Prentsa oharra 2016ko irailaren 26a

IX. Bilboko elkarrizketak: Bakearen erronka Kolonbian, Venezuelako egoeraren larritasuna eta Latinoamerikako hauteskundeek zedarritutako aldaketa eta joerak aztergai IX. Bilboko Elkarrizketetan

Sabino Arana Fundazioak eta Europako Alderdi Demokratak “Bilboko IX. Elkarrizketak” antolatu dituzte. Aurten, jardunaldi horiek urriaren 3an eta 4an egingo dira fundazioaren egoitzan (Mandobide, 6. Bilbo) eta honako izenburu hau izango dute: “Eraldaketa politiko eta sozialak Latinoamerikan”.

Bi egun horietan, Latinoamerikako eta Europako politikariek eta hainbat adituk Latinoamerikako herrialde nagusietako batzuetan gertatzen ari diren politika- eta gizarte-aldaketak aztertuko dituzte, bai eta Europarekiko harremanak ere.

Horretarako, besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Guillermo León Escobar jauna, Kolonbiako enbaxadorea Egoitza Santuaren aurrean; Enrique Santiago jauna, Kolonbiako bake-prozesuaren inguruko lege-aholkularia; Luis Ugalde josulaguna, Caracasko (Venezuela) Hezkuntza Gogoeta eta Plangintzaren Erakundeko zuzendaria; Salvador Arriola jauna, Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko ordezkaria; Carmen Beatriz Fernández DataStrategia Consultores enpresako presidentea; eta Gutenberg Martínez, Miguel de Cervantes Unibertsitateko errektorea eta Txileko Alderdi Demokrata Kristauaren aholkulari nazionala.

EAJ-PNV alderdiaren EBBko lehendakari eta PDE-EDPko presidenteorde Andoni Ortuzarrek emango du hasiera-ekitaldia, urriaren 3an, arratsaldeko 4etan.

Hasiera-ekitaldiaren ostean, lehen mahai-inguruan, honako hizlari hauek jardungo dute: Salvador Arriola, Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko ordezkaria, eta Gutenberg Martínez, Miguel de Cervantes Unibertsitateko errektorea eta Txileko Alderdi Demokrata Kristauaren aholkulari nazionala. Biek ala biek ondoko gaia jorratuko dute: “Latinoamerikako hauteskundeek zedarritutako aldaketa eta joerak. Alternatiba politikoen zergatiak eta ondorioak eta integrazio-prozesuak”. Mª Eugenia Iparragirre senatariak moderatzaile jardungo du parte-hartzaileen arteko eztabaida-saioan.

Hurrengo egunean, urriaren 4an, Enrique Santiago eta Guillermo León Escobar jaunek ondokoei lotutako gaiak jorratuko dituzte: “Negoziazioa, adiskidetzea eta bizikidetzaren eraikuntza. FARC-ELN-Gobernua-Oposizioa. Narkotrafikoaren eragina eta horren aurkako borroka bakegintza-prozesuan”. Monika Hernandok, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariak moderatzaile jardungo du parte-hartzaileen arteko eztabaida-saioan.

Amaitzeko, azken mahai-inguruan, hirugarrenean, ondoko gaia aztertuko dute hizlariek: “Nola eraiki Venezuela berria Chavismoaren hondakinetatik?”. Hitzaldian, Luis Ugalde josulagunak, Caracasko (Venezuela) Hezkuntza Gogoeta eta Plangintzaren Erakundeko zuzendariak, eta Carmen Beatriz Fernández andreak, DataStrategia Consultores enpresako presidenteak, parte hartuko dute eta Iñaki Anasagastik moderatzaile jardungo du.  

Sabino Arana Fundazioak kudeatuko ditu hedabideek jardunaldietako parte-hartzaileei egin nahi dizkieten elkarrizketak