen urraketak eta estatu-kolpeak berriro gerta ez daitezen.


“Memoria lantzeko kultura. Martxoak 24, Egia eta Justiziaren aldeko Nazio Eguna Argentinan” izenburuaren ildotik, Sabino Arana Fundazioak, Maiatzeko Plazako Amonekin elkarlanean, hainbat ekitaldi antolatu ditu egun horretan, eta guztiak ere Bilboko Campos Eliseos antzokian izango dira, 19:00etatik aurrera.


Ekitaldiaren hasieran, Estela Barnes de Carlotto elkarteburuarekiko elkarrizketa batzuk eskainiko dira. Carlottok bizitzaren erdia baino denbora luzeagoa eman du desagertutako eta bahitutako senideak berreskuratzeko ahaleginetan eta giza eskubideen urraketak salatzen; saioan, memoriaren eta oroitzapenaren garrantziaz jardungo du. Pairatutako  guztiaren memoriaz eta oroitzapenaz, bai eta egindako bidegabekerien erantzuleez ere. Bada, iragana ahaztea biktimak abandonaturik uztea da eta gizeraileen bidegabekeriaren aurrean amore ematea; eta, halatan, bidea zabaltzen da iraganean egindako giza eskubideen urraketak etorkizunean berriro ere gerta daitezen.


Maiatzeko Plazako Amonen elkartea 1977an sortu zen, Argentinako azken diktaduran desagertutako neska-mutil guztiak aurkitu eta jatorrizko familiei itzultzeko helburuz. Erregimen militarrak adin eta gizarte-maila guztietako 30.000 pertsona desagerrarazi zituen. Ehunka haur bahitu zituzten edo euren amen gatibualdian jaio ziren. Haurrak eskuperatzeko plan sistematikoa izan zen. Egindako kalkuluen arabera, militarrak desagertutakoen 500 seme-alaba inguruz  jabetu ziren eta adopzioan eman edo saldu egin zituzten.


Estela Barnes aritu ostean, Ignacio Montoya Carlotto piano-jotzaile eta musikagileak, berreskuratutako 114. bilobak, musika-emanaldia eskainiko du. Azkenik, Laura Azcurra eta Marta Betoldi antzezleek “Contracciones” (Uzkurdurak), amatasunaz eta nortasunaz hausnartzeko antzezlan hunkigarria, eskainiko digute.


Nornahi sar daiteke antzokira, edukia bete arte. Ekitaldia amaitzeko begiz jotako ordua: 20:40.