Prentsa oharra 2023ko abenduaren 1a

EUSKAL KULTURAREN MEMORIA: ARTE ESZENIKOAK

XX. mendeko zinemagintza eta antzerkigintza: ahaleginaren ahaleginez

Itziar Urtasun, Iñaki Goiogana, Aitziber Atorrasagasti, Xabier Lopez Askasibar, Aizpea Goenaga eta Mireia Zarate. Itziar Urtasun, Iñaki Goiogana, Aitziber Atorrasagasti, Xabier Lopez Askasibar, Aizpea Goenaga eta Mireia Zarate.

Sabino Arana Fundazioak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean sortu ziren euskal kultur adierazpenen memoria aldarrikatzeko helburuz urtero-urtero antolatzen dituen jardunaldien esparruan, aurten, Bilboko Udalarekin lankidetzan, arte eszenikoen memoria aztertu da: antzerkia eta zinema, Hego eta Ipar Euskal Herrian eta erbestean.

«Euskal antzerkiaren eta zinemagintzaren nondik norakoak XX. mendean» izenburuaren ildoan, ondokoek parte hartu dute jardunaldian: Aizpea Goenaga zuzendari, aktore, gidoilari eta idazlea; Josu Martínez zinemagilea eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea; Aitziber Atorrasagasti SAREA –Euskadiko Antzokien Sarea– antolakundeko kidea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria; eta Xabier López Askasibar, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Dantzerti-Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolako kide eta kultur adierazpide eta mugimendu askotako ordezkaria.

Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak, Itziar Urtasunek hasiera eman diote topaldiari.

Aurreneko hitzaldian, Aizpea Goenagak euskal antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen XX. mendeko garapena nabarmendu du. Ildo horretan, gogorarazi digu «Euskal Pizkundeari lotuta, euskarazko antzerkigintzak izan zuen gorakada eta 60ko hamarkadako antzerkiaren modernitatea bazter utzita, euskal antzerkia XX. mendearen amaieran profesionalizatu zen eta orduan hasi zen berritzen. Eta horretan, beste bi hizkuntzaren alboan bizi, hazi eta garatu behar izan du, eta behin-behinekotasunez beteko uneak pairatu behar izan ditu», adierazi du Goenagak.

«Zorionez, mugarik gabeko antzerkizaletasuna izan duten goi-mailako profesionalen eskutik, sormen-lan ikusgarriak ondu ditu euskal antzerkigintzak. Eta gauza bera gertatu da ikus-entzunezkoen arloan, sektore horretan diharduten profesional apartek sekulako ikusgaitasuna eman baitiote gure zinemari», ziurtatu du.

«Antzerkiak nahiz ikus-entzunezkoek asko eman diote euskal kulturari, eta oraindik askoz gehiago dute eskaintzeko», esan du.

Beste alde batetik, Josu Martinezek «zazpigarren arteak» euskal kulturarekin eta euskararekin dituen harremanak aztertu ditu; horretarako, hamarkadaz hamarkadako ibilbidea jorratu du, euskaraz sortutako irudizko lanen historiaren kartografia osaturik.

EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak eta zinemagileak Euskal Herria oso-osoan  (Hegoaldea eta Iparraldea) eta diaspora izan ditu hizpide. Era berean, liburuetan aipatzen ez diren euskal zinemagintzako protagonisten lana nabarmendu du, bereziki, garai zaharretako emakumezko zinemagileena. Azkenik, Euskal Herrian XX. mende osoan izan den egoera politiko-administratiboz hitz egin du, «euskaldunek filmatutako lan gehienak, 80ko hamarkadara arte, bereziki, amateurrak edo ez-profesionalak izan direlako».

Mintegiari azken aemateko , mahai-ingurua egin dute Aizpea Goenagak eta Josu Martinezek, SAREAko kide eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria¡ Aitziber Atorrasagastik eta Dantzertiko Xabier López Askasibarrek.