Hitzaldia 2022ko azaroaren 11a

Euskadin azken hamarkadetan gertatu diren eraldaketa handiei buruzko zikloak «Eraldaketa administrazioan» gaia jorratuko du

  • Ina Etxebarria, Getxoko Udaleko idazkari nagusia, eta Javier Bikandi, Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria, arituko dira.
  • Ostiral honetan, 17: 30etik aurrera, Sabino Arana Fundazioan. Sarrera librea, bertaratzea aurretiaz baieztatuz gero: 94.405.64.50 · idazkaritza@sabinoarana.eus
Eraldaketa Administrazioan. Eraldaketa Administrazioan.
  • 2022ko azaroaren 11a, ostirala
  • 17:30h -(e)tik 20:00h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» hitzaldi-zikloaren esparruan, ostiral honetan, azaroak 11 dituela, 17:30etik aurrera, «Eraldaketa Administrazioan» deritzon gaia aztertuko dugu.

Horretarako, Javier Bikandi Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendariak eta Ina Etxebarria Getxoko Udaleko idazkari nagusiak jardungo dute.

Javier Bikandiren hitzaldiak Eusko Jaurlaritza Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Planetan garatzen ari den estrategia, jarduerak eta tresnak izango ditu hizpide, digitalizazioa euskal gizartea eraldatzen ari den aroa aintzat hartuta. Herritarrak ditugu Gobernantza eta Berrikuntza Planen subjektu, helbururik behinena kalitatezko zerbitzu publikoak eraginkortasunez eta gardentasunez ematea baita. Eta horretarako, ezinbestekoa da, gutxienez, eraldaketa hirukoitza bururatzea: araudi-, antolaketa- eta teknologia-arlokoa.

Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendariaren mintzaldia Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitaleko Plan Estrategikoaren (ARDATZ 2030) hedapenean oinarrituko da. Plan horren ardatza 2030 Agendaren GJHek (Garapen Jasangarrirako Helburuak) osatzen dute, pertsona guztientzako zerbitzu publiko jasangarriak, barneratzaileak eta bidezkoak eskainiz, toki guztietan, inor atzean utzi gabe.

Beste alde batetik, Ina Etxebarriak Euskal Autonomia Erkidegoaren erakundetze-ibilbideari helduko dio 1975etik gaur egunera arte, eta gure erakunde-sarearen funtsezko elementuak azalduko ditu, bai eta horien arteko oreka eta erakunde-sare horren arrazoi juridiko-politikoa ere.

Era berean, administrazio publikoaren eremuan gertatu den eraldaketa azaldu eta balioetsiko du, eraldaketa hori, besteak beste, erakunde berriak sortzearen eta erakunde horiek zerbitzuak eman behar izatearen emaitzaz jaso delarik.