Prentsa oharra 2014ko irailaren 16a

“Goazen gudari danok…”ek San Migeleko guduaren bost ikuspuntu bildu ditu liburu batean

San Migeleko gudua gai hartuta, Patxi Juaristi soziologoak, Aitor Estebanek eta Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak eta Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariek dibulgazio historikoko liburu bat idatzi dutelarik, “GOAZEN GUDARI DANOK… Askatasun-bidean Zirardamendi, Aiastia (San Migel), Elgoibar, 1936” ekimenaren egitarauaren barruan aurkeztu da.

“Goazen gudari danok…”ek  San Migeleko guduaren bost ikuspuntu bildu ditu liburu batean

Liburuak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak idatzitako hitzaurreaz gain, bost kapitulu ditu, egile bakoitzak bana eginda. Lehenengoan Iñaki Goioganak  gerra Gipuzkoan nola izan zen idatzi du: hasietarik eta  1936ko irailaren azkenetara arte. Patxi Juaristik, bere aldetik, 1936ko irailaren 21a eta urriaren 6a bitartean Zirardamendin eta inguruetan agitu ziren gertaerak jaso ditu. Hirugarrenean, Aitor Estebanek,  zein Zirardamendin hustutako hobi batean identifikatutako gudarietako baten senidea baita, azterlan historiko bat egin du, guda-talde matxinatuak Bizkairantz egiten ari ziren aurreratze ordura arte geraezina geldiarazteko funtsezko izan zen gudu hartan borrokatu zen unitateari (Arana Goiri batailoiko Garaizabal konpainia) buruzkoa. Laugarren kapitulua Josu Chueca historialariak gertatu du, bertan mintzatzen delarik  frontea egonkortzea ahalbidetu zuenaz,  lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eratzeaz eta Agirre lehendakariaren gobernuak garatutako zereginaz. Azkenik, Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak Zirardamendin Aranzadi elkarteak  egindako hobi-hustutze lanei buruz idatzi du. 

 “Goazen gudari danok…” ekimena Elgoibarko Udalak bultzatu du, Bizkaiko udal batzuen laguntzarekin eta zenbait erakunderekin elkarlanean, besteak beste: Aranzadi elkartea, Sabino Arana fundazioa eta Santxo de  Beurko elkartea,  eta beraren helburua da gorazarre egitea, bere ondorioengatik Gerra Zibilean  euskal lurraldean agitutako gudurik garrantzitsuenetako batean parte hartu zuten gudari eta miliziano haiei. Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar fronteaz ari gara. Gertaera beliko hartan euskal gazte zenbaitek matxinatuen aurrerakuntza geraraztea lortu zuten; gazte haietako gehienek lehenago gerra-armen gainean zuten ezagutza guztia soldadutza garaikoa zen, eta hori, hura egina zutenen kasuan. Altxatuak atseden barik ari ziren aurrera egiten eta, beraiei jarki eginez gero, dena suntsituko zutela mehatxatuz, esku-orri barreiakorretan eta irrati-estazio matxinatuen emanaldietan esaten zen bezalaxe. Ezarri zuten jarkierak balio izan zuen faxisten aurrerakuntza gerarazteko eta  denbora irabazteko, gero, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirrek  bere kargua zin egin ahal izateko, lehenengo Euzkadiko Jaurlaritza  hura eratzeko eta horrela  euskal autonomia jarduten hasteko.

Armada bat antolatu zen, antolatu ziren, baita ere, laguntza-sare bat, milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituena, unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab.  Lehenengo Eusko Jaurlaritzak  hori guztia  eregi zuen 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean. Hori ezinezkoa izango zen, baldin eta Agirrek bere kargua zin egiterik izan ez balu.  Horrenbestez, bada, ez da faltsua ez gehiegikeria esatea ze  Agirreren  zereginari eutsi zioten zutabeetako bat Zirardamendin borrokatu ziren gudari haiek bermatu zutela, beraietako batzuk heroikoki bizia ere galduz, 36ko gerran Euskadiko kaleetan eta mendietan borrokatu ziren beste guztiekin batera, alegia. 

Denbora gutxiren barruan gertaera garrantzitsuak jazo ziren Euskadin. EHUko aipatu irakasleek (Juaristi, Chueca eta Etxeberria) Sabino Arana Fundazioaren kolaboratzaileek (Goiogana eta Esteban)  elkar hartuta  burutu duten lanaren asmoa da, orduan gertatu zena gogoratzea, gogora ekartzea eta memoria historikoa egitea,  ezen ez baita ahanzturaren lausoan  aienatu behar, izan ere hile haiek gure nazioaren  norabidea aldatu zuten 

Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan María Atutxak esan zuen bezala “gogoratzea da berriro bihotzera itzultzea”, eta horixe da liburuaren azken xedea: euren lurra defenditzera  beharturik egon ziran euskaldun haien belaunaldiaren  egitandia eta eskaintza  gomutatik bihotzera eta bihotzetik gogoetara eramatea”. 

LIBURUAREN AURKEZPENA, EGITARAU ZABAL BATEN ATAL BAT

Lanaren aurkezpenarekin batera zenbait ekitaldi antolatu dira gertaera historiko garrantzitsu harekin zerikusi dutenak, hain zuzen ere “Goazen gudari danok…” ekimenaren parte ere badirela: 

Lehenengo ekitaldia uztailaren 13an egin zen. Gudari haien hogeita hamar bat senitartekok  gudariek 1936ko irailaren 24an egin zuten  ibilbide berdina egingo dute datorren igandean, hau da: Patronatutik, Bilboko Zazpikaleak auzotik, irten eta Aiastiako (San Migel) fronterantz: Atxuri – Durango – Eibar – Ermua – Mallabia – Trabakua – Markina – Urkaregi - Aiastia (San Migel). Leku horrexetan, “Elgoibar 1936” elkartearen ekimenez eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, 2012an Aranzadi Zientzia Elkarteak, gudu hartan hildako gudariak lurperatuak izan ziren hobi komun bat hustu zuen.

- Irailaren 4an Elgoibarko Kultur Etxean erakusketa  bat inauguratu zen, eta irail honen 21era arte egongo da jendearentzat zabalik. Erakusketan ikusi ahalko dira Euskadiko  1936ko gerrari buruzko zenbait  azalpen-kartel, sasoi hartako gauzakiak, jantziak, argazkiak, etab.

- Datorren ostegunean, irailaren 18an, aipatu gipuzkoar herriko Herri Antzokian, “Goazen gudari danok…” dokumentala estreinatuko da; Azpeitiko eta Elgoibarko aurkintza zenbaitetan filmatu da eta fikzioa eta birsortze historikoa elkartzen ditu, zenbait aditurekin eta gudu hartako lekuko zenbaiten testigantzekin batera.

- Azkenik, irailaren 21ean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, gorazarrea egingo zaie gudariei honako ekitaldi hauekin: lore-eskaintza gudarien hobien aurrean; Ertzaintzaren musika-bandaren emanaldia, eta  Gernikako Arbolaren kimu bat landatzea, besteak beste.