Prentsa oharra 2023ko urriaren 20a

Peru Ajuria, lau hamarkadatik gorako aldian EAJ-PNV alderdiaren argazkilari ofiziala izandakoa, «Estu eta larri. Con el agua al cuello» erakusketa bisitatu du Sabin Etxean. Ajuriak parte hartu du erakusketa atontzen, beste batzuekin batera

«Estu eta larri. Con el agua al cuello» erakusketa Sabin Etxeko atartean egongo da ikusgai abenduaren 29ra arte.

Peru Ajuria militante abertzale historikoa eta, lau hamarkadatik gorako aldian, EAJ-PNV alderdiaren argazkilari ofiziala, Sabin Etxean izan da gaur eguerdian, «Estu eta larri. Con el agua al cuello» izeneko erakusketa bisitatzen. 1983. urtean, Euskadi triskildu zuten uholdeen ondorioak gogora ekartzen dizkigu erakusketak, hondamendi haren 40. urteurrenean. Ajuriak erakusketa atontzen parte hartu du, beste batzuekin batera.

Idoia alabarekin eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidentearekin batera, Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatutako erakusketa hori osatzen duten 400 bat argazkiz hornitutako hamabi panelak gainbegiratu eta bideoa ikusi du. Hain zuzen ere, Peru Ajuria dugu argazki horietako askoren egilea, eta beste argazkilari ospetsu batzuen irudiak agertzen dira erakusketan, besteak beste, Ángel Ruiz de Azuarenak (DEIA sortu zenetik erretiroa hartu arte, egunkariaren argazki-arduraduna eta Planeta sariduna, uholde haiei buruzko irudi ikoniko bat egiteagatik), eta Ricardo Suso argazkilari amateurrarenak. Blas Bermudez kazetariak prestatu ditu erakusketaren kariz egin den katalogoaren testuak. «Estu eta larri. Con el agua al cuello» erakusketa Sabin Etxeko atartean egongo da ikusgai abenduaren 29ra arte.

Peru Ajuriak ez zuen joaterik izan erakusketaren aurkezpenera irailaren 29an, osasun- arazoak zirela eta, baina jeltzaleen egoitzara gaur egindako bisita baliatu du lagunak agurtzeko.

Nabarmentzekoa da Ajuria, Sabino Arana Fundazioaren biziarteko ohorezko patronatukidea, 40 urtetik gora bildutako argazki-funts zabala eman ziola dohaintzan Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiari eta Museoari, Parisko, Iparraldeko eta Caracasko (Venezuela) erbesteladian gordetako dokumentazio ugaria ere.