Prentsa oharra 2023ko irailaren 21a

Sabino Arana Fundazioak Juan Ajuriagerra gogoratuko du bere jaiotzaren 120. urteurrena dela eta

  • Ajuriagerra XX. mendeko pertsonarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da euskal abertzaletasunaren historian, eta bere izaeragatik eta hartu zituen erabaki garrantzitsuengatik nabarmendu zen, erabaki horiek guztiek eragin handia izan zutelako gure Herriaren historian.
  • Eugenio Ibarzabal ekonomialari, kazetari eta idazleak hitzaldia emango du irailaren 21ean, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera, eta bertan, gogoeta egingo du une garrantzitsuetan erabaki politikoak hartzeko zailtasunari buruz.
Hitzaldia: \ Hitzaldia: "Juan Ajuriagerraren inguruko galderak", Eugenio Ibarzabalen eskutik
  • 2023ko irailaren 21a, osteguna
  • 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Sabino Arana Fundazioak Juan Ajuriagerraren jaiotzaren 120. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien barruan, Eugenio Ibarzabal idazle, kazetari, ekonomialari eta politikariak «Ajuriagerraren inguruko galderak» izeneko hitzaldia emango du. Bertan, idazleak une garrantzitsuetan erabaki politiko pisutsu batzuk hartzeko orduan sortzen diren zailtasunei buruzko gogoeta sustatu nahi du. Hitzaldia irailaren 21ean, ostegunarekin, izango da, Sabino Arana Fundazioan (SAF), arratsaldeko 7etatik aurrera.

Ajuriagerra XX. mendeko pertsona esanguratsuenetakoa izan zen euskal abertzaletasunaren historian. Berari eta alderdi jeltzaleko zuzendaritzakideei egokitu zitzaien EAJ-PNV alderdian eta Herri honen norabidean eragin handia izan zuten erabakiak hartzea, gerra hasi zenetik diktadura amaitu arte.

Aurten, 2023an, Ajuriagerraren (1903-1978) jaiotzaren 120. urteurrena eta haren heriotzaren 45. urteurrena bete dira. Hil baino hiru hilabete lehenago, Ibarzabalek elkarrizketa egin zion, eta bilera haren eta, geroago, artxiboetan egindako ikerketaren ondorioz, «Juan Ajuriagerra. El Hermano Mayor», liburua argitaratu zuen 2019an.

Hilaren 21ean, SAFen, egingo duen hitzaldian, Eugenio Ibarzabalek Ajuriagerraren bizitzako hainbat gertakari aukeratuko ditu, “galderak proposatzeko eta hartu behar izan zituen ardurak hobeto ulertzen laguntzeko, alde onak eta txarrak haztatzeko, Ajuriagerraren beraren lekuan jartzen saiatuz, eta guk zer egingo genuken pentsarazteko, denboraren igaroak ematen digun ikuspegitik abiatuta”, adierazi duenez.

Ibarzabalen arabera, “hitzaldiak hausnarketa politikoaren gaineko ariketa izan nahi du, baita bizitza publikoko une jakin batzuetan, kasu honetan, Juan Ajuriagerrak bizi izandakoak, erabaki garrantzitsuak hartzeak dakarren zailtasunaren gainekoa ere”.

Eugenio Ibarzabal

Donostian jaio zen, 1951. urtean. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Bilbon eta ekonomista, kazetari, politikari, aholkulari eta hizlari jardun du.

Deia egunkarian, erredakzio-buru izan zen, Muga aldizkariko koordinatzailea, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusia eta bozeramailea, ETB2ko El Otro Punto de Vista saileko zuzendari eta aurkezlea eta TVEko Punto y Aparte editoreburua izan zen. Geroago, 25 urtetan, aholkulari aritu da erakundeen eta pertsonen  garapena hobetzen eta lantaldeen jarduna errazten.

Juan Ajuriagerraren biografiaz gain, hainbat elkarrizketa-liburu idatzi ditu, besteak beste, Manuel Irujo, Koldo Mitxelena eta Jose Maria Setienekinekikoak, baita garapen pertsonalari buruzkoak ere: Volver a empezar y Vivir. Besteak beste, La Trampa eta Cincuenta semanas y media en Brighton eleberriak idatzi ditu, bai eta gogoeta politikoa pizteko liburu bat ere: Un País a espátula. Bere memoria politikoak argitaratuta ditu: Días de ilusión y vértigo. 2021ean, Los Sota: Esplendor y venganza argitaratu zuen.