Prentsa oharra 2016ko apirilaren 5a

“Gazteen enplegua: esperientziak eta etorkizuna” aztergai

Arlo horretako berrogeita hamar bat adituk, hala nola, unibertsitateko katedradunek, erakundeetako ordezkariek, eta enpresa eta gazte elkarteetako ordezkariek aztertuko dituzte, besteak beste, egungo erakundeek zer-nolako aldaketak izango dituzten aztertuko dute eta, aldaketon ondorioz, etorkizun hurbilean sortu beharko litzatekeen enplegu-motaz eztabaidatuko dute.

Sabino Arana Fundazioak, Europako Parlamentuarekin, Europar Demokraten Institutuarekin (IED) eta Novia Salcedo Fundazioarekin elkarlanean, “Gazteen enplegua eta etorkizuna Euskadin” izeneko mintegia antolatu du. Saioa datorren ostiralean egingo da, apirilaren 8an, Bilbon, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, goizeko 9etatik eguerdiko 1:30era.

Jardunaldian, hiru mahai-inguru antolatuko dira eta, haietan, gazteentzako enplegua etorkizunean sustatzeko helburuz, gure gizartean gertatu behar diren aldaketa nagusiak aletuko dira; Europako beste herrialde batzuetan gazteentzako enpleguaren arloan bultzatu diren ekimenak aztertuko dira; eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko liratekeen politikak aztertuko dira, bertako gizarte-, ekonomia-, enpresa- eta hezkuntza-ezaugarriak kontuan hartuta. 

Lehen mahai-inguruan, “Balioak, hezkuntza eta enplegua” izenekoan, ondokoek parte hartuko dute: Alcalako Unibertsitateko Ekonomiako katedradun Santiago García Echevarria jauna eta Novia Salcedo Fundazioko zuzendari Begoña Etxebarria andrea. Partaideen arteko ondoko eztabaidan, UPV-EHUko Gizarte Psikologiako katedradun emeritu Sabino Ayestarán jauna arituko da moderatzaile. 

Bigarren mahai-inguruan, “Europako esperientzia arrakastatsuak” izenekoan, ondokoek parte hartuko dute: Norvegiako enbaxadore Johan Vibe jauna, eta Prospektiker erakundeko soziologo Raquel Serrano andrea. Ondoko eztabaidan, Europako parlamentuko kide Izaskun Bilbao andreak jardungo du moderatzaile. 

Azkenik, hirugarren mahai-inguruan, “Zer egin daiteke gurean?” deritzon gaia jorratuko da. Mahai horretan, ondokoak arituko dira eztabaidan: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Adolfo Alustiza jauna; Confebask erakundeko Virginia Múgica andrea; Innobasque erakundeko Enpresak Eraldatzeko Ataleko zuzendari José Luis Jiménez Brea jauna; Ekonomiako katedradun eta Enpleguaren Behatokiko zuzendari Sara de la Rica andrea; eta Deustuko Unibertsitateko Orkestra Institutuko ikertzaile Henar Alcalde andrea. Azkenak moderatzaile jardungo du.

Aurrekoez gain, arloko berrogeita hamar bat adituk parte hartuko dute jardunaldian, besteak beste, unibertsitateko katedradunek, erakundeetako ordezkariek edo enpresa eta gazte elkarteetako ordezkariek.