Prentsa oharra 2016ko abenduaren 5a

Mende berriko eskola: kulturartekotasuna

Gabonetako txartelak eskuz lantzen

Mende berriko eskola: kulturartekotasuna

Artxandape ikastolako DBHko 3. eta 4. mailetako lau ikastaldek “Mende berriko eskola: kulturartekotasuna” izeneko tailerrean parte hartuko dute abenduaren 15ean. Antton Irusta filologo, ipuin-kontalari eta euskal idazleak emango du tailerra. Teknologia berriak (SMS, WhatsApp, Facebook, Twitter…) bazter utzita, ikasleek eskuz, betiko eran egin izan den moduan, landuko dituzte Gabonetako txartelak Antton Irustaren eskutik.

Gure egunotan, gero eta ohikoagoa da zorion-agur edo-mezuak bitarteko teknologikoak erabiliz bidaltzea, baina zorion-txartela ukitu daitekeen euskarria da, denboran irauten du, eskuz egiten da eta, horregatik, igorlearen arrastoa edo aztarna geratzen da, beraren idazkera eta txartelean idatzitako gogo eta sentimenduak. Horrez gain, kontuan hartzen badugu txartelak eskuz margotzen direla, ardura eta arreta handiz, opari paregabeak dira, denboran eta gogoan irauteko moduko erregalu bikainak: azken batean, bihotzeko lagunei oparitzeko egiazko bitxiak.

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Euskaltelen laguntzaz antolatutako tailer horretan, alde batetik, herri honetako kultur balioak goraipatu nahi dira eta, bestetik, mundu globalizatu honetan, euskal nortasunari eusteko ahalmena nabarmendu nahi da, euskaldunok berezko ohiturak iraunarazteko adorean oinarrituta.